telebista
Telesail berria
EiTB
Itziar Ituño, Klara Badiola eta Carmen Climent ditu protagonista alardearen gatazkan inspiratutako telesailak.
Ostiral honetan, uztailaren 31n, amaitu da "Alardea" K2000ak (The Mediapro Studiok) EiTBrentzat ekoitzitako lau ataletako telesaila.
Udazkenean ETB1en estreinatuko den telesailak Amaiaren (Itziar Ituño) istorioa du oinarri. Haur eskolako irakaslea da Amaia eta, auzokide talde batekin batera, bere herriko jaietako alardean desfilatzeko eskubidearen alde borrokatuko da. Izan ere, eta, ordura arte, gizonek bakarrik desfilatzen dute bertan.
Euskadin errotuta dagoen jai-desfile honen inguruan azken 25 urteotan izan den gatazkan inspiratuta, "Alardea"k gai unibertsalak eta gaurkotasun osokoak planteatzen ditu, hala nola, belaunaldien arteko talka, herri txikietan egiten den presio soziala eta gizonek duten errekonozimendu eta ikusgarritasun bera lortzeko emkumeen borroka.
Itziar Ituño aktoreaz gain, Carmen Climent, Klara Badiola, Iñigo Aranburu, Kandido Uranga eta German Alzarazuk osatzen dute aktore nagusien zerrenda.
David P. Sañudo gazteak, duela gutxi Ane zinemarako bere lehen film luzearekin harritu gaituen zuzendariak, zuzendu du "Alardea". Blanca Baena da telesailaren ekoizle eragilea, eta gidoilarien taldea Arantxa de la Cuestak eta Pablo Tobiasek osatu dute; Virginia Yagüe izan da, halaber, idazketa prozesuaren burua.
Grabaketa martxoaren 13an gelditu zuten koronabirusaren alarma-egoeragatik, eta uztailaren 13an ekin zioten berriro horri; hiru aste iraun du. Denbora horretan, filmatzeko setak produkziorako behar-beharrezkoa den ekipamendura mugatu dira, eta segurtasun-protokoloei eutsi zaie une oro.
Uriolako fikziozko populazioa birsortzeko, "Alardea" osorik grabatu da Euskadiko hainbat tokitan; besteak beste, Urduñan, Zallan, Bakion eta Bilbon.
"Alardea" izango da ETB ikasturte berrirako prestatzen ari den euskarazko fikziozko apustu sorta garrantzitsuetako lehena, azaroan helduko den "Go!azen" gazte fenomenoaren denboraldi berriarekin batera.
Amaiak, Edurnek eta Jonek emakumeak alardean parte hartzeko borroka egingo dute
Amaiaren bizitza zeharo irauliko da Uriolako emakumeen elkarteak alarde tradizionalean desfilatzeko nahia azaltzen duenean. Erabaki horrekin bat egitean, bere ingurukoak eta familia aurrean izango ditu haur hezkuntzako irakasle honek. Erabaki horrek korapilo eta gatazka handia eragingo dio.
Amaia bere amarekin, Edurnerekin, elkartuko da berriro egoera berezi honetan. Edurne (Klara Badiola) gaixorik dago orain. Alaba duela 25 urte urrundu zen amarengandik, gurasoak dibortziatu eta, denbora batera, aita hil zenean.
Amaiak ez du inoiz barkatu bere amak alarde mistoaren aldeko inplikazioa familiaren interesen aurretik jartzea. Ez dago prest kontu bera errepikatzeko, hain zuzen ere, Aitor (Iñigo Aranburu) bere senarra burgumaisu eta alaba Jone (Carmen Climent) kantinera izendatzen duten urtean.
EiTB TALDEA
EITB Media
900 11 2525 doako telefonoan eta eitb.eus/arreta orrian jasotzen diren kontsulta, kexa eta iradokizunak sistema bateratu berri baten bidez kudeatuko dira.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa