kultura
Ikerketa
eitb.eus
Kulturaren Euskal Behatokiak EAEko, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako 6.296 laguni egindako inkesta baten arabera, Euskal Herriko biztanleriaren % 23k kontsumitzen ditu euskarazko kultur produktuak.
EAEko, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako 15 urtetik gorako 6.296 laguni egindako galdeketa batetik lortutako datuetan oinarrituta, Kulturaren Euskal Behatokiak euskarazko kultur parte-hartzearen gaineko ikerketa baten emaitzak aurkeztu ditu gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Donostian.
Azterlanaren arabera, euskal hiztunen % 55,7k parte hartzen dute euskarazko kultur jardueretan (antzerkia, liburuak, zinema, bertsolaritza eta musika). Euskal Herriko biztanleria osoa (euskaraz badakitenak eta ez dakitenak) kontuan hartuta, % 22,8koa da euskarazko parte-hartze kulturala, kontuan hartuta euskal populazioaren % 29,7 dela euskal hiztuna, euskara “ondo” edo “nahiko ondo” hitz egiten duena.
Musika, antzerkia eta bertsolaritza, goraka
Parte-hartze hori bereziki nabarmena da musikan (euskal hiztunen % 83,5ek entzuten dute euskarazko musika, orain dela 10 urte baino 15 puntu gehiago), antzerkian (euskal hiztunen % 40 izan dira euskarazko antzezlanetan azken urtean, orain dela 10 urte baino 12 puntu gehiago) eta bertsolaritzan (euskal hiztunen % 31 izan dira bertso-saioren batean azken urtean, duela 10 urte baino 14 puntu gehiago).
Liburuak eta zinema
Euskal Herriko biztanleen % 11,8k euskarazko liburuak irakurri dituzte azkeneko hiru hilabeteetan. Euskal hiztunei erreparatuz gero, % 34,5ekoa da datu hori (hor beherakada bat ikusten da orain dela 10 urteko datuarekin alderatuta, % 38,8 izan ziren azken hiru hilabeteetan euskarazko liburu bat irakurri zuten euskal hiztunak, 2008ko antzeko ikerketa baten datuen arabera).
Zinema euskaraz ikustea da gutxien egiten den praktika kulturala, lan honetan aztertu direnen artean: euskal hiztunen % 3,7k ikusten dituzte euskarazko filmak.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa