Txirrindularitza
80. ekitaldia
EITB MEDIA
Hain zuzen ere, Nafarroan jokatuko duten etapa hamargarrena izango da, eta irailaren 2an egingo dute, eta Bizkaikoa, ordea, hamaikagarrena, irailaren 3an jokatuko dute. Hurrengo Espainiako Vuelta Italian hasiko da, Piemonten, abuztuaren 23an, eta irailaren 14an bukatu, Madrilen.
2025eko Espainiako Vueltako 11. etaparen profila. Argazkia: Espainiako Vuelta.
2025eko Espainiako Vueltan hasiera Sendavivan eta helmuga Larra-Belaguan izango dituen etapa bat egingo du, hamargarrena, eta Bilbon hasi eta bertan bukatuko den beste bat izango du, hamaikagarrena hain zuzen ere, probako antolatzaileek ostegunean, lasterketako ibilbidearen aurkezpen ofizialean, baieztatu dutenez. Zehazki, Nafarroan jokatuko duten etapa 2025eko irailaren 2an egingo dute, asteartez, eta Bizkaikoa, ordea, irailaren 3an jokatuko dute, asteazkenez.
Hurrengo Espainiako Vuelta Italian hasiko da, Piemonten, abuztuaren 23an, eta irailaren 14an bukatu, Madrilen. Lasterketa, hortaz, berriro ere izango da Euskal Herrian, 2024an ere egin zuenez; orduan, 18. etapa Gasteizen hasi eta Maeztu-Izkiko Parke Naturalean amaitu zen, eta Urko Berradek garaipen ederra eskuratu zuen.
Testuinguru horretan, 80. Espainiako Vueltako hamargarren etapa Sendaviva parketik irtengo da, eta helmuga Larra-Belaguan izango du. Jardunaldian, ziklistek 168 kilometro egin beharko dituzte, Caparroson, Erriberrin, Irunberrin eta Izaban izango dira, eta lana Larra-Belaguan amaituko dute, Ferialeko eski pistetan. Etapa gorabeheratsua izango da, eta mendatean bukatuko da. Parte-hartzaileek 3. mailako Las Coronas, eta 1. Mailako Larra-Belagua mendateak igo beharko dituzte .
Probako hamaikagarren etapari dagokionez, horrn hasiera Bilbon izango da, eta helmuga Bizkaiko hiriburuan bertan kokatuko dute. 167 kilometroko ibilbidea izango du, eta txirrindulariak Bizkaiko hainbat udalerri eta txokotan izango dira; izan ere, proba Laukizen, Mungian, Bakion, San Pelaion, Bermeon, Gernikan, Munitibarren, Bizkaiko Behatokian, Muxikan, Morgako mendatean, Larrabetzun, Galdakaon, Artxandan, Gangurenen, Lezaman, Sondikan eta Pike Bidean izango da. Hori eginda, etapa Bilbon sartuko da, berriro ere, eta bertan erabakiko da zein txirrindularik eskuratuko duen garaipena.
Etapa mendi ertainekoa izango da; guztira, mendiko sailkapenerako puntuagarriak diren zazpi igoera egin beharko dituzte parte-hartzaileek. Hauek izango dira: 3. mailako Laukiz gaina, bederatzigarren kilometroan, 3. mailako San Pelaio, 34,4.ean, 3. mailako Bizkaiko Behatokia, 73,1.ean, 3. mailako Morga mendatea, 96. kilometroan, 2. mailako Ganguren, 114.4.ean, Ganguren berriro ere, 143,4.ean, eta 3. mailako Pike, 159,6.ean.
Horrez gain, nabarmentzeko modukoa da Espainiako Vuelta aurrenekoz aterako dela Italiatik, Piemontetik, abuztuaren 23an, eta lehenengo hiru etapak egingo dituztela herrialde horretan. Lasterketa irailaren 14an amaituko da, eta azken etapa helmuga Madrilen kokatuko dute. Aurreikuspenek diote Asturiaseko etapak izan litezkeela giltzarriak, kontuan izanik etapa bat Anglirun amaituko dela eta beste ba Farraponan; halaber, esanguratsua da, azken-aurreko etapa, Madrilen, Bola del Mundon bukatuko dela.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa