Athletic club
3-1
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak emaitza iraultzea lortu du, eta 3-1 irabazi dio Nunok zuzentzen duen taldeari. Parejok sartu du Valentziaren gola. Athleticen Laporte, Susaeta eta Aduriz izan dira golegileak.
Athleticeko jokalariak Laportek Valentziari sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE
Albisteak (3)
galeriak (1)
Athleticek garaipen garrantzitsua lortu du Valentziaren aurka (3-1) San Mamesen. Hiru puntuak eskuratu ostean, talde zuri-gorriak arnasa hartzen du BBVA Ligako sailkapenean, geldialdiaren aurretik.
Lehen zatia erritmo biziarekin hasi da, eta Athleticek eman du lehen abisua. Lehen jokaldian, Beñatek jaurtiketa ona egin eta Domenech atezainak erantzun bikaina eman dio. Valentziaren erantzuna, 16. minutuan iristi da. Feghoulik area kanpotik jaurtiketa indartsua egin du, eta Iraizozek baloia desbideratzea lortu du gelditu bikain baten bitartez. Lehia parekatuta egon da hasierako minutuetan, baina Valentziak sartu du partidako lehen gola. Parejok falta bat maisuki jaurti eta 0-1ekoa egin du.
Gola sartu ostean Valentzia izan da baloiaren jabe, baina Athleticen ate inguruan arrisku handiegia sortu gabe. Zuri-gorriei kosta egin zaie Valentziaren gola barneratzea, baina pixkanaka partidan sartzen hasi dira berriro. Valverdek zuzentzen duen taldeak erasora jo du berdinketaren bila eta saria 33. minutuan iritsi zaie. Beñatek kornerra erdiratu, Valentziako defentsak ukitu eta Laportek sare barrura bidali du errematea (1-1).
Berdinketarekin Athletic berriro nagusi izan da, eta bigarren gola sartzeko aukera izan du atsedenaldira iritsi baino lehen, baina Raul Garciak ezin izan du area barruan errematea egin.
Bigarren zatiaren hasieran Negredok Valentziaren bigarren gola sartzeko abagune bikaina izan du, baina Iraizozi izkin egin ostean jaurtiketa langa gainetik kanpora bidali du. Jarraian, Athleticeko atezainak erantzun bikaina eman dio hegaletik etorri den erdiraketa bati.
Valentzia nagusi izan da atsedenaldiaren osteko lehen minutuetan. Athleticek momentu txarrak pasa ditu partidako tarte horretan, baina talde bizkaitarra unerik txarrenean egon denean, zuri-gorriek jokaldi bikaina egin dute 60. minutuan eta Susaetak 2-1koa sartu du. Adurizek pase dotorea eman dio jokalari eibartarrari eta honek ez du barkatu Domenech atezainaren aurrean.
Markagailuan aurrea hartu ondoren, Athletic berriro nagusi izan da. Valverdek zuzentzen duen taldea baloiaren jabe egin da, eta aurkariaren ate inguruan arriskua sortzen hasi da. Horrela, 69. minutuan, Raul Garciak pase bikaina eman dio Adurizi eta Athleticeko aurrelariak 3-1koa sartu du.
Azken minutuetan, Valentziak ez ditu abagune argiak sortu eta Athleticek ez du emaitza mantentzeko arazorik izan.
Fitxa teknikoa:
3 - Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San Jose, Beñat (Mikel Rico, 87. min; Susaeta, Raul Garcia (Eraso, 84. min), Williams (Sabin Merino, 71. min); eta Aduriz.
1 - Valenzia: Jaume Domenech; Cancelo, Mustafi, Vezo, Orban; Javi Fuego, Parejo, André Gomes (Rodrigo, 82. min); Feghouli, Bakkali (Rodrigo de Paul, 65. min) eta Negredo (Alcacer, 65. min).
Golak: 0-1, 20. min: Parejo. 1-1, 34. min: Laporte. 2-1, 60. min: Susaeta. 3-1, 69. min: Aduriz.
Epailea: Estrada Fernandez.
rada Fernandez.Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa