Zinema
''Aita Mari''
Natxo Velez | EITB Media
Javi Julio fotokazetariak “Aita Mari” aurkeztuko du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian, Salvamento Marítimo Humanitario GKEaren erreskate ontziari buruzko dokumentala.
Javi Julio "Aita Mari" dokumentalaren zuzendaria
Ezin da delitua izan gerratik edo gosetik ihesi ari direla itsasoan jitoan, hiltzeko arriskuan, gelditu direnak erreskatatzea. Zentzugabekeria ankerra da erreskate ontzien arduradunak isunekin eta espetxe zigorrekin gaztigatzea, goseak, pobreziak edo indarkeriak jarritako zigorretik ihesean egiteko bide segururik ez dutenen bizitzak defendatzen dituztelako.
Horren guztiaren aurrean, Javi Julio donostiar fotokazetari eta zinemagilea “Aita Mari”n ontziratu da bere hurrengo dokumentala egiteko. Salvamento Marítimo Humanitario Zarauzko gobernuz kanpoko erakundeak txatartegiko ateetatik jaso eta Mediterraneo itsasoan pertsonen bizitzak salbatzera bideratu zuen arrainontziaren nondik norakoak ditu kontagai “Aita Mari” filmak.
Arazoa —arazoetako bat— izan da barkuaren eraldaketa erakusteko hilabete gutxiko filmatze lasterra ematen zuena hiru urteko proiektu bihurtu zela, besteak beste, Espainiako Gobernuak ez baitzion “Aita Mari”ri bere jarduera gauzatzeko baimenik eman. “Dokumentalak oztopo burokratiko horien eta Aita Mari-renak bezalako misioak galarazteko Europak agertzen dituen interesen arrazoiak argitzen ditu”, pelikularen egileek azaldu dutenez.
Juliorekin hitz egin dugu, “Aita Mari” EITBren parte-hartzea duen eta Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian aurkeztuko duten pelikulaz.
Nola sortu zen “Aita Mari”k egiten duen lana pantailaratzeko gogoa?
2017an, “Lifeline” erreskate ontziaren misio batean egon nintzen, SMH Salvamento Marítimo Humanitarioko hainbat kiderekin batera.
Zarautzen egoitza duen GKEko kideak ontzi baten bila ari ziren mundu osoan zehar, salbamendu lanak egin ahal izateko, eta, han-hor-hemen bila aritu eta gero, ondoko herrian (hitzez hitz) aurkitu zuten txatartegira iristear zen atun ontzi bat.
Pelikulako protagonistetako batekin, Iñigo Gutierrezekin, joan nintzen Getariara ikustera, eta zer plan zituzten esan zidanean, neure baitan pentsatu nuen: “Hemen istorio ona dago kontatzeko”.
Zertan aldatu da pelikularen egitasmoa azken emaitzarekin alderatuta?
Hasiera batean, hainbat hilabeteko lana izan behar zen: apirilean hasi behar nintzen filmatzen barkua Pasaiara iristen, eta, hilabete pare batez lanean aritu eta gero, Mediterraneo erdialdera joango ginen, erreskate lanetan.
Barkua eraldatzen ari ziren bitartean, Espainiako Gobernuak “Aquarius” ontzia jaso zuen, eta uste genuen borondate politikoa zuela. Aitzitik, lehen ezezkoen ondoren, konturatu ginen “Aquarius”ena galeriarentzat eginiko keinua izan zela soilik eta, egiatan, Gobernuak oztopo legalak erabiltzen zituela eta hainbat hilabetez luzatzen zituela erantzunak “Aita Mari”ren irteera atzeratzeko, Administrazioak erantzuteko hiru hilabete ere har ditzakeela argudiatuta.
Ustekabeko agertoki horretan, pelikula aldatu egin behar zen. Espainiako Gobernuaren ezetz horren berri eman eta Europar Batasunaren muga politika azaldu behar zen.
Zein izan dira filmatze lanen alderik desatsegin eta atseginenak?
Denborak luzatuta, Estatuak higatu egin nahi zaitu. Eta lortu egiten du. Urtebetez izan nuen maleta prest etxeko atean, hurrengo astean joan beharko ote nintzen jakin gabe. Gainera, erreskatea izatekotan gertatuko zenaren inguruko ziurgabetasuna ere gehitu behar da, gerta bailiteke, “Open Arms” edo “Sea Watch 3” ontziei gertatu zitzaien bezala, Maltako edo Italiako agintariek portura sartzen ez uztea. Beraz, ez dago jakiterik noiz itzuliko zaren etxera.
Egonezin hori oso zaila da eramaten freelance-a zarenean eta lanei ezetz esan behar diezunean agian datorren astean ontziratu behar zarelako eta ez dakizulako noiz itzuliko zaren. Eta ziurgabetasun horri bikotekide eta seme-alaben zama emozionala erantsi behar zaio…
Atseginena, dudarik gabe, erreskatea bukatu eta gero etorri zen. 80 pertsona jitoan zebiltzan itsasoan, gomazko txalupa txiki baten barruan. Motorra apurtuta zuten, gasolinarik ez ia eta ordu batzuk geroago ekaitza lehertu zen; pantailetan ikusten duzuen jende guztia hil egingo zatekeen.
Nola kudeatu duzue emozioen aldetik itsasontzi batean lan egitea eta muga-mugako egoerak bizitzea?
Horrelako egoera batean zaudenean, zure onena ematen saiatzen zara, bakoitza bere esparruan. Niri dagokidanez, gertatzen ari zena irudietan jaso behar nuen.
Hunkitzen eta beldurtzen zara, noski, baina horrelako egoera batean sentimenduak kanpoan utzi behar dira egin behar duzun hori ahalik eta ondoen egiteko. Eta nire kasuan, istorio hori kontatzera joana nintzen.
Zer ezaugarrik batzen ditu “Aita Mari”ko tripulatzaileak?
Ontziko tripulatzaileek, sukaldaritik hasi eta kapitaineraino, bizitza defendatzen dute beste ezeren gainetik. Itsasoan, hondoratzeko arriskuan dauden ontziak erreskatatzea betekizuna da. Ez dago erreskatatzeko baimenik, baizik eta hori egiteko betebeharra. Ezin da bereizketarik egin zodiac prekario batean doan pertsona talde baten edo euren belaontzian doazen turista alemanen artean.
Pertsona eskuzabalen lan hori oztopatzea gerratik eta gosetik ihesi beren bizitza jokoan jarri duten pertsonei laguntza ukatzea da, itsasoan itotzea nahiago izatea. Barku honen jardunari oztopoak jartzen dituena bizitzeko eskubidea ukatzen ari da.
Barrutik, tripulatzaileek nola bizi dituzte beren lanaren aurkako eraso zuzenak, oztopoak eta mozorroa kendu dutenen jarrera xenofoboak? Iristen zaie, bestalde, beren lanaren aurreko elkartasuna eta esker ona?
Europar Batasunak beti erregionalizatu ditu migrazioaren arazoak: Grezian gertatu zen ontziak uharteetara iritsi zirenean, Mediterraneo erdialdean gertatzen da Libiako bidearekin eta orain Kanarietan gertatzen ari da.
Utzikeria honek eskuin muturreko munstroak sortzen ditu, hala nola Salvini Italian. Espainiako Estatuan, egunero-egunero ari gara ikusten Vox bezalako eskuin muturreko alderdiek bakarrik iristen diren adingabeekin erabiltzen duen kriminalizazioa. Seinalatuz, etsaia sortzen dute. Naziek 30eko hamarkadan zituzten jarreretatik kopiatutako portaera hauek onartuz eta beste alderdiek estremistekin itunak eginez, eskuin muturra zuritzen eta arrazismo hau onartzen ari da.
Jarrera horren aurka, edozein pertsonaren bizitzaren balioa aldarrikatu besterik ezin dugu egin, haren jatorria eta azalaren kolorea gorabehera.
Barkua Pasaiatik Mediterraneora abiatu zenean, oso atsegina zen ikustea gelditzen zen toki guztietan pertsona ezezagun asko gerturatzen zirela, tripulatzaileei eta GKEaren lanari babesa agertzera.
Noraino iritsi nahiko zenuke “Aita Mari”rekin?
Guretzat dokumentala erreminta pedagogiko bat da Europar Batasunaren muga politika ezagutzen ez duten pertsona guztientzat.
Muntatzen ari ginela, pelikula hau edozein pertsonak ulertzea zer garrantzitsua izango zen esaten genion elkarri, ikusitakoan jendeak iritzi propioa egin dezan Libiako egoeraren, itsasoko erreskateen eta Europako estatuek salbamenduen aurrean erakusten duten utzikeriaren inguruko albisteak entzuten dituenean.
Ezin da normaldu jendea itsasoan hiltzen uztea.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa