Bertsolaritza
NBT23
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB Media
1.048,5 puntu eskuratu ditu Sotok, eta Eneko Lazkoz izan da bigarren, 1.045,5 bilduta. Xabat Illarregi Marzol, Joanes Illarregi Marzol, Saioa Alkaiza Guallar, Josu Sanjurjo Altzuri, Saats Karasatorre Martinez eta Sarai Robles Vitas izan dira ondorengoak finalean, ordena horretan.
Julio Sotok irabazi du larunbat honetan Iruñean jokatu den 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Seigarren txapela jantzi du, honenbestez, gorritiarrak. Orain arte bost txapela zituen irabazita, 2010, 2011, 2015, 2017 eta 2019an. Azken hartan bezala, Eneko Lazkoz izan da gaur ere bigarrena, hiru puntu eskasera. Biak iritsi dira buruz burukora, eta azken proba hori amaituta, 1.048,5 puntu eskuratu ditu Sotok eta 1.045,5, berriz, Lazkozek.
2.350 lagun bildu dira Iruñean, Anaitasuna polikiroldegian, Bertsolari Finala ikusteko.
Ariketa guztiak amaiuta, honela geratu dira puntuazioak:
Julio Soto Ezkurdia: 1.048,5 puntu
Eneko Lazkoz Martinez: 1.045,5 puntu
Xabat Illarregi Marzol: 635,5 puntu
Joanes Illarregi Marzol: 601 puntu
Saioa Alkaiza Guallar: 594 puntu
Josu Sanjurjo Altzuri: 569,5 puntu
Saats Karasatorre Martinez: 556 puntu
Sarai Robles Vitas: 550,5 puntu
Saioa Alkaiza izan zen aurreko edizioan txapelduna, 2021ean, baina oraingoan ez du txapela irabazterik izan.
Gainean ditugun gatazkei aipamena egin nahi izan die Sotok azken agurrean, horiek guztien gainetik gizakiengan itxaropena duela nabarmenduz:
Israelek Gaza piztien eran
ta mundua bestaldera begira
sahararrak oihuka ari dira
etorkinak egurrezko pateran.
Eskaleak bost zentimo plateran
zenbait nortasun sexual arazo
guk gizonok emakumeei eraso
eta euskara zapaltzaileen ziegan.
Sinetsi nahi dut gizakiarengan
nahiz motiborik ez dugun ematen
nik esperantza dut egunen baten
justizia hasiko dela hegan.
Justizia hasiko dela hegan
nik esperantza dut egunen baten
nahiz motiborik ez dugun ematen
sinetsi nahi dut gizakiarengan.
Hamaikagarren aldiz kantatu du finalean Sotok
Saats Karasatorrek eta Sarai Roblesek lehen aldiz kantatu dute final batean. Julio Sotok, ostera, hamaikagarren finala izan du, eta Eneko Lazkozek, zortzigarrena. Bestalde, hirugarren finala izan da Joanes eta Xabat Illarregi anaientzat, eta bigarrena Josu Sanjurjo eta Saioa Alkaizarantzat.
Hamabi urtez Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari izan ostean kargua utzi berri duen Alaitz Rekondo Ferrerok jantzi dio txapela Julio Sotori.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa