telebista
Fikzioa euskaraz
EITB Media
Telesailak nesken futbol talde bat du oinarri nagusi eta EITBrentzat oso garrantzitsuak diren gai eta balioak jorratuko ditu, hala nola, emakumeak kirolean, elkartasuna eta adiskidetasuna. Zinemaldiko EITB Galan izan da ikus-entzunezkoaren aurrestreinaldia, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.
"Irabazi Arte" telesaileko aktoreak
"Irabazi Arte" telesaileko aktoreak
"Irabazi Arte" telesaileko aktoreak
"Irabazi Arte" telesaileko aktoreak
Jose Ramon Soroiz, aktorea
Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria, eta Julene Aranburu, telesailaren sortzailea
"Irabazi Arte"ko lantaldea, EITB Mediako arduradunekin eta agintariekin
"Irabazi Arte" telesaileko aktoreak
"Irabazi Arte"ko lantaldea, EITB Mediako arduradunekin eta agintariekin
"Irabazi Arte"ko lantaldea, EITB Mediako arduradunekin
Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria, eta Julene Aranburu, telesailaren sortzailea
EITBk "Irabazi Arte" haur eta gazteentzako fikziozko telesail berria aurkeztu du Donostia Zinemaldian. Telesailak emakumezkoen futbol-talde bat hartzen du oinarri eta protagonisten bitartez gaur egun gizartean ematen diren askotariko gaiak landuko dituzte; hala nola, futbolaren inguruan eta kirolean bizi den giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremanak, familia eta, oro har, gaur egungo nerabeek dituzten erronkak islatuko dituzte.
Aski ezaguna den "Go!azen"en arrakastak sustatuta, Pausoka ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako proiektu berria da "Irabazi Arte". Javier Garcia de Vicuña da zuzendaria, eta Sua Enparantza, Iker Galartza eta Jose Ramon Soroiz ditu protagonista nagusi, besteak beste.
"Irabazi arte" telesailean gainera, musikak ere garrantzia berezia izango du. Alde batetik, Chill Mafia kolektibo nafarreko Irenek, Kiliki Freskok eta Suneok egin dute karetako abestia, eta atalean zehar, egungo euskal talde garrantzitsuenetako batzuen musika entzungo da. Besteak beste, lehen atalean Zetak, Bengo eta Omago taldeen abestiak entzungo dira, Oso Polita disketxearen eskutik.
Euskadin erreferente izatea eta publiko berriarentzat erakargarriak diren entretenimendu proiektuak gauzatzea da EITB ikus-entzunezko taldearen helburua. Zerbitzu publiko izaera uztartuz, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenaren aldeko apustuarekin bat egin du EITBk, gazteei eta publiko familiarrari zuzendutako euskarazko fikzio honen garapenean. Horrekin batera, sorreratik bere gain hartu duen funtzio soziala betetzea ere funtsezkoa du EITBk.
Asteazken goizean, Donostiako Londres hoteleko Victoria aretoan aurkeztu dute "Irabazi Arte" telesaila. Prentsaurrekoan, Unai Iparragirre ETBko zuzendaria, Julene Aranburu telesailaren sortzaile eta gidoilaria, eta Sua Enparantza eta Joana Garitano Arzak aktoreek hartu dute parte.
Arratsaldean, Donostia Zinemaldiko EITB Galan, telesailaren aurrestreinaldia eskaini du EITBk Victoria Eugenia antzokian. Bertan, telesailean parte hartu duten aktore eta lantalde osoa egon dira, baita EITBko ordezkaritza zabala eta euskal gizarte eta kulturako hainbat aurpegi ezagun ere.
Arene (Sua Enparantza) bere familiarekin Bartzelonatik Learora bizitzera etorriko den nerabe bat da. Une horretatik aurrera, bizitza berri batera egokitu beharko du Arenek. Aitonarekin bizitzen ikasi beharko du eta lagun berriak ere egin beharko ditu. Baina, batez ere, Arenek denen aurreiritzien aurka kementsu borrokatu beharko du emakumezkoen futbol talde bat sortu ahal izateko, herrian inoiz izan den lehenbizikoa.
Pertsonaia nagusiak
Telesailean aktore lanetan ibiliko dira, gazteen roletan, Sua Enparantza, Ane Iturrate, Nahia Sillero, Ane Garmendia, Ainhoa Azpitarte, Joana Garitano Arzak, Aritz Basterra, Ibai Ugarte eta Ander Rovira. Bestalde, helduen paperak egingo dituzte Jose Ramon Soroizek, Iker Galartzak, Alvaro Garayaldek, Patricia Urrutiak, Tessa Andonegik, Eriz Alberdik eta Iñigo Larrinaga.
Arene (Sua Enparantza). Arreta deitzea gustatzen ez zaion arren, Areneren nortasunak eta karismak beti jartzen dute besteen begiradapean. Bere adoreak eta futbolean jokatzeko duen nahiak lagun berriak ezagutzera eta lehen maitasuna bizitzera eramango dute.
Nora (Nahia Sillero). Oso azkarra da, pentsamendu arina dauka eta mihia oraindik arinagoa. Gurasoak dibortzio prozesuan daude, nahiz eta berak aita eta ama berriz elkartuko diren itxaropena izan.
Itsaso (Ane Garmendia). Klubeko presidentearen alaba da, baina aitak Itsasoren nebarengan du itxaropena jarrita: aitarentzat, Amets izango da futbolaren etorkizuneko izarra. Neba-arreben artean ezberdintasunak egiteak haserretzen du Itsaso, eta laster topatuko du mendekua hartzeko aukera, futbolean.
Leire (Ane Iturrate). Lau neba nagusi ditu eta berak, txikiena izanda, futbolean ondo jokatzen ikasi du. Pertsona ona da, azkarra eta umore onez aurre egiten dio bizitzari.
Olatz (Ainhoa Azpitarte). Ez da ondo egokitu bere inguru eta eskolara. Zakarra eta mesfidatia da. Amak behartu du futbol taldean izena ematera.
Ignacio Larrañaga Larra (Iker Galartza). Mutilen futbol taldeko entrenatzailea da eta derrigortuta hartuko du nesken taldea zuzentzeko ardura. Antzinako ikuspegia dauka, futbola mutilen kirola dela uste du, eta umore txarra eta jokaera matxista eta zakarra ditu.
Aitona (Jose Ramon Soroiz). Gizon lasaia eta pragmatikoa da, eta Peiorentzat laguntza handia izango da bere alaben heziketan. Izan ere, bilobekin oso ondo moldatzen da.
Peio (Alvaro Garayalde). Bere lana utzi eta Learora itzuli ondoren, alabekin denbora gehiago igarotzeko beharra sentituko du. Aitaren etxera itzuliko da laguntza eske eta alabekin duen harremana hobetzeko ahaleginak egingo ditu.
Lili (Joana Garitano Arzak). Areneren ahizpa txikia da, 11 urte ditu. Gauzak esaterako orduan ez du filtrorik eta heldutasun handiarekin jokatzen du. Ez dirudi umetxo bat, neska nagusi bat baizik.
Amets (Ibai Ugarte). Itsasoren neba, beti izan da futbolzale amorratua. Baina jokalari moduan ez da oso ona. Bere aita da klubeko presidentea eta semearentzat planak ditu etorkizunerako, harengan presio handia eraginez.
Jon (Aritz Basterra). Mutilen taldeko jokalaria da. Futbola da bere pasioa, baina ondo pasatzea eta dibertitzea nahiago du kirolean gogor aritzea baino.
Gorka (Ander Rovira). Amets eta Jonen lagun-mina eta futbol taldeko atezaina da.
"Go!azen"ek hasitako bideari segida eman
"Irabazi Arte" telesail berriak "Go!azen" fenomenoaren jarraipena izan nahi du. Gazteei zuzendutako telesailak sei denboraldi arrakastatsu aireratu ditu eta zazpigarrena bidean du dagoeneko. Basakabiko nerabeen abenturek telebistako pantailaren esparrua gainditu dute, eta etengabe eboluzionatzen dabilen egitasmo transmedia garrantzitsua bilakatu da. Fikzioaren sortzaileek jarraitzaileekin elkar eragite zuzena bilatzen dute.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa