Duela urtebete pandemiak gure bizitzak hankaz gora jarri zituenetik, mundua nolabaiteko pausa egoera batean sartuta dago. Koronabirusak ia dena irentsi du, eta ezer gutxi hitz egiten da lehen ere hor zeuden eta oraindik ere hor dauden arazoez. Covid-19a ez da heriotzak eragiten dituen kausa bakarra. Zoritxarrez, oraindik ere gertatzen dira bihotzekoak, iktusak, minbiziak, istripuak eta suizidioak, batzuk aipatzearren.
40 segundoan behin pertsona bat hiltzen da munduan bere buruaz beste eginda, Munduko Osasun Erakundeak emandako datuen arabera. 2018an, Espainiako Estatuan, 3.539 pertsona hil ziren suizidioaren ondorioz eta 1.896 trafiko istripuetan. INE Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako azken datuak dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, 163 suizidio kasu izan ziren eta 39 pertsona hil ziren errepideetan, eta Nafarroan, berriz, 59 eta 33, hurrenez hurren.
Aintzat hartu behar da baieztatutako suizidioak baino ez direla erregistratzen. Hala ere, oso uste zabala da benetan suizidioaren ondorioz hildakoak askoz ere gehiago direla eta horietako asko istripu edo intoxikazio gisa zenbatzen direla. Are gehiago, suizidioa da naturala ez den lehen heriotza arrazoia Espainian. Hildako bakoitzaren atzean, kaltetu asko eta sufrimendu anitz dago.