Oscarrak 2020
97. edizioa
N. V. | EITB Media
Sean Bakerren filmak bost sari irabazi ditu Hollywoodeko Zinema Akademiaren urteko gau nagusian, tartean film onenarena eta zuzendari onenarena Bakerrentzat berarentzat; zinema independentearen balioa aldarrikatu du "Anora"k Los Angelesen ospatu duten galan.
Dolby antzokiak hartu du, ohi denez, Oscar sarien gala. Argazkia: Efe.
Albisteak (1)
Bideoak (1)
Anora, Sean Baker zuzendariak errusiar negozioburu baten semearekin ezkontzen den sexu langile emakumezko bati buruz egindako filma, izan da irabazle nagusia Oscar Hollywoodeko Zinema Akademiaren sarien 97. edizioaren galan. Pelikula sei sailetan zegoen izendatuta bart gaueko galarako, eta bost sari bereganatu ditu, tartean film onenarena, zuzendari onenarena (Sean Baker), emakumezko aktore protagonista onenarena (Mikey Madison) eta jatorrizko gidoi onenarena (Bakerrentzat hori ere). Anorak editatze onenaren saria ere irabazi du (bai, hori ere Bakerrentzat).
Bakerren film independentea izan da nagusi, ohi bezala Los Angeles hiriko Dolby antzokiak hartu duen galan: "Film zinez independentea da Anora", azaldu du Bakerrek agertokira igo den lau aldietako batean: "Artista independenteen odol, izerdi eta malkoez dago eginda", haren hitzetan, sei milioi dolarreko aurrekontua, Hollywoodeko estandarretatik oso behetik dagoen kopurua, izan duen filma.
The Brutalistek, gaueko faboritoetako beste batek, hiru sari irabazi ditu, gizonezko aktore protagonista onenarena (Adrien Brody), argazkilaritza onenarena eta soinu banda onenarena. Emilia Pérez hamaihiru saritarako izendatuta zegoen, baina bi baino ez ditu irabazi, Wickedek eta Dune: Part Twok bezianbeste. Conclavek gidoi egokitu onenaren Oscar saria besterik ez du irabazi.
Sean Baker gau bakarrean lau Oscar sari irabazi dituen hirugarren pertsona da gaurdanik, Walt Disneyk eta, 2020an, Bong Joon-hok Parasites filmarekin jarritako marka berdindu baitu newjerseytarrak (The Florida Project, Red Rocket, Starlet…). Zinema aretoen defentsa sutsua egin du Bakerrek zuzendari onenaren saria jasotzeko orduan.
"Zinema aretoak oso garai txarrak pairatzen ari diren honetan, babestu egin behar ditugu. Zinema aretoak galduz gero, gure nortasunaren zati garrantzitsu bat galduko dugu (…). Gurasook, eraman seme-alabak zinemetara", aldarrikatu du Cannesen Urrezko Palma irabazi eta gero gaur editatze onenaren eta jatorrizko gidoi onenaren sariak ere irabazi dituen zinemagileak.
Interpretazioei dagokienez, Mikey Madisonek irabazi du emakumezko aktore onenaren saria, Sean Bakerren filmean egindako lanagatik, eta faborito nagusiari, Demi Moore The substance filmaren protagonistakideari, gailendu zaio horrela. Eskertza hitzaldian, sexu langileak hartu ditu gogoan 25 urteko estatubatuar aktoreak: "Haien alde egiten jarraituko dut. Emakume horiek ezagutzea izan da esperientzia izugarri honen alde ederrenetako bat", adierazi du.
Adrien Brodyk, bestalde, aurreikuspenak bete ditu, eta gizonezko aktore onenaren Oscar saria irabazi du.
Brodyk adierazi du pelikula honen helburua "trauma iraunkorrak irudikatzea" izan dela, "nola gerraren hala antisemitismoaren eta arrazakeriaren opresio sistematikoaren ondorioak azaleratzea", eta, hunkituta, gehitu du: "Historiak zerbait irakatsi ahal badigu, gorrotoak irabaz dezala ekidin behar dugula da, ez diezaiogun utzi faktore erabakigarria bihurtzen".
Antzeztaldeko aktore onenen atalean, Zoe Saldaña eta Kieran Culkin izan dira irabazleak, Emilia Perez eta A real pain filmetan egindako lanagatik, hurrenez hurren.
Emilia Perez filma hamahiru ataletan zegoen izendatuta Hollywoodeko sarien gau handirako, eta kritikariek atzerriko film onenaren saileko irabazletzat joa zuten, baina I'm still here brasildarrak eraman du saria azkenean; Walter Salles zuzendariaren filma Brasilgo 1970eko hamarkadako diktaduran girotuta dago.
Gidoiei eskainitako sariei dagokienez, Anorak jatorrizko gidoi onenaren saria irabazi du, eta Conclavek gidoi egokitu onenarena.
No Other Land Basel Adra palestinarraren eta Yuval Abraham israeldarraren filmak irabazi du film luze dokumental onenaren Oscarra. 2019 eta 2023 urteen artean filmatu dute pelikula, Masafer Yatta etxalde multzoan, Zisjordanian, eta, Tel Avivek aginduta, bertako etxeak, eskolak, urtegiak eta errepideak nola eraitsi dituzten erakusten du, Israelgo Defentsarako entrenamendu eremu bat eraikitzeko.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa