EITB Taldearen prentsa eta komunikazio aretoa

Prentsa aretoa

09:29

Prentsa aretoa

EITB Arigune

EITBko hedabide guztiak, Euskaraldiari begira

EITB

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte, ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian, Gaztean eta eitb.eus-en jarraipen zabala egingo zaio ariketa sozial jendetsuari.

  • Euskaraldiaren bigarren edizioa

    Euskaraldia 2020

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EITB Taldeko hedabideek jarraipen zabala egingo dute gaur, ostirala, hasi den Euskaraldia egitasmoaren inguruan. Horrela, azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte, ETBko programek, Euskadi Irrati, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Gaztea irratiek eta eitb.eus-ek erreportajeak, elkarrizketak eta albiste nabarmenenen kronikak eskainiko dituzte, beste eduki askoren artean. 

ETBn arreta berezia

ETBko albistegietan luze eta zabal arituko dira Euskaraldiaren gainean. Egitasmoak sortzen dituen albiste, egoera eta bizipen interesgarrienak hurbiletik jorratuko dituzte "Gaur Egun" eta "Teleberri" saioetan.

Iban Garatek goizero aurkezten duen "Egun on Euskadi" tarteak ere Euskaraldiaren berri emango du. Azaroaren 20an, esaterako, Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzailea izan zuten gonbidatu berezi, egitasmoaren bigarren edizio honek ekarriko dituen berezitasunen inguruan berba egiteko. 

Ostiralean 18:00etatik aurrera ETB1n ikusgai izaten den "Biba Zuek" arratsaldeko magazinean jarraipena egiten diote Euskaraldiari. Kike Amonarriz euskaltzale eta soziolinguista ezaguna hartu zuten solaskide. Maddalen Arzallus eta Xabier Sukiaren gonbidatuak ahobizi eta belarriprest izan nahi dutenentzako aholkuak eta argibideak eman zituzten, besteak beste. Saio berean, Marta Elvirak hainbat euskaldun berriren testigantzak eta bizipenak ekarri zituen.

ETB2ko "En Jake" saioan, gogoeta egin eta hizkuntza inertziak apurtzeko saiakera honetako antolatzaileei hitza eman zieten. Euskaraldiaren koordinatzaileei elkarrizketa egin zieten, eta azken egunean ere saioan izango dituzte egitasmoa nola joan den azaltzeko eta emaitzen balorazioa egiteko.

Era berean,  "Qué me estás contando" saioan lehenbiziko unetik hasiko dira Euskaraldiarekin zerikusia duten gaiak lantzen. Gaur, hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea helburu nagusi duen jarduera masibo honen arduradunekin mintzatuko dira. Praktika kolektibo honetan zenbat jendek izena eman duen jakingo dugu, besteak beste, eta kanpainaren hasieran zer nolako giroa sumatzen duten azalduko dute. Lortu nahi dituzten helburuez ere solastatuko dira. Euskaraldiak dirauen bitartean, euskararekin lotutako erreportaje eta istorio pertsonalak ekarriko dituzte platora. Proiektua amaitzen denean, Arrate Illaro koordinatzailearekin bilduko dira aurtengo Euskaraldiaren balantzea egiteko.

Euskaraldiaren testuingurua baliatuz,  "Arte[faktua]" literaturari buruzko saioan, Kike Amonarrizek argitaratutako Euskararen bidegurutzean liburua izan zuten hizpide nagusi. Gure hizkuntzaren egungo egoera aztertu eta haren etorkizunaz dihardu saiakera honetan.

Astelehenean, azaroak 23, Joseba Argiñanok bere sukaldeko ateak zabalduko zizkion Euskaraldiari. Rita Aldabaldetreku antolatzaileetako bat izan zuten gonbidatu "Joseba Arguiñano Sukalerrian" programan. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan leloa duen aurtengo edizioaren inguruko gakoak emango ditu.

"Iparraldearen Orena" saioan egunero euskara ikasi duen protagonista bati elkarrizketa eskainiko dute. Marseillatik etorri den Anthonyren berri emango dute; 9 hilabetetan euskara ikasi du eta orain Frantziako irrati publikoan ari da lanean kronikak euskaraz eta frantsesez egiten. Bestalde, Itsasu herriko AEKn 6 hilabeteko euskara ikastaro trinko bat egiten ari diren 2 neska ezagutuko dituzte. Oso ongi moldatzen dira orain eta etorkizunean lanean euskaraz egitea nahiko lukete.

Julie, euskara ikasten ari zen Urruñako emakumearekin ere mintzatuko dira. Argitaletxe elebidun bat sortu du euskaraz ongi ez dakiten gurasoei laguntzeko: liburuak euskaraz eta frantsesez argitaratzen ditu.

Liverpooleko gizon batek, Philipe Basterrak euskara ikasi zuen Inglaterran gaztetan eta orain Bidarteko ESTIA ingeniaritza unibertsitatean irakasle dabil. Aldi berean, bertako ikasleei euskara irakasteko taldea sortu du unibertsitatean bertan. Astea bukatzeko, Kanbora joango dira, Euskaraldian parte hartzen ari den saltzaile batekin hitz egiteko.

"Ahoz aho" saioa Euskaraldiarekin lotutako gaiak lantzen ibili da egunotan. Astelehenean, hilak 23, Antton Telleriarekin konexioa egin zuten. Gazteako hizlariak Edurne Azkaraterekin batera aurkezten duen "Euskaraldia: gehiago" saio monografikoaren hirugarren atala eskaini zuen. Gainera, azaroaren 30an, bazkalosteko saioan Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea izango dute solaskide, ariketa sozial honen inguruan aritzeko. Euskaraldia bukatutakoan, antolatzaileen balorazioak eta ikerketaren emaitzak jasoko dituzte "Ahoz aho" saioan. Ilaski Serranok eta Saioa Martijak egunero aurkezten dute programa 16:00etatik aurrera.

Halaber, Klaudio Landak aurkezten duen "Eztabaidan" saioak euskararen munduan datozen egunetan gertatutakoaren berri emango du. Euskaraldian parte hartzea erabaki duten elkarteak, taldeak, erakundeak, enpresak eta euskaltzale anonimoak izango dituzte hizpide nagusi.

Euskaraldia irratian

Antsoaingo auditorioan egingo den ekitaldiarekin hasita, jarraipen zabala egingo diote euskaraldiari EITBko irratiek. Ariketa sozial jendetsu honekiko konpromisoa erakutsiko dute, eta egunero Euskaraldiari programazioan tarte bat zabalduko diote.  

Besteak beste, ahobizi eta belarriprest izatea erabaki duten partehartzaileen egunerokoa hurbiletik jarraituko dute Radio Euskadiko "Graffiti" eta Euskadi Irratiko  "Faktoria" saioetan.

Halaber, egunero euskaraldiarekin lotutako erreportajeak eta elkarrizketak eskaintzeaz gain, Tabakaleran egingo diren hitzaldiekin bat egingo dute Euskadi Irratiko  "Baipasa"  eta Radio Euskadiko "Boulevard" irratsaioetan.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea elkarrizketatuko du Ander Arzakek ostiralean "Boulevard" saioan. Gainera, ariguneak bisitatuko dituzte, eta Dylanek, Bristolen bizi den 22 urteko mutilak, bere istorioa kontatuko digu.

Larunbatean, berriz, Radio Euskadiko "Parlamento en las ondas" programan, Euskaraldiaz, euskararen etorkizunaz eta normalizazioaz galdetu zieten legebiltzarkideei.  

eitb.eus

Online informazio guztia eskaintzeko asmoarekin, Euskaraldiari zuzendutako atal berezia prestatu du eitb.eus-ek. Bertan, ekimenarekin lotutako eduki guztiak biltzen hasi dira iada. Besteak beste, Euskaraldiarekin bat egin duten lagunei egindako elkarrizketak eta erreportajeak topatuko ditugu bertan. Gainera, sare sozialetan Euskaraldiaren inguruan esaten dena ere atarian ikusteko aukera dago. Horrez gain, ETB1eko "Euskaraldia: gehiago" programako edukiak webgunean jaso dituzte.

Bestalde, Euskaraldiak Tabakaleran antolatutako hitzaldiak zuzenean eskainiko ditu eitb.eus-ek: astelehenean, azaroaren 23an, Hizkuntza hautua sare sozialen garaian; asteazkenean, azaroaren 25ean, Musikariak euskaraz kantatzeko erabakiaz mintzo, eta bukatzeko, abenduaren 1ean, Arlo sozioekonomikoaren hizkuntzak. Hitzaldi guztiak arratsaldeko 19:00etatik aurrera izango dira ikusgai streaming bidez.

EITB, arigunea

Bukatzeko, EITBk, erakunde gisa, ariguneak sortuz hartuko du parte azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango den bigarren Euskaraldian. Ariguneon helburua EITBren barruan hizkuntza-ohiturak aldatzeko urratsak ematea eta entitateko kideen parte-hartzea sustatzea eta babestea izango da.

Iruzkinak

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena