Frantziako Tourra zuzenean 2022: Etapak, taldeak, Tourreko profilak | EITB Frantziako Tourra

Frantziako Tourra 2020

17:18

Frantziako Tourra 2020

10. ETAPA

Pello Bilbao, garaile Issoireko helmugan

EITB MEDIA

Gernikako txirrindularia talde txiki bateko esprintean nagusitu da, eta bosgarren jarri da sailkapen nagusian.

1:51
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pello Bilbao Bahrain-Victorious taldeko euskal txirrindulariak irabazi du asteartean 2023ko Frantziako Tourraren hamargarren etapa; izan ere, bost gizon iritsi dira ihes eginda azken metroetara, Issoiren, garaipena jokatu dute esprintean, eta gernikarra izan da azkarrena. Bizkaitarrak Intermarcheko Georg Zimmermann eta AG2R taldeko Ben O'Connor menderatu ditu (hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren sartu dira bi ziklista horiek), eta garaipen historikoa erdietsi du: euskal txirrindularitzak bost urte zeramatzan, 2018tik, Frantziako Tourrean etaparik irabazi gabe, Omar Frailek Menden irabazita. 55. aldiz gailendu da euskal txirrindulari bat Frantziako Tourrean, gainera. Sailkapen nagusian, Jonas Vingegaard Jumbo-Vismako danimarkarrak lehen postuan jarraitzen du, eta UAE Emirates taldeko Tadej Pogacar esloveniarra bigarren dabil, 17 segundora; Pello Bilbaok aurrerapauso handia eman du sailkapenean, eta bosgarren jarri da, Vingegaardekiko 04:34ra. Bahrain-Victorious taldeko txirrindulari gernikarrak Gino Mader taldekideari eskaini dio garaipena; lagun handiak ziren, eta Maderrek, ekainean, Suitzako Itzulian, eroriko larria izan zuen eta zendu zen, horren ondorioz.

Pello Bilbaok eskuratutako garaipena bikaina izan da, betiko gogoan izatekoa. Jardunaldia ziztu bizian hasi da, eta Vingegaard eta Pogacar ere izan dira ihesaldi batean, baina Bahrain-Victorious taldeko bizkaitarra egun osoan izan da aurreneko postuetan. Ihesaldia osatuta, Pello Bilbao zen sailkapen nagusian ondoen zebilena, eta, hortaz, erantzukizuna hartu du, bera zegoen taldearen kontrola hartzeaz, edo aurkarien ahaleginei erantzuna emateaz. Une oro saiatu da aurrera egiten eta hobetzen, etapan eta sailkapen nagusian, anbizioa izan du, ziur aritu da, eta burua hotz izan du une erabakigarrian, esprintean. Ezin hobeto gailendu da, merezimendu osoz, eta erakustaldia eman du.

Etaparen profilak argi uzten zuen lehia bizia izan zitekeela hasieratik, bereziki kontuan izanik atseden egunaren biharamunean zegoela Tourra; gertaturikoak, baina, aurreikuspen guztiak hautsi ditu. Jon Izagirre izan da aurrera jotzeko saiatu den aurrenetakoa, eta segituan inork espero ez zuena jazo da: Jonas Vingegaard eta Tadej Pogacar zebiltzan ihes eginda, beste 20 txirrindularirekin batera, eta Jai Hindleyren BORA-Hansgroge taldea lanean jarri behar izan da. Jayco taldeko Simon Yates ere zegoen lasterketa buruan, bai eta Jon Izagirre eta Pello Bilbao ere.

Groupama taldeko David Gauduk, etapa hasi aurretik sailkapen nagusian bederatzigarren sailkatua bera, zailtasunak izan ditu Guery mendatean. 2. mailako Croix Saint-Roberten, Pello Bilbao eta beste sei gizon, hain zuzen Ben O'Connor (AG2R), Christopher Juul-Jensen (Jayco), Warren Barguil (Arkea), Georg Zimmermann (Intermarche), Esteban Chaves (EF Education) eta Nick Schultz (Israel), lasterketa buruan zebiltzan; atzetik, segundo gutxi batzuetara, Julian Alaphilippe (Soudal Quick-Step), Harold Tejada (Astana), Michal Kwiatkowski (INEOS), Krists Neilands (Israel), Antonio Pedrero (Movistar) eta Anthony Perez (Cofidis) zihoazen. Sailkapen nagusiko tropela hiru minutu atzerago zebilen, buruko bi taldeek bat egin dutenean.

Puntu horretan, oreka nagusitu da etapan, nolabait. Ihesaldiko 14 gizonek aldeari eutsi diote; 40 kilometrotan, bi minutu eta erditik gorakoa izan da. Hein handi batean, Pello Bilbaoren lan bikainak bideratu du hori: Gernika-Lumoko txirrindularia sailkapen nagusiko onena zen, eta aukera ona zuen lehen hamarren artean sartzeko, eta eskuzabal jokatu du, ahalegin handia eginez. Ematen du Bahrain-Victorious taldeko bizkaitarra gero eta hobeto dabilela, egunek aurrera egin ahala.

Helmugarako 32 kilometro geratzen zirela, Israel-Premier Tech taldeko Krists Neilands letoniarrak eraso du, eta ez zaio asko falta izan taldeari bigarren garaipena jarraian emateko, igandean Michael Woodsek Puy de Domen lortutakoaren ostean. Etapako azken kilometroetan emozio handia izan da: Neilands zihoan aurretik, erritmo ona zuela; Pello Bilbao, Zimmermann, Pedrero, Chaves eta O'Connor minutu erdira zihoazen, eta Alaphilippe, Kwiatkowski, Skjelmose eta Barguil, ordea, minutu batera. Aldea gero eta gehiago ari zen murrizten, bereziki Pello Bilbaok eta Zimmermannek ematen zutenean erreleboa; pentsatzeko modukoa zen gernikarra eta alemaniarra zirela indartsuenak, garaipena eskuratzeko lehian zeuden hautagai guztien artean.

Txapeldun handiek egiten dutenez, Pellok unerik zailenean eman du bere onena. Lau kilometro baino gutxiago geratzen zirela, Neilands harrapatu dute; azken kilometroaren pankartapean, Zimmermannek gogor jo du aurrera, baina gernikarra segituan kokatu da alemaniarraren parean, eta ematen zuen garaipena bien artean izango zutela jokoan. Pedrero, Chaves, O'Connor eta Neilands, baina, iritsi egin dira, eta Pellok azken 100 metroetan eman du azken kolpea. Inork ez du ahalmenik izan ahalegin horri eusteko.

Omar Frailek 2018ko Tourraren hamalaugarren etapa irabazi zuen, urte hartako uztailaren 21ean; gaurkoa zenbatuta, 100 etapa jokatu dituzte ordutik munduko lasterketarik garrantzitsuenean, eta Pello Bilbaok ehungarrenean irabazi du, hain zuzen ere. Egun asko daude aurretik, oraindik, eta baliteke Pellorena ez izatea aurtengo Tourrean Euskal Herriko zaleek ospatzen duten azkena. 

Etapako sailkapena

1 BILBAO Pello (Bahrain) 3:52:34

2 ZIMMERMANN Georg (Intermarché) d. b.

3 O'CONNOR Ben (AG2R) d. b.

4 NEILANDS Krists (Israel) d. b.

5 CHAVES Esteban (EF) d. b.

6 PEDRERO Antonio (Movistar) +0:03

7 SKJELMOSE Mattias (Lidl) +0:27

8 KWIATKOWSKI Michal (INEOS) d. b.

9 BARGUIL Warren (Team) +0:30

10 ALAPHILIPPE Julian (Soudal) +0:32

Sailkapen nagusia

1 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) 42:33:13

2 - POGACAR Tadej (UAE) + 0:17

3 - HINDLEY Jai (BORA) + 2:40

4 - RODRÍGUEZ Carlos (INEOS) + 4:22

5 - BILBAO Pello (Bahrain) + 4:34

6 - YATES Adam (UAE) + 4:39

7 - YATES Simon (Jayco) + 4:44

8 - PIDCOCK Thomas (INEOS) + 5:26

9 - GAUDU David (FDJ) + 6:01

10 - KUSS Sepp (Jumbo) + 6:45

14 - LANDA Mikel (Bahrain) + 9:09

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena