Politika
OSASUNA
EITB MEDIA | AGENTZIAK
EAJk, PSE-EEk eta Voxek beren botoak batu dituzte EH Bilduk aurkeztutako proposamena atzera botatzeko. Gobernua osatzen duten alderdien esanetan, zerbitzua indartzeko neurriak hartzen ari dira jada.
Eusko Legebiltzarra
Albisteak (4)
Informazio gehiago (1)
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du Lehen Mailako Arretaren egoerari buruzko batzordea osatzeko EH Bilduk aurkeztutako proposamena, EAJren, PSE-EEren eta Voxen botoekin.
Osasun Batzordearen baitan ponentzia bat eratzea zen EH Bilduren asmoa, sektoreko adituekin eta langileen ordezkariekin elkarlanean "Lehen Mailako Arreta garai berrietara egokitzeko" beharrezkoak diren neurriak aztertzeko.
Legez besteko proposamen gisa eraman dute gaia Gasteizko ganberara. Eztabaidaren osteko bozketan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk soilik eman dute aldeko botoa, EAJk, PSE-EEk eta Voxek aurka bozkatu dute. PP+Cs, ostera, abstenitu egin da.
Gobernua sustengatzen duten EAJk eta PSE-EEk covid-19ak osasun sisteman izandako eragina onartu badute ere, ez dute uste beharrezkoa denik batzordea sortzea. Are gehiago, Lehen Mailako Arreta indartzeko neurriak hartzen ari direla nabarmendu dute.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak eztabaidan zehar adierazi duenez, ezinbestekoa da "premiazko" neurriak hartzea Lehen Mailako Arretako lantaldeak eta zerbitzuak indartzea. Haren esanetan, pandemiak "azken errematea" eman dio zerbitzuari eta langileak "ahituta eta ilusiorik gabe" daude. Ildo horretan, EH Bildu prest agertu da Lehen Mailako Arretako arazoei aurre egiteko neurririk egokienak zein diren "eztabaidatzeko eta negoziatzeko".
Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak azaldu duenez, Lehen Mailako Arretari eragiten dioten "gabezia eta hutsune" pandemiaren aurretik ere bazeuden, baina covid-19ak "agerikoagoak eta ikusgarriagoak" egin ditu. Haren ustez, beharrezkoa da egin beharreko aldaketen inguruko hausnarketa egitea, eta, horregatik, "egokia" dela iritzi dio batzorde bat sortzea.
Itxaso Berrojalbiz EAJtik mezu "alarmistak" ematea leporatu dio EH Bilduri, "errealitatetik oso urrun" dagoen egoera bat deskribatuz. Berrojalbizek aitortu du bistakoa dela pandemiak "kalteak" eragin dituela osasun sisteman eta Lehen Mailako Arretan. Hala ere, ez du uste "kaos" egoera bat pairatzen ari denik, zerbitzua erronka berrietara "egokitzen" ari dela baizik.
Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkidearen arabera, Lehen Mailako Arreta osasun sistemaren "funtsezko oinarria" da eta osasun publikoaren "ekitatea eta irisgarritasuna" lortzeko, berriz, lagungarria. Ricok gogorarazi duenez, osasun sistema osoaren funtzionamendu normala "aldatu" du pandemiak, baina dagoeneko zerbitzua hobetzeko neurriak hartzen ari dira, besteak beste, langile gehiago kontratatuta edo zerbitzuak gehituta.
Era berean, Laura Garrido PP+Cs alderdiko legebiltzarkideak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak Lehen Mailako Arretarako diseinatutako estrategiak "hutsune" handiak dituela. Haren hitzetan, beharrezkoa da langile gabeziari erantzun bat ematea, "kalitatezko" arreta ematea bermatzeko. Gaineratu duenez, gabezia ageriagoa da oporraldietan edo landa eremuetan "areagotu". Dena dela, ez du uste gaia batzorde batean jorratzea modurik "egokiena" denik.
Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak ere ez du uste beharezkoa denik lantaldea sortzea: "Egin behar dena egiteko prest dauden arduradun politikoak behar dira".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa