“Pandemia honek aldatu egingo gaitu”. Azken ia urtebeteko mantra da. Eta askotan beste hamaika sinbolo eta lelo huts izan ditu lagun ezer esaten ez duen esaldi horrek, ostadarrak eta kapitalismo emozionalaz blaitutako mezuak berbarako, hala nola krisi guztiak aukera bat direla esaten dutenak. Aukera dira, bai, baina ez ezinbestean hobetzekoa; beherago jausteko, hondoa jotzeko aukera –arriskua, kondena– ere izan daitezke eta dira. Ostadarrek itsutu ez dituztenak ikusiko dute hori.
Orain arte bizitakoak erakutsi digunez, pandemiak txarrera aldatu du dena; jendea hil du, lehenik eta behin, eta ataka gaitzean jarri du ongizate estatua deritzon horren habe usteldu eta, kasuan-kasuan, utzietsiak. Sortzaileak eta horiei bide egiten dieten areto eta espazioak, hala nola museoak, liburu dendak, kontzertu aretoak eta zinemak, ere gogor jo ditu covid-19ak, berorien jarduna aldarazi du; ez hoberako, horien kasuan ere. Bezero-erabiltzaileen kopurua nabarmen jaitsi edo, kasu batzuetan, desagertu egin da, eta egokitu egin behar izan dira asko eta asko, bizirauteko.