Frantziako Tourra zuzenean 2022: Etapak, taldeak, Tourreko profilak | EITB Frantziako Tourra
Frantziako Tourra 2020
20. etapa
EITB MEDIA
UAEko esloveniarra Gall, Vingegaard eta Yates anaiak baino azkarrago ibili da azken metroetan. Simon Yatesek Carlos Rodriguez aurreratu du sailkapen nagusian; Pello Bilbaok seigarren postuan amaituko du lasterketa.
Albisteak (3)
Bideoak (5)
Tadej Pogacarrek irabazi du Tourreko azken mendiko etapa handia
Frantziako Tourreko 20. etapako azken kilometroa, Pogacarren garaipenarekin
UAE Emirates taldeko Tadej Pogacar txirrindulari esloveniarrak irabazi du larunbatean 2023ko Frantziako Tourraren hogeigarren eta azken-aurreko etapa, Le Markstein Felleringen, eta, horrenbestez, bigarren etapa garaipena eskuratu du 110. Tourrean, lasterketako azken mendiko etapa handian. Pogacarrek Felix Gall AG2Rko austriarra, Jumbo-Vismako Jonas Vingegaard danimarkarra eta Simon eta Adam Yates anaiak (Jayco eta UAE) menderatu ditu azken metroetan, sailkapen nagusia erabat zehaztuta utzi duen egunean; sailkapen nagusi horretan, Jonas Vingegaardek aurreneko postuan jarraitzen du, Pogacar bigarren dabil, eta Adam Yates hirugarren, eta Simon Yatesek INEOS-Grenadiers taldeko Carlos Rodriguez aurreratu du. Rodriguezek bosgarren tokian amaituko du Tourra, eta Pello Bilbaok (Bahrain-Victorious), aldiz, seigarren postu bikaina erdietsiko du azken sailkapenean.
Tourra amaitzear dela, lasterketako azken egunean Eliseoko Zelaietan ematen den azken paseoa soilik geratzen dela, txirrindulariek ikuskizun bikaina eskaini dute berriro ere; une oro izan dira erasoak, eta hainbat ziklista saiatu dira euren postua hobetzen, etapan eta sailkapen nagusian. UAEk ohartarazita zuen irabazteko ahalegina egingo zuela, eta bete egin du helburu hori; Pocagarrek egun txarra izan zuen asteazkenean, baina buelta eman dio egoerari, eta ezin hobeto amaitu du Tourra, bigarren etapa eskuratuta. Simon Yatesek laugarren postura igotzea erdietsi du, eta Rodriguezek dena eman du, erorikoa izan arren, toki hori defendatu nahirik. Pello Bilbaok ere jo du gogor; Gernika-Lumoko txirrindularia, beste behin, ederto ibili da, eta zortzigarren helmugaratu. Minutu erdi bakarrik falta izan zaio Frantziako Tourra bosgarren postuan amaitzeko.
Mugimendu handia, lehen kilometroetatik
Etapa gogorra eta urduria izan da; txirrindulariak, nahiz eta hiru asteko nekea nabaritu, asko mugitu dira lehen kilometroetatik. Giulio Ciccone (Lidl-Trek), mendiko liderra, sailkapen hori irabazteko aukera baliatzen saiatu da, eta eguneko lehen lau mendateetan puntuak lortu ditu; 2. mailako hiru eta 3. mailako bat zeuden, 1. mailako bi azkenak igo aurretik. Italiarrarekin batera, maila handiko zenbait gizon nabarmendu dira: Jon Izagirre, Skjelmose, Pidcock, Barguil, Pinot, Uran, Vermaerke, Kung… Izen handiak, Tourreko azken etapa handirako.
Helmugarako 60 kilometro baino apur bat gutxiago geratzen zela, etapa La Schlucht mendatean zebilela, hamar gizon zeuden lasterketa buruan, eta tropela minutu batera zihoan: Tom Pidcock (INEOS), Thibaut Pinot (Groupama-FDJ), Giulio Ciccone eta Mattias Skjelmose (Lidl-Trek), Warren Barguil (Arkea-Samsic), Maxim Van Gils (Lotto-dstny), Kevin Vermaerke (DSM), Chris Harper (Jayco-AlUla), Valentin Madouas (Groupama-FDJ) eta Rigoberto Uran (EF Education-EasyPost). Ez zen erraza asmatzea zer gerta zitekeen, oraindik Petit Ballon eta Platzerwasel zeudela aurretik.
Thibaut Pinot motibazio handia zuela irten da etapan; izan ere, agur esango dio aurten txirrindularitzari, eta igandean bertan Tourrari, eta, hori gutxi balitz bezala, etxean zuen etapa, Vosgetan. Erasoa jo du Petit Ballonen, eta aurreneko postuan jarri da; Pidcock, Barguil eta Harper zeuden atzean, bera harrapatu nahian. Ihesaldiko gainerakoak atzerago geratu dira, Ciccone barne; italiarrak bermatuta zuen, jada, mendiko sailkapena. Vingegaarden eta Pogacarren taldeak minutu batetik gorako galera zuen, gertu zegoen, eta zaleek, bitartean, Pinot babestu dute; giro bikaina izan da mendate horretan.
Aurrerapausoa
Ezin izan du Pinotek garaipena lehiatu, baina, Platzerwaselen sailkapen nagusiko indartsuenek aurrerapausoa eman baitute. Pidcockek eta Barguilek frantziarra harrapatu dute, eta, une horretan bertan, faboritoen taldean, Tadej Pogacarrek aurrera egin du; Vingegaard eta Gall geratu dira esloveniarrarekin, eta segituan iritsi dira hirurak lasterketa burura. Pidcock, Barguil eta Pinot berehala geratu dira atzerago; Simon eta Adam Yatesek ere jo dute, Carlos Rodriguez oso sendo ez baitute ikusi, eta Pello Bilbao ahalegindu da, halaber, INEOSeko espainiarrari aurrea hartzen.
Lasterketa buruko boskoteak, alegia, sailkapen nagusiko lehenengo laurek eta Gallek (zortzigarren tokian dabil azken hori), etapa jokatu du. Pogacarrek ez die aurkariei inolako aukerarik eman. Segituan kokatu da aurreneko postuan, eta garaipena ospatu ahal izan du, helmugako pankartapean. Ez dago batere gaizki UAEko liderraren balantzea: bi etapa bereganatu ditu, eta bigarren tokian amaituko du Tourra. Vingegaardek irabaziko du, Parisen, igandean, lasterketa; gogoan izateko moduko zenbait irudi utzi ditu probak aurten, eta maila benetan bikaina izan du, Bilboko irteeratik.
Etapako sailkapena
1 - POGACAR Tadej (UAE) 3:27:18
2 - GALL Felix (AG2R) d. b.
3 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) d. b.
4 - YATES Simon (Jayco) d. b.
5 - YATES Adam (UAE) +0:07
6 - BARGUIL Warren (Arkea) +0:33
7 - PINOT Thibaut (Groupama) d. b.
8 - BILBAO Pello (Bahrain) d. b.
9 - JOHANNESSEN Tobias Halland (Uno-X) +0:50
10 - MAJKA Rafal (UAE) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) 79:16:38
2 - POGACAR Tadej (UAE) +7:29
3 - YATES Adam (UAE) +10:56
4 - YATES Simon (Jayco) +12:23
5 - RODRÍGUEZ Carlos (INEOS) +12:57
6 - BILBAO Pello (Bahrain) +13:27
7 - HINDLEY Jai (BORA) +14:44
8 - GALL Felix (AG2R) +16:09
9 - GAUDU David (Groupama) +23:08
10 - MARTIN Guillaume (Cofidis) +26:30
15 - CASTROVIEJO Jonathan (Cofidis) +56:37
19 - LANDA Mikel (Bahrain) +1:12:41
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa