14:46

Artea

Bilduma Partekatua

17 artistaren 28 lan erosi ditu Eusko Jaurlaritzak

N. V. | EITB Media

Bilduma Partekatua programaren bidez, jardunean dauden artista plastikoen lanak erosi eta Artium Museoaren bilduman gordetzen dira. 2020an jarri zen martxan programa, eta 200.000 euroko inbertsioa egin dute aurten berorretan.

0:42
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak Bilduma Partekatua proiektuaren 2024ko ekimenean egindako artelanen erosketa aurkeztu du gaur, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura sailburua buru zela, Artium Museoan, Gasteizen.

200.000 euro erabili ditu Jaurlaritzak aurten, jardunean diren 16 artistaren eta artista talde baten 28 obra erosteko: pintura, eskultura, bideoa, marrazkia, collagea eta argazkia. Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoko, Bilboko Arte Ederren Museoko eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko arduradunek osatutako erosketa batzorde batek aukeratzen du urtean-urtean zein lan aukeratu, eta Artium Museoko funtsean sartzen dituzte lanok.   

2024ko Bilduma Partekatuan artista hauen artelanak sartu dituzte: Juan Aizpitarte (Donostia, 1974); Ana Laura Alaez (Bilbo, 1964); Itziar Barrio (Bilbo, 1965); June Crespo (Iruñea, 1982); Mikel Diez Alaba (Bilbo, 1947), zeinaren bi pieza Jose Ramon Morquillasekin (Barakaldo, 1947-Bilbao, 2023) lankidetzan egin ziren; Jon Gorospe (Gasteiz, 1985); Tom Johnson (Colorado, Ameriketako Estatu Batuak, 1939 - Paris, Frantzia, 2024); Kimia Kamvari (Kolonia, Alemania, 1986); Jesus Mari Lazkano (Bergara, 1960); Abigail Lazkoz (Bilbo, 1972); Claudia Rebeca Lorenzo (Logroño, 1988); Juan Mieg (Gasteiz, 1938); Gabriela Muñagorri (Donostia, 1974); Juan Perez Agirregoikoa (Donostia, 1963); Alex Reynolds (Bilbo, 1978); Natalia Suarez Ortiz de Zarate (Gasteiz, 1994); eta Dario Urzay (Bilbo, 1958).

Ibone Bengoetxeak aurreratu du datorren urterako % 50 handituko dutela ekarpena, eta 300.000 euro bideratuko dituztela guztira programa honetara.

2020an, covid-19aren pandemiak eragindako osasun-krisiaren testuinguruan, martxan jarri zenetik, 97 artista eta kolektiboren 172 artelan erosi dira programa honen barruan.

Iruzkinak

    • Bisitatuena

      1
       
      kargatzen