Zinemaldia 2020 | Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 2020
Zinemaldia
71. edizioa
Natxo Velez | EITB Media
Zinemagilearen bigarren film luzea, galizieraz filmatua, emakumeak bizitza sortzeko duen ahalmenari eta ahizpatasunari buruzko drama da. Euskal Zinemaren Irizar saria "El sueño de la sutana" Isabel Herguera donostiarraren pelikularentzat izan da.
O corno Jaione Camborda donostiarrak Galizian eta Portugalen galizieraz filmatutako dramak irabazi du Urrezko Maskorra, film onenaren saria, Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioan.
1983an jaio eta duela hainbat urte Galizian ezarrita dagoen zuzendariaren bigarren film luzea (lehenak Arima du izena) drama fisiko, aberetiar (emakumeek bizitza ernaltzeko duten ahalmenaz dihardu) eta basatia (Arousako uharteko eta Galiziaren eta Portugalen arteko mugako paisaia malkartsuak protagonismo handia du) da, eta ahizpatasuna eta emakumeen gorputza eta nahimena ditu ardatz.
HAU IRUDITU ZAIGU "O CORNO"
1971n, Mariak, beste emakume batzuei erditzen laguntzen dien itsaski-biltzaile batek, Galiziako herrixka batean bizitoki duen etxetik ihes egin beharko du, gertakari lazgarri baten ondoren. Beste emakume batzuen laguntzaz, Portugaleko mugaz haraindi ihes egingo du, kontrabandorako erabiltzen diren bideetatik.
O cornori saria eman ez ezik, Claire Denis zinemagilea buru izan duen epaimahaiak Kalak Isabella Eklöf suediarraren filma ere saritu du, aipamen berezia aitortuta.
Zuzendaritza onenaren Zilarrezko Maskorra Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wang taiwandar emakumeentzat izan da, Chun Xing / A journey in spring filmarengatik, zeinetan gizon nagusi batek emaztea hildakoan egingo duen dolua kontatzen baita.
Interpretazioei dagokienez, epaimahaiak Macelo Subiotto (Puan) eta Tatsuya Fuji (Great absence) aktoreen lana saritu du, ex aequo, protagonistei dagokienez, eta Hovik Keuchkeriani eman dio saria antzeztaldeko aktoreen arloan, Un amor Sara Mesaren eleberri ospetsua oinarri hartuta Isabel Coixetek ondutako egokitzapenean egindako lana aitortzeko.
Epaimahaiak argazkilaritza onenari eta gidoi onenari emandako sariak Nadim Carlsenentzat (Kalak) eta María Alché eta Benjamín Naishatentzat (Puan) izan dira, hurrenez hurren.
Irizar saria, El sueño de la sultana-rentzat
Euskal film onenaren Irizar saria El sueño de la sultana animaziozko fabula feministarentzat izan da. Isabel Herguera donostiar zinemagilearen lan zoragarria "pazientziaren, dedikazioaren eta lan arretatsuaren adibide argia" da, epaimahaikideen aburuz.
Bestalde, Latxa Mikel Urretabizkaiak zuzendutako mikrofilmak (3 minutu) Eusko Label saria irabazi du, zinemaren bidez gertuko produktuak zabaltzen eta babeste dituen lan onena saritzen duen atalean.
Beste sail batzuk
Azkenik, Zabaltegi-Tabakalera saileko epaimahaiak El auge del humano 3 filmari (Eduardo Williams) eman dio saria, eta aipamen berezia El juicio lanari (Ulises de la Orden); Horizonts Latinos ataleko saria El castillo Martín Benchimol argentinarraren filmarentzat izan da; eta New Directors saileko irabazlea Bahadur the brave filma izan da, Diwah Shahrena.
Zinemaldiaren itxiera gala Dance first filmaren proiekzioak burutu du, James Marsh zuzendariak Samuel Becketten bizitza eta pentsamendua helarazteko zuzendu duen filmarenak.
Zinemaldiaren 71. edizioa joan da, baina, Victor Ericek ostiralean Donostia saria jasotzeko ekitaldian esan zuenez, zinema inoiz ez da bukatzen. "Beti ulertu dut zinema ezagutza-bide gisa", esan zuen Ericek, "horregatik, niretzat bere ikaskuntza ez da inoiz amaitzen".
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa