14:43

kultura

Ekitaldia, otsailaren 9an

Dokumental bat, liburu sail bat eta ekitaldi bat, Txillardegi omentzeko

eitb.eus

Korrikak, EHUk eta 'Jakin'ek donostiar pentsalariaren ibilbidea ohoratuko dute. Otsailaren 9an, ekitaldia egingo dute Musikenen, Donostian.

1:21
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Korrikak, EHUk eta Jakinek bat egin dute euskara batuaren sorreraren 50. urteurrena ospatu berritan, Txillardegiri, euskara estandarraren sortzaile eta bultzatzaile izan zenari, aitortza egiteko.

Gaurko agerraldian azaldu duten bezala, Txillardegi aitzindari izan zen hainbat arlotan. Hala, euskaltzaletasuna ulertzeko modu irekia, ez esentzialista, ekarri zuen; naziotasunaren erdigunean kokatu zuen hizkuntza; euskal kultura moderno eta garaikidearen oinarriak jartzen lagundu zuen, eta euskal literatura Europako moldeetara ekarri zuen Leturiaren egunkari ezkutua nobelarekin. Ekin eta ETAko sortzaile izan zen, eta politikan ere jardun zuen gaztetatik; ondoren, ESB, HB eta Aralar alderdietan aritu zen.

Hori guztia kontuan izanik, nork bere ertzetik omendu nahi izan dute hiru erakundeek Txillardegi, elkarlanean. Hala adierazi dute prentsaurrekoan Asier Amondo Korrikako koordinatzaileak, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, Jon Zarate EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak, Miren Rubio Txillardegiren biografiaren egileak eta Kote Camacho dokumentalaren zuzendariak.

Omentzeko ekitaldia

Korrikak omenaldi-ekitaldia antolatu du otsailaren 9rako, Musikene Donostiako goi mailako musika ikastegian. Txillardegiren gustuko piano-piezak entzun ahalko dira bertan, eta familiak oroigarri bat jasoko du, egindako ekarpenaren esker onez. Amaitzeko, Txillardegiren Klika, Kote Camachok sortutako ikus-entzunekoa, proiektatuko da. Sarrera doakoa izango da, eta gonbidapena eskatu beharko da.

14. Korrikan Txillardegiri egin eta grabatutako elkarrizketan oinarritu da Camacho Klika filma sortzeko. Hortik abiatuta txertatu ditu gero Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Xabier Mendiguren eta Joxe Azurmendiren lekukotasunak, besteak beste.

Korrikaren omenaldi-ekitaldian ikusiko da aurrenezkoz, eta ETBn igandean egongo da ikusgai.

Dabilen pentsamendua bilduma

Jakinek eta EHUk Dabilen pentsamendua liburu bilduma sortu dute, XX. eta XXI. mendeko euskal pentsalari eta kulturgileen lana ezagutzera emateko, eta aurreneko saila Txillardegiri eskaini diote.

Horren barruan, Miren Rubio kazetariak idatzitako biografia eta Txilardegiren testu hautatuak argitaratuko dituzte, hiru liburukitan banatuta, euskara batua, nazio auzia eta hizkuntzaren filosofia ardatz hartuta.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena