11:42

Musika

Kontzertuak

Jaialdiak barra-barra, asteburuan

N. V. | EITB Media

Bilbao BBK Live eta Azkena Rock Festival jaialdien atarikoak, Xaltaian Best, Andoaingo Rock Jaialdia, Ekinez festibala, Entorno Sonoro eta Araba Euskaraz ospatuko dira ostiral, larunbat eta igandean.

  • Black Lips taldeak Andoaingo Rock Jaialdian joko du larunbtean. Argazkia: Alexandra Cabral.

    Black Lips taldeak Andoaingo Rock Jaialdian joko du larunbtean. Argazkia: Alexandra Cabral.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Uda gero eta gertuago dago, eta musika festibalak batu zaizkie herriko jaietako kontzertuei eta aretoetako programazioari musika agendetan. Asteburu honetan, hilak 9, 10 eta 11, berbarako, hainbat jaialdi izango dira Euskal Herrian.

Ostiralean hasita eta larunbatean ere, Bergarak Ekinez nagusiki punk rockeko jaialdia hartuko du Labegaraieta kiroldegiaren inguruan. 3.000 lagunen aurrean, 28 talde eta bakarlarik aurkeztuko dituzte beren proposamenak bi egunez: Skabidean, Brigade Loco, Tatxers, Hofe X 4:40 eta Biznaga madrildarrak, besteak beste, ostiralean; eta Brigada Criminal, Kaleko Urdangak, La Furia, Sofokaos, Against You eta beste asko larunbatean.  

Bi eguneko proposamena prestatu du, halaber, Azkena Rock Festivalek, Gasteizko jaialdia egin (hilak 15, 16 eta 17) baino astebete lehenago. Ostiralean, Artziniegan, Moonshine Wagon arabar taldeak eta Micky and The Buzz rock klasikoko boskoteak joko dute, eta larunbatean, Laudion, Los Brazos bilbotarrek, Xuorum punk rock talde arabarrak eta Dr. Lawson laudioarrek.

Jaialdi handiei dagokienez, Bilbao BBK Livek (Kobetamendi, uztailak 6-8) ere bere eskaintzaren lagin bat erakutsiko du larunbatean, hilak 10, Mungian. Egun osoan zehar, agertoki gainetan izango dira Alai, Ana Curra, Ben Yart, Bengo, Ezezez, Ezpalak, Goxua'n Salsa, Lendakaris Muertos, Potato, Sex Museum…

Lapurdin, Ziburun, Xaltaian Best egingo dute asteburuan. Ostiralean, Zortzi eta Ixabe taldeek zein Deabru Beltzak perkusio eta antzerki taldeak osatuko dute egitaraua; larunbatean, frontoiko plazan, Gatibu taldea izango da buru, eta horiekin batera izango dira Honky Tonky hirukoa eta Kraft.

Bizkaian bertan, Ugaon, Sarea Festek musikaz zipriztinduko du Ugao larunbatean. Herriko hainbat tabernatan, Joni Txintxes eta Billy Ladilla, Pasadenako Libe eta Jon, The Dolphiners, Erruki Jauna eta The Pushermen izango dira.

Larunbatean bertan, Andoaingo Rock Jaialdia egingo dute Gipuzkoako udalerrian, hamabosgarrenez. Black Lips estatubatuarrak dira kartelburuak, eta beraiekin batera arituko dira The Schizophonics, The Giant Robots, The Courettes, Chocolat Billy eta Nize Nafarroa plazan. Lehenago, eguerdiko saioetan, Arima, Siglas eta Krin taldeen kontzertuak egongo dira Zumea plazan, Plaza Morean eta Goikoplazan.

Nafarroan,  Estaciones Sonoras jaialdiak Entorno Sonoro eguna ospatuko du, Cascanten, eta Anne Lukinek kontzertu akustikoa eskainiko du eguerdian. Gero, 19:00etatik aurrera, Koloretan "kultura aniztasunaren festibala" hartuko du Zentral aretoak, Goxuan Salsa, Bruno y Lorena, Kabia Djs eta Afrikans daudela kartelean.

Asteburua ixteko, Araba Euskaraz hartuko du Olarizuk, Lautada ikastolaren alde, eta bertan joko dute STR, Kerobia, Akerbeltz, Trikidantz, Skabidean eta Ttek! taldeek.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena