Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka 2020 |EITB Durangoko Azoka

#-cultura/azoka-#

10:36

Durangoko Azoka

Elkarrizketa

Orbel: "Iluntasunetik argitasun kutsu batera heltzen gara beti"

Natxo Velez | EITB Media

Orbel lapurtar taldeak "Lur hezea" diskoa kaleratu du. Zortzi kantuko sorgin zimiko xarmagarri eta durduzagarria da laukotearen ibilbideko bigarren lan luzea.

  • Orbel. Argazkia: Fanny Maillard.

    Orbel. Argazkia: Fanny Maillard.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Lur umel eta zingiratsuak zapaldu ditu berriz Orbel laukoteak Lur hezea bere bigarren diskoan (Usopop Diskak & Medication Time Records, 2022). Iluntasuna eta hileta zein sehaska kantu paganoen oihartzuna dario Hegan diskoaren jarraipeneko sortari.

Argitasuna, baina, dirdiratsuagoa da beltzaren sakonetik begiratuta; hala, ahots harmonia eta melodia landu eta goxoagoek zein erritmo nabarmenagoek inoiz baino kolore gehiagoz jantzi dituzte bigarren saiakera honetan Orbelen doinu betiere ilunak.

Txomin Urriza, Kamille Dizabo, Alan Billi eta Annelise Arnaudekin hitz egin dugu lan honetaz, entzulearen burura tartean Neurosis erlaxatuago batzuk, Portisheaden oihartzunak edo jentilen letaniak ekarriko dituenaz.

Erritmoek eta ahotsek presentzia nabarmenagoa dute Lur hezea diskoan, Hegan aurreko lanarekin alderatuta. Zeri zor zaio aldaketa hori?

Kamille: Erran genezake bigarren obra dugun Lur Hezea nolazpait onduagoa ikusten dugula. Urteak joan eta zahartu ahala, beste bide batetik jorratzeko gogoa genuen, talde gehienetan naturalki hartzen diren norabide aldakorrak deskubritzeko xedea.

Erritmoek presentzia handiagoa dute, Alanen azken denboretako proiektu edo esperimentazioek gitarratik makinetara pasatzera bultzatu baitute. Horrela, oinarri erritmiko sendoa proposatu ahal izan zigun, eta unibertso zein giro berrietarako ateak ireki zitzaizkigun.

Horrez gain, ahotsei eta ahotsek dakartzaten hitzei ere leku handiagoa uzteko xedea genuen hasieratik. Horren arrazoia nondik datorren ez dakit; elkar hobeki ezagutzen dugunez gero, konfiantza pixka bat gehiago lortu, gauza gehiago sentitzeko edo errateko beharra... ez dakit. Baina argi da ahotsek berek melodia eta harmonia gehiago ekartzen dutela.

Bi urtean egindako kantuak bildu dituzue disko berrian. Nola landu dituzue, tartean pandemia izan dela kontuan hartuta?

Kamille: Erran bezala, Alan agertu zen makinetatik sortutako soinu giro edota erritmo ideia ugarirekin. Horretatik abiatu genuen sorkuntza prozesua, egunaren eta umorearen araberako kantu desberdinak sortuz, energia eta dinamika orekatuak xerkatuz...

Tartean pandemia izan zen, bistan dena, baina ez dut uste hertsapen horrek eragin txarra izan duenik guregan edo gure ikuspegia aldatu duenik. Azken finean, denbora gehiago izan genuen ideia berriak jorratzeko, elkarrekin jotzeko, eta sortzen genuen musikan plazer hartzeko.

Zer izan behar du kantu batek edo kantugai batek berorretan lan egiteko grina pitz diezazuen?

Kamille: Zerbait sortzen hasten garelarik, sentipenek eta emozioek gaina hartzen dute. Gehienetan, denok sentitzen dugun oinarri batetik abiatzen gara; beraz, erran daiteke lan egiten edo horretan segitzeko grina piztuta dagoela.

Lau garenez, gerta daiteke sorkuntzan aitzinatu arau norabide edo sentipen desberdinak izatea, eta halako kontraerran edo desadostasun puntu batera heltzea; edo alderantziz, batek proposatzen duenaren alde egitea, eta norabide berria deskubritzea.

Sortzen duguna berriz egin eta desegiten dugu, denon gustukoa izan arte.

Orbel. Argazkia: Fanny Maillard.

Orbel. Argazkia: Fanny Maillard.

Elektronikaren aukerak amaigabeak dira. Noiz uzten diozue kantu bat janzteari?

Kamille: Amaigabeak bezain oztopagarriak izan daitezke, nik uste. Diskoa grabatzean, makinek eman diezazkiguketen aukera horiek guzien eta gure baitan dugun aspektu organiko horren arteko oreka atzematen entseatu ginen.

Horretan, The Apiary estudioko Amaury Sauvek laguntza mesedegarria eman zigun. Azkenean, erran nezake soinu elektrikoek gure musika organikoa sendotzeko, dinamikak nabarmentzeko eta intentsitateak elikatzeko balio izan digutela.

Zer eman die Amaury Sauvek kantuei?

Kamille: Erran bezala, Amauryren ikuspegia ezinbestekoa izan zaigu. Ekoizpen lanean laguntza handia eman zuen, argitasun eta finezia handiko pertsona da.

Kanpoko ikuspegi aditu batekin, gure mezua, dinamikak eta intentsitateak sakondu eta hobetu ahal izan ditugu. Lavaleko (han dago estudioa) lehen egonaldia 2021eko irailean egin genuen. Hor hasi ginen Amauryrekin lan egiten eta gauza zehatzagoetan sartzen. Gero, hilabete bateko tartea izan genuen gure saldari gatz eta biper pixka bat gehitzeko, eta azaro hastapenean, Lavalera joan ginen berriz, grabatzera eta ekoizpen lanak burutzera.

Iluntasuna darie zuen kantuei. Zer-nolako entzulea duzue gogoan, konposatzean baino gehiago, diskoa editatzen duzuenean?

Kamille: Kantu desesperatuenak izaten omen dira ederrenak (kar kar). Kantuak horrela ateratzen eta gustatzen zaizkigu, baina uste dut iluntasunetik argitasun kutsu batera heltzen garela beti, hori xerkatzen dugu behintzat. Ez da dena ilun, edo dena argi, bata ezin baita bestea gabe bizi.

Gure proiektua ez dago publiko berezi bati zuzendua. Konposatzean edo diskoa kaleratzen dugunean, ez dugu horretan pentsatzen. Gustatzen zaiguna egiten eta eskaintzen dugu. Gure entzuleak izanen dira, orduan, gure musikak eman ditzakeen emozioak eta kontrasteak gustuko dituztenak.

Orbel. Argazkia: Fanny Maillard.

Orbel. Argazkia: Fanny Maillard.

Alde bisuala asko zaintzen duzue. Zelakoak dira eta izango dira Orbelen kontzertuak?

Kamille: Alde bisuala zaintzera entseatzen gara hasieratik, baina horrek ez du erran nahi itxurari edo irudiari lehentasuna ematen diogunik. Irudiek beste zerbait kontatzen dute, beste modu batez deitzen gaituzte.

Gure proiektuari dimentsio desberdinak eman nahi genizkion, inguruan ditugun jeinu artistikoak nahasiz (Fanny Maillard argazkientzat, Mikel Perez argientzat, Mathieu Garcia soinuarentzat...). Zuzenekoa lantzen ari gara Mikel eta Mathieurekin; argietan eta soinuan egiten duten kristoren lana eskertzekoa da, zinez.

Txominek eta Annelisek beste bi disko aurkeztuko dituzue Durangoko Azokan, Bazkarena ("Basoaren ilunean dantza") eta Mäirürena. Nola bizi duzue estilistikoki horren ezberdinak diren proiektuetan jotzea?   

Annelise: Musikan, bizitzan bezala, mundu desberdinak aztertzeko beharra sentitzen dut, jantzi desberdinak janztea. Lagunez osatutako bi musika taldetan jotzeko zortea dut.

Mairü oso instrumentala da, melodikoa eta arina, eta Orbel, berriz, ahotsei lotuagoa, araztuagoa eta pentsakorragoa. Bi proiektu horiek giza nortasunaren alderdi nahiko desberdinak irudikatzen dituzte, eta nire emozioak orekatzen. Agendari dagokionez, ordea, kudeaketa nahiko zaila da, lanaldi osoan lan egiten dudalako bestalde, baina ez dut horretaz kexatzerik...

Txomin: Bazka eta Orbelez gainera, Kuma No Motor eta Venil (gure Alan eta Mikel argi teknikariarekin batera) taldeetan ari naiz. Estilo oso desberdinetako lau taldetan jotzeak bidea ematen dit oso giro desberdinak lantzeko, eta nire gogo guztiak proiektu bakarrean sartu eta inposatu nahi ez izateko.

Zentzu horretan, oso lasaigarria da niretzat eta besteentzat! Talde batzuk katarsi modukoa dira niretzat; beste batzuek esperimentatzeko aukera ematen didate. Eta, oroz gainetik, lagunekin egoteko ahala ematen didate.

Musika sorkuntza oso emankor ari da azkenaldian Ipar Euskal Herrian: Lumi, Habia, Kuartz, Willis Drummond, Bloñ, Odei, Ztah, Torheit, zuek zeuek, beste neurri batean, Gojira… Badago proposamen horiek lotzen dituen hari edo arrazoi komunik?

Kamille: Iparraldeko sorkuntza proiektuak emankorrak direla argi dago, baina ez bakarrik musikan... Dantzan, antzerkian baita bideogintzan ere ikus ditzakegu altxor ttipiak.

Ez dakit zerk lotzen dituen proposamen horiek guziak, baina uste dut denok atzeman dugula inspirazio iturririk artean, bere forma batean edo bestean, eta denok dugula zer erran. Eta uste dut ausardia puntu bat badela Iparraldean, gauzak beldurrik gabe probatu eta nahasteko. Horregatik daude hainbat proposamen berezi.

Beste ikuspegi batetik hartuta, euskara edo euskaraz sortzeko gogoa liteke lotzen gaituen haria.

Durangoko Azokan gaudela kontuan izanik, nola ikusten duzue euskal musikagintza arte aldetik eta "industria" aldetik?

Kamille: Euskal musikagintzari buruz hitz egitea zaila da, ikuspegi desberdinak eta arrunt subjektiboak izanen baitira, funtsean. Euskal musika aberatsa da, kolore eta gustu anitzetakoa; hori da, azken finean, garrantzitsuena. Musika egiteak ez du sekula minik egin; ez bazaizu estilo bat gustatzen, gustukoa duzuna entzun dezakezu eta kitto.

Annelise: Nahiago dut sormenaz hitz egin industriaz baino (batez ere, oraingoz, Orbel taldearekin, ordaintzen zaiguna baino diru gehiago gastatzen dugulako guk, eta, horregatik, alderdi ekonomikoa urrun samar geratzen zaigu). Niretzat, proiektu horiek guztiak lotzen ditu gure hizkuntzak –euskarak– eta gure lurraldeak –Euskal Herriak–. Gutxi badirudi ere, asko da!

Horrek erakusten du musikak eta arteak ez dutela ahots bakarra, baizik eta kolore eta zapore anitzak. Rocka oso sustraituta daukagu, baina gaur egun, estetikak ugaritu egiten dira, eta plazer bat da kultur aberastasun hori ikustea gure herrietako agertoki eta karriketan.

'Lur hezea'

'Lur hezea'

Zer beste disko eta liburu erosiko dituzue Durangoko Azokan?

Annelise: Lumiren lan berria, Willis Drummond taldearen disko berria, MICEren obra berri bikaina, Peru Galbeteren kantu goxoak, Aitor Etxebarria, Gartxot-en proiektuak (Ghau eta kolaborazioak).

Txomin: Ødeiren diskoa. Ahantzi gabe Azokan agertuko ez diren musika talde eta mugimendu pila bat dagoela Euskal Herrian. Durangokoa argazki bat da, baina koadrotik kanpo beste gauza interesgarri asko gertatzen dira. Izan kurios, entzun, joan kontzertuak ikustera!

Zer opa diozue Lur Hezeari?

Kamille: Sekula ez idortzea.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena