“Telefono bidezko arretak lagundu digu neurri handi batean”
Telefono bidezko kontsulta ez da berria, covid-19aren pandemia izan baino lehen medikuek bizpahiru kontsulta izaten baitzituzten egunero agendan, baina pandemiarekin biderkatu egin dira. Horrek berritu eta ikasi beharra ekarri digu, eta baita muga batzuk ere.
Pandemia hastearekin batera erabaki zuten osasun zentroetan arreta telefonikoa izango zela nagusi, gaixoen joan-etorriak murrizteko, eta garai batean aurrez aurrekoak ziren kontsulta guztiak edo gehienak telefono bidez bideratu dira urtebetean.
Horrek aldaketa handia ekarri du. “Telefono bidezko arretak lagundu digu neurri handi batean; batetik, koronabirusa izan dezakeen gaixoa beste zirkuitu batzuetara eramateko, eta, patologia hori susmatzen ez dutenen kasuan, beste ordu edo leku batean artatzeko”, esan digu Ruben Garcia Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria Elkarteko presidentea eta Osakidetzako pediatrak.
“Baloratzen dugu noraino den beharrezkoa etortzea edo ez, gauza batzuk etxetik kontrola ditzakegulako eta arreta jarraitua emateko balio du; hala ere, telefono bidezko arretak ez du baztertzen aurrez aurreko arreta, eta kontsulta asko, hasierako deiaren ostean, aurrez aurre egin beharrekoak izaten dira.
Telefono bidezko kontsultak mediku baten eguneroko agendaren % 5-15 ziren pandemiaren aurretik; pandemia garaian, berriz, % 70-90 izan dira momentu batzuetan. 2020ko datuak aurreko urteko datuekin alderatuz gero, kontsulta kopuruak behera egin du ospitaleetako larrialdi eta kanpo kontsultetan, eta Lehen Mailako arretan, aldiz, gora.
“Gizarte sareetan, komunikabideetan, faltan bota dugu erakundeen babesa argiago esateko Lehen Mailako Arretan ez dabiltzala lan gutxiagorekin, baizik eta kontrakoa, kontsultak eta lanak handitu egin baitzaizkigu 2020an zehar”, azpimarratu du Ruben Garciak.
Osakidetzako pediatraren esanetan, aurrez aurrekoen eta telefono bidezkoen arteko erlazioa aldatu da, “baina, berez, jarduera kopurua handitu egin zaigu, horrek dakarren lan karga eta nekearekin”.
“Jendeak askotan pentsatzen du telefono bidezko arretak denbora gutxiago eskatuko digula, eta gure agendak zabaldu daitezkeela telefono dei pilo bat egiteko; gainera, errazagoak ere ez dira izaten berez”, horren hitzetan.
Zentzu horretan, “gure agendek ez dute mugarik, eta hori kalitatez eta segurtasunez lan egiteko arazo izugarria da. Pandemian zehar, 40, 50, 60 pazienteko egunak ere izan ditugu”, azaldu du.
Abendu-urtarriletik telefono bidezko deien portzentaje horiek aldatzen joateko eskatu die Osakidetzak medikuei, aurrez aurreko kontsulta kopuruak handitzeko. “Hori olatu baten erdian egitea ere zaila da, askotan antolamendu arazoak sortzen dituelako. Izan ere, zuk zenbakiak sartu ahal dituzu agendetan, baina gero antolamendu eta tarte mugatuak ditugu”. Hala ere, ikasten eta hobetzen joan direla aitortu du Garciak, eta “hori pandemia honetatik atera dezakegun ikasketetako bat da”. “Gure agendak autonomia handiagoz kudeatzeko aukera eman digu, eta ohikoak genituen baina gainetik pasatzen genituen beste kontu batzuetan sakontzeko aukera ere eman digu”, gaineratu du.
Okerrik izan den galdetuta, “baliteke okerrak egon izana”, Garciaren esanetan, baina “ez dut uste hori zenbakietan esanguratsua izango denik”. Diagnostikoen atzerapenetan, esaterako, “komentatu izan da minbizi mota batzuen kasuan diagnostikoak atzeratu direla covid-19aren ondorioz, baina ez daukagu datu zehatzik oraindik. Esango nuke helduen artean hori agian gertatu dela gehiagotan, baina, nire aburuz, hori ez da umeen artean gertatu”.
“Hala ere, pandemiaren beste gauza batzuekin gertatu bezala, honekin ere egin daitezkeen edo egiten ari diren ikerketek esango digute benetan noraino diren baliagarriak telefono bidezko kontsultak: berdin balio dute? balio dute gauza batzuetarako eta beste batzuetarako ez? zeozer uzten ari gara atzean, arreta hau horrela emateagatik? Hori denborak eta bereziki zenbakiek esango dute”, gaineratu du Ruben Garciak.