11:19

kultura

Ipar Euskal Herria

Gure Zirkua Maulen da asteburu honetan, Zuberoako ikastolen 50. urteurrena ospatzeko

Itxaso Leon Kareaga | EITB Media

Lehen aldiz Zuberoara gerturatu da tolosar zirkua, hiru egunez eta lau emanalditan.

  • Gure Zirkuaren karpa, Maulen. Argazkia: Iñigo Alustiza | EITB Media

    Gure Zirkuaren karpa, Maulen. Argazkia: Iñigo Alustiza | EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gure Zirkuak Maule-Lextarre bisitatuko du asteburu honetan, Seaska Ikastolen Elkartearen 50. urteurrena aitzaki hartuta. Ostiralean abiatu zuen zirkuak seigarren bira, eta igandera arte luzatuko da Ipar Euskal Herrian egingo duen bigarren egonaldia, lau emanaldirekin.

Tolosako zirkuak atzo eskaini zuen lehen emanaldia, eta aurretik ditu gaur arratsaldeko 16:00etan eta 18:30ean eman behar dituenak, igande goizeko 11:00etarako aurreikusita duenarekin batera. Jai Alai frontoiaren parean ezarri dute 250 ikusleko edukiera duen oihal-etxe koloretsua.

Iker Galartza aktoreak eta lehen euskal zirku ibiltariaren sortzaileak EITB Mediari adierazi dionez, "uste baino hobeto" bizi izan zuen ostiraleko lehen saioa. Izan ere, berandu samar hasi arren, bertaratutako jendearekin "sorpresa ikaragarria" hartu zutela aitortu du.

Erantsi duenez, desberdintasuna igarri du bertako ohituretan; jendeak unean bertan erosten baititu sarrerak, oro har, aurretiaz internet bidez eskuratu ordez. Hala, badaki gaur arratsalderako zirku erdia bete dutela jada, eta konfiantza du erabat beteko dutela.

Galartzak gogora ekarri du duela lau urte Lapurdin egonak zirela dagoeneko, baina lehen aldia dute Zuberoan, eta "ez da erraza izan". Zirkuko lantaldearen beraren meritua azpimarratzeaz gain, nabarmendu du "hemengo jendeak sekulako meritua" duela "hizkuntzari eta gure kulturari eusten".

Sarrerak gurezirkua.eus webgunean zein tokian bertan egongo dira salgai.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena