Artea
Ekainak 7 – irailak 22
N. V. | EITB Media
Austriar pintorearen atzera begirako erakusketa ekinaren 7tik irailaren 22ra egongo da zabalik, eta hirurogeita hamar akuarela eta olio pintura batuko ditu, sei hamarkadatan egindakoak.
Martha Jungwirth. Argazkia: Shawn Dell.
Guggenheim Bilbao Museoak Marta Jungwirth austriar artistaren (Viena, 1940) lanen atzera begirako erakusketa irekiko du ekainaren 7an: sei hamarkadako bidean egindako hirurogeita hamar artelan baino gehiago, guztira. Sortzailea "mundu fisikoan oinarritutako lengoaia abstraktua" erabiltzeagatik nabarmentzen da, museotik azaldu dutenez.
1976 eta 2023. urteen artean egindakoak dira Lekha Hileman Waitoller komisarioak erakusketarako hautatu dituen artelanak: akuarelak eta olio pinturak zein artistaren hiru liburu.
"Jungwirthen margolanak eta marrazkiak maisutasun handiz mugitzen dira errealismoaren eta abstrakzioaren arteko muga sotilean zehar", Guggenheimetik azaldu dutenez, "izan ere, bere artearen helburua ez da narratiba edo errepresentazio bisual argi bat irudikatzea; aitzitik, emozioak adierazteko balio duten keinuzko trazu indartsuak eta bizitasun handiko koloreak ditu ezaugarri".
Titulurik gabea, Spittelauer Lände sailekoa (Ohne Titel, aus der Serie Spittelauer Lände), 1993. © Martha Jungwirth, Bilbao, 2024
Jungwirthen lehen obrek "gordintasunari eta subjektibotasunari heltzeko modu berezia" erakusten dute, "espresionismo abstraktuaren eta halako tasun gordin eta hunkigarri baten arteko uztarketa".
Jungwirthen margolan indartsuetan "estilo zeharo inkonformista" antzematen da, museoko arduradunen hitzetan: "Ezohiko euskarrietan sortuak dira, besteak beste kartoiaren, kontabilitate-liburuen edo zatar-paperaren gainean".
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa