Euskaltzale bakoitza izpi bat izango da igande honetan Azpeitian, Kilometroak jaian
Dena prest dute Azpeitian, igandean, urriaren 6an, ospatuko den Kilometroak jaia hartzeko. "Izpiz izpi" lelopean ospatuko da, Azpeitiko Ikasberri Ikastolak antolatuta, eta euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza izango ditu ardatz. Hala, urte osoan zehar ardatz horien bueltan egindako lanketari amaiera koloretsua emateko prest daude.
Lau gune prestatu dituzte, Herriko Plaza (1), Esklabak (2), Ikastola (3) eta Loiola (4), eta adin guztientzako ekintzak eta ikuskizunak izango dira horietan; hemen ikus daitezke guztiak. Eguraldia lagun, ez da aitzakiarik izango euskararen festaz gozatzeko.
Goizean goizetik hasita, gazteentzat Erronka probak izango dira ibilbide osoan zehar, eta txikienentzat Izpiz Izpi jolasak, puzgarriak, tailerrak Loiolan eta Ikastolan. Halaber, kale antzerkia, magia, karaokea, yoga, kapoeira eta bestelako erakustaldi ugarirekin gozatzeko eta parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Eta, nola ez, halako jaietan ohikoa den moduan, musikak ere presentzia nabarmena izango du. Azpeitiko eta eskualdeko talde ugari igoko dira oholtzara, Leherkaitz, Ukabil, Ro, Eraldatzen, Trini Fox eta aurtengo abestia egin duen Skapaie Elektrotxaranga bera, besteak beste. Horiez gainera, Imuntzo eta Beloki eta Tapia eta Leturiarekin izango da dantzarako aukerarik, eta egunari amaiera emateko ardura izango dutenak La Basu, Janus Lester eta Urtz izango dira.
Jatekoa eta edatekoa ez dira faltako, taloa, izozki eta patata postuak egongo baitira ibilbide osoan zehar, eta 600 lagunentzako jangela prestatu dute ikastolako gimnasioan bazkalordurako.
Aniztasun funtzionalari eta hezkidetzari, arreta berezia
Ikastolak eta herriko erakundeek eraso matxistei aurre egiteko protokoloa osatu dute, "jaiak denontzako gune seguruak eta gozamenerako guneak" izan daitezen. Hala, lau guneetako hirutan puntu moreak egongo dira, sentsibilizazio eta informazio zerbitzua eskaintzeko, eta, inork erasorik jasango balu, beharrezko arreta emateko.
Era berean, garrantzi berezia eman nahi izan diote Kilometroak jaia denek gozatzeko modukoa izateko, eta bereziki kontuan hartu dituzte aniztasun funtzionala dutenen beharrei erantzuteari. Hala, pase azkarrak atera dituzte, eta pasea duten haur edo pertsonak lehentasuna izango dute ekintzetan parte hartzeko, eta baita ilarak sortzen diren eremuetan (komunak, txosnak, ekintzak…) sartzeko ere. Horrez gain, bi gunetan —3. gunean, ikastolan, eta 1. gunean, plazan—, Gune lasaiak egongo dira beharra duten familiak lasai egoteko.
Omenaldia Pirritx, Porrotx eta Marimototsi
Kilometroak jaia aurkeztu zutenean iragarri zutenez, aurten, Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko dituzte, Azpeitiko Ikastolak urte berezi honetarako "ezarritako lan-ardatzekin bete-betean bat egiten dutelako". "Ia lau hamarkadaz, euskara ardatz nagusi izanik eta herrigintza lanabes, gizartean pil-pilean edota isilago bizirik dauden gaiak jorratu dituzte euren emanaldietan, baita sorkuntza lanetan ere: kulturartekotasuna, naturarekiko zaintza, euskal kultura eta ohiturak, etorkinak, familia eta haur zaurgarriak eta abar".
Makusi ere, Kilometroak jaian
Ohi bezala, EITBk eta MAKUSIk txokoa izango dute bertan, eta adin-tarte desberdinetako haur eta gaztetxoentzako jarduerak izango dira bertan.
MAKUSI gunera bertaratzen direnek eskaintza zabala aurkituko dute: egurrezko jokoak eta MAKUSI Play! jokoa, proiekzio txokoa eta "Irabazi Arte" saioan oinarritutako atezaindegi puzgarria, besteak beste. Horrez gain, 15:30etik 17:00etara, "Go!azen" saioko aktoreek musika eta dantza ikuskizuna eskainiko dute.
MAKUSIren txoko berezia 3. gunean egongo da, "Ikastola: euskara" gunean, goizez eta arratsaldez, 10:30etik 18:00etara.
Albiste gehiago kultura
Donostiako Jazzaldiak "arrakasta handiarekin" eta "sasoi betean" itxi du bere 60. edizioa
Miguel Martinen azken edizioa izan da, zuzendari gisa, baina Donostiako jaialdiaren "zerbitzura" lanean jarraituko du. Martinek ordainpeko 17 kontzertutan harmailak lepo bete direla nabarmendu du, eta gainerakoetan ia beteta egon direla. Doako 52 kontzertuek 158.700 pertsona batu dituzte, eta ordainpekoek, berriz, 20.480.
Mississippi Queen & The Wet Dogs bilbotarrek hasiera eman diote Bilbao Blues Festival jaialdiari
Igandera arte, Bilbo bluesaren munduko hiriburua izango da, eta bertan ez da legendarik eta ezustekorik faltako. Ostiral honetan Mississippi Queen & The Wet Dogs, The Kings of Blues eta Blackburn Brothers taldeen txanda izan da.
Portugaleteko "Munduko dantzak" jaialdia
Folklore jaialdia zuzenean.
Jamie Cullumek ireki du aurtengo Jazzaldia kontzertu "intimo" batekin, Kursaalean
Abeslari britainiarra ia ohiko bihurtu da Jazzaldian, eta aurtengoa bere bosgarren aldia da. Hau ez da Jamie Cullumek eskainiko duen kontzertu bakarra izango, izan ere, Zurriolako hondartzan doako kontzertu bat eskainiko du, bere hitzetan "festa bat" izango dena.
Portugaleteko "Munduko dantzak" jaialdia
Folklore jaialdia zuzenean.
Portugaleteko "Munduko dantzak" jaialdia
Folklore jaialdia zuzenean.
Portugaleteko "Munduko Dantzak" Jaialdia
Folklore jaialdia zuzenean.
Portugaleteko "Munduko dantzak" jaialdia
Folklore jaialdia zuzenean.
Euskalduna izango da ‘Mastodophonika’ ikuskizunaren eszenatokia, irailaren 5 eta 6an
Ekitaldian Mastodonte, Leioako San Juan Bautista Abesbatza eta Euskadiko Gazte Orkestra (EGO) igoko dira taula gainera.
HIGA Hizkuntza Gutxituetako Gazte Hiztunen Topaketaren inaugurazio ekitaldia
Goi-bilera uztailaren 14tik 18ra egingo da, Gasteizen. Ekitaldiak parte-hartzaileei tailerrak, hitzaldiak eta eztabaida-panelak eskainiko dizkie, hizkuntza berreskuratzeari, gazteen aktibismoari eta nazioarteko sareak sortzeari buruzkoak.