08:09

Artea

performancea

Abel Azconak amaren eskuari helduko dio 37 urte geroago

Natxo Velez | EITB Media

Nafar artistak "El encuentro final" (azken topaldia) performancea egingo du asteartean, apirilak 1, Madrilen; Isabel Gomez Aranda amarekin batuko da Azcona, akzio artistiko batean, hark jaioberria zela abandonatu eta gero.

  • Abel Azcona, ''El encuentro final'' performancerako prest. Argazkia: abelazcona.art

    Abel Azcona, "El encuentro final" performancerako prest. Argazkia: abelazcona.art

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Abel Azcona iruindar artistak (Madril, 1988ko apirilaren 1a) bere ibilbideko obrarik "gogor eta intimoena" gauzatuko du asteartean, apirilak 1, Madrilen, Círculo de Bellas Artes espazioan; El encuentro final (azken topaldia) performancean, "akzio artistikoan", Isabel Gomez Aranda bere ama biologikoa berriz ikusi eta ukituko du Azconak, drogen gaineko mendekotasunak, prostituzioak eta erasoek zeharkatu duten bizimodua izan duen emakumeak jaio berritan, inkubagailuan (fetuaren sindrome alkoholikoaz jaio zen Abel), abandonatu zuenetik 37 urtera.

Azconak Los pasos hacia la madre (amarenganako urratsak) 2023ko urriaren 19an abiatu zuen obra prozesuala burutuko du horrela. Egun horretan, Gomez Aranda 2005etik obra zinez autobiografikoa (idatziak, arte prozesuala, bideoak, ekintzak, pintura, eskultura, argazkiak eta instalazioak) jorratu duen artistarekin harremanetan jarri zen, obrara etengabe lerratu den bere ama —amarik eza— bera zela jakinarazteko.

Harrezkero, astearteko akziora ekarri duten urratsak bildu eta erakutsi ditu Azconak, Los pasos hacia la madre bilduman: DNA proba positibo bat jendaurrean irakurtzeam ama-semeen arteko mezuak ("ez diot neure buruari inoiz barkatuko, ze, etengabe galdetuta ere, ez dut aurkitzen zu abandonatzeko arrazoia", esaten dio horietako batean Gomez Arandak), deiak, galderak, erantzunak… Astearteko jardueran, bere ibilbide artistikoarekin koherente, bekoz beko begiratuko dio bere traumetako bati, zurztasunaren onarpenari kasu honetan, eta jatorrien bilaketari eta identitateari.

Prozesu honetan guztian, Manuel Lebrijo Gonzalezekin ere elkartu da Abel Azcona, aita biologikoa ez izanagatik jaiotza agirian aita gisa agertzen den gizonarekin. Isil-isilik, bi idulkiren gainean paratu ziren biok, eta elkarri eskua estutu zioten, hainbat minutuz, 2023ko azaroaren 11n Amos Salvador Logroñoko aretoan. Lehenago, hiru urte zituela Lebrijok Azcona hartu eta legez kanpo Badajozera eraman eta bertan atxiki zueneko bidaia berritu zuten biek.

'Volver al padre' proiektuaren barruko bidaia performatiboa

'Volver al padre' proiektuaren barruko bidaia performatiboa. Argazkia: Abel Azcona.

Asteartean Madrilgo Círculo de Bellas Artesen (19:30) egingo duen akzioa "pertsonaletik haratago" doa, Semiramis Gonzalez performancearen komisarioaren hitzetan, "agerian jarriko baitu artea zauriak sendatzeko balio duela, baita mina ikusarazteko eta egitura patriarkalei aurre egiteko ere".

Performancea bertatik bertara jasoko duten 400 pertsonei zergatik joango diren azaltzeko eskatu diete, eta, galderari erantzunda, "bi-biek jasan dituzten indarkeriei buruz hausnarketa egitera" gonbidatu dituzte, performancearen bidez. "Katalizatzaile paregabea" da forma artistiko hori, Gonzalezen esanetan, "mina eta emozioa publikoari hain elkartze sakon baten lekuko izatea ahalbidetuko dion esperientzia artistiko eta sozial bihurtzeko".

Nahimen eraldatzaile hori da, hain zuzen, Azconaren arterako erregaia, eta horrek gidatuta jorratu ditu, esate baterako, maitasunik eza, desira, galera, dolua, memoria eta abusuak ("Amen" bere lanak auzibidea eta Elizaren eta fundamentalista katolikoen pertsekuzioa ekarri zizkion) bere obran.

Marina Abramovic "performancearen amabitxi" eta Azconaren kolaboratzaileak esana da: "Antzerkian, ketchupa da odola; performancean, odola da odola".

'El encuentro final'eko idulkiak, aretoan prest, Argazkia: Abel Azcona.

'El encuentro final'eko idulkiak, aretoan, prest. Argazkia: Abel Azcona.

Iruzkinak

    • Bisitatuena

      1
       
      kargatzen