Zinema
''Hondar ahoak''
Natxo Velez | eitb.eus
Ikusi Koldo Almandozek zuzendutako telesailaren hurrengo ataleko sekuentzia berri bat, eta irakurri Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy aktoreek beren lanari buruz esan digutena.
Albisteak (2)
“Hondar ahoak” ETBren telesailak bertute asko ditu, orain arte eskainitako lehen bi kapituluetan agerian gelditu denez: estetika landu eta iradokitzailea, musika egokia, hari dramatiko tenkatua, gidoi aberats eta ertzduna, zuzendaritza sendoa eta, ororen gordailu, interpretazio sinesgarri eta erakargarriak.
Gaur aurkezten dizuegun hirugarren kapituluko sekuentzia argitaragabearen aitzakian, Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy telesaileko protagonistekin hitz egin dugu.
Nagore. Nerea Garcia inspektorearen eta Alexen bere laguntzailearen (Eneko Sagardoy) arteko tentsio harremana da “Hondar ahoak”en oinarrietako bat. Nolakoa izan da Enekorekin hori lortzeko egindako lana?
Nagore Aranburu: Gidoian oso zehaztuta zeukan Koldok bi pertsonaien arteko harremana. Hori izan da gure lanerako mapa.
Nik uste Enekok eta biok argi genuela erlazio hori sinesgarri egitea zela gure lana. Normalean, bakoitzak bere aldetik sekuentziak landu eta gero elkarrekin biltzen ginen ekarpenak eta ikuspuntuak bateratzeko. Entseatu baino gehiago, asko hitz egin dugu antzeztu behar genituen eszenez.
Elkarrekin eta zuzendariarekin denbora asko pasatzeko aukera izan dugu grabaketetan, eta han sortutako konfiantza horrek lana erraztu eta azkartu du.
Eneko. Genero beltzeko telesail bat izanagatik, elkarrizketek, kasu honetan Nerea Garciaren eta Alex zure pertsonaiaren artekoek, beste maila batera eramaten dute lana. Zer iruditu zitzaizkizun gidoia jasotakoan? Nolakoa izan zen horiek filmatzeko lana?
Eneko Sagardoy: Elkarrizketa sinesgarriak edo pertsonaia arrakalatsuak sortzea oso zaila da. Horretarako, beharrezkoa da gidoiko dialogoen freskotasuna grabaketetan ere irekita egotea, pertsonaiek ekintzen bitartez beren burua definitzeko.
Gidoian, pertsonaiak oso definituta zetozen. Oso garrantzitsua izan da Koldok, Nagorek eta hirurok egunero sekuentziak grabatu aurretik analizatzea, dialogoak aldatzea, eszena bakoitzaren muina argitzea... eta gero, filmatzean, askatasuna eta umorea ez galtzea. Horrela irteten dira gauza ederrak.
Zuen arteko kimika oso garrantzitsua da lanak aurrera egiteko. Nolakoa izan da Nagorerekin lan egitea? Zer eman dio Nagorek “Hondar ahoak”i?
Eneko: Beti esaten dut niretzat ametsa zela Nagorerekin inoiz lan egitea. Ezagutzen dudan aktore onenetakoa da, zalantza izpirik gabe. Oso begi ona du dialogoak ukitzeko orduan edo keinu oso gutxirekin mundu bat eraikitzeko. Baina, batez ere, oso eskuzabala da.
Antzezpena entzumenean ere oinarritzen da, eta Nagore oso entzule ona da. Gainera, barre asko egin dugu, nahiz eta ni besteko autoexigentea den aktore bat izan. Bata astun jartzen zenean, besteak garrantzia kentzen zion egindakoari. Orain berarekin lan egin nahi dut berriz beti.
Telesailari sendotasun ikaragarria eman dio Nagoreren antzezpenak, pertsonaiak interesa sortzen diolako ikusleari. Hein handi batean gidoiagatik da, noski, baina baita Nagorek hain berea duen mugimendu gutxirekin hainbeste ate zabaltzeko gaitasunagatik ere.
Eta, zure ustez, zer eman dio Enekok “Hondar ahoak”i? Zelan deskribatuko zenuke haren lana?
Nagore: Antzerkian aspaldi izan nuen zuzendari batek esaten zuen “detaileak” ekartzen zuela “kalitatea” antzezpenean, eta Enekoren lana detailez josita dago. Bere pertsonaiari eransten dizkion gauzatxo txiki guztiekin (1. kapituluko polo arrosa ez zaigu ahaztuko) berea eta inguruko pertsonaiak aberasten ditu.
Enekok freskotasuna eman dio “Hondar Ahoak”i, naturaltasuna eta sinesgarritasuna. Oso langilea, eskuzabala eta azkarra da, batez ere kamera piztu aurretik egin behar den lanean eta hori guztia, gero, pantailan ikusten dugun emaitzan islatzen da.
Ikus daitekeen bezala, ez dut berriro berarekin lanik egin nahi…
Lehen bi ataletan ikusi dugunagatik, zure pertsonaiaren zurruntasunak alde misteriotsu bat ezkutatzen du, Nagore. Zein jarraibide ezarri dituzue zure pertsonaiaren soslaia sortu eta lana gauzatzeko?
Nagore: Koldorekin, grabaketak hasi aurretik, nondik jo nahi zuen baino gehiago, nondik “ez” zuen jo nahi hitz egin genuen. Genero mota honetako istorioak antzezpen intentsu eta etengabeko urgentziaz betetakoak egiteko aukera ere ematen du. Baina Koldok beste toki batetik eutsi nahi zion lanari. Eta hori izan zen gure oinarria.
Gero, konkretuki, deserosotasun sentipena (lorik ez egitearen sentsazioa, gustuko ez duzun leku batean lan egitea…) eta ingurukoekin duen “ez entzuteko” joera landu nituen, esaterako.
Eneko. Zein da, zure ustez, telesailaren lehen bi atalek orain arte izan duten arrakastaren gakoa?
Eneko: Gakoak anitzak dira beti. Nik uste talde artistiko-tekniko bikaina dela funtsetako bat. Gure telebistan ez gaude ohituta horren estetika, soinu eta muntaia zainduak ikustera. Eta gidoi arriskatuak egitea ere garrantzitsua izan da: publiko orokorrarentzat ulergarri izatea, baina poesiari, biolentziari edo ezohiko narratibei lekua egin behar zaie. Zuritasunaren galbahetik ez pasatzea inportantea da, eta produkzio taldea horren aldekoa izan da.
Dena dela, uste dut hau salbuespen bat dela. Ezinezkoa da halako emaitza bat lortzea izan dugun denbora eta diruarekin. “Hondar Ahoak”en borondate on eta ilusio asko egon da, baina 4 atal 4 astetan ez da inon egiten, eta gutxiago emaitza honekin. Ez ginateke ohitu behar. Ez da miraria izan, talde guztiaren eskuzabaltasun handia baizik.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa