Txirrindularitza
Igandean, zuzenean
Agentziak | EITB MEDIA
Oier Lazkano ere irteeran izango da ibilbideko ia 260 kilometroei eta 30 harbide tarteei aurre egiteko. Lasterketa zuzenean emango dute eitb.eus-ek eta ETBk 12:00etatik aurrera.
Van der Poel, Gannaren eta Pogacarren aurretik helmugaratzen, aurtengo Milano-San Remon
2025eko gizonezkoen Paris-Roubaix lasterketa igandean jokatuko dute, apirilaren 13an, 11:10etik aurrera. Probako 122. ekitaldiko ibilbideak 259,2 kilometro izango ditu, Compiegnen hasiko da, eta, ohi bezala, Roubaixeko belodromoan amaitu, 17:03tik 17:35era bitartean, antolatzaileek aurreikusita dutenez. Zaleek zuzenean ikusteko aukera izango dute, 12:00etatik, EITBren bidez; ordu horretan, eitb.eus-eko eta ETB4ko emanaldia hasiko da, eta, Euskal Telebistan, ETB1ek 15:00etan lekukoa hartuko du (eitb.eus-eko emanaldiak ez du etenaldirik izango).
Paris-Roubaix lasterketako antolatzaileek, testuinguru horretan, ikusgarria izango den ekitaldia iragarri dute. Irteeran, munduko txapelduna den eta berriki Flandriako Itzulia irabazi duen Tadej Pogacar izango da (UAE), bai eta Paris-Roubaix lasterketa 2023an eta 2024an eta azken Milan-San Remo klasikoa bereganatu zituen Mathieu van der Poel (Alpecin-Deceuninck) ere. Visma Lease a Bike taldeko Wout van Aert, edozein lasterketatan faborito nagusietakoa bera, hirugarren hautagai nagusia izango da. Pogacarrek orain arte inork lortu ez duen balentria bat eskuratzeko aukera du, alegia, Flandriako Itzulia eta "Neguko Infernua" bata bestearen atzean, Frantziako Tourreko indarreko txapelduna izanda.
Lasterketan, galtzada harrizko 30 tarte izango dira, guztira 55,3 kilometro. Baldintza horietan ahaleginduko dira lehiatzen, arestian esandako gizonez gain, beste txirrindulari handi batzuk ere, Mads Pedersen (Lidl-Trek), Filippo Ganna (INEOS Grenadiers), Stefan Kung (Groupama-FDJ) eta Jasper Philipsen (Alpecin) kasu. Iragarrita dago, gainera, Red Bull-BORA taldeko Oier Lazkano ere izango dela lasterketan, euskal txirrindularitzako ordezkari gisa.
Ez ahaztu, 2025eko Paris-Roubaix lasterketa eitb.eus-ek eta ETBn emango dute (Euskal Telebistan, lehenik ETB4n eta, gerora, 15:00etatik, ETB1en), 12:00etatik aurrera, igandean. Aurreko egunean, emakumezkoen Paris-Roubaix lasterketa ere jokatuko dute, bosgarrenez; hori ere bada WorldTour mailakoa.
Kontsultatu, hemen, 2025eko Paris-Roubaix lasterketako mapa.
Hurrengo zuzenekoak
16 | 19:40 - 22:30 | SASKIBALOIA | Europe Cupeko finala (joanekoa): Bilbao Basket vs PAOK |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa