Txirrindularitza
Istripua
EITB MEDIA
Istripua izan duenean, erlojupeko eta errepideko egungo olinpiar txapelduna entrenatzen ari zen; hain zuzen, furgoneta baten atearen kontra talka egin du.
Remco Evenepoel, 2024ko Frantziako Tourrean. Argazkia: EFE.
Remco Evenepoel Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari belgikarrak, erlojupeko eta errepideko egungo olinpiar txapelduna bera, hausturak dauzka saihets-hezur batean, eskuineko omoplatoan eta eskuineko eskuan, entrenatzen ari zela istripua izan du eta; hain zuzen ere, ziklistak Belgikako postari baten furgonetako atearen kontra egin du talka.
Bere taldeak zehaztu duenez, Evenepoel Herentals udalerrian dagoen ospitale batera eramango dute, Anberesetik gertu, Belgikako iparraldean; bertan, "Soudal Quick-Stepeko mediku taldearekin batera, sakonago aztertuko dituzte dituen lesioak, eta sendatzerako bidean zein erabaki hartuko diren argituko da", adierazi du txirrindulariaren taldeak.
Tokiko hainbat hedabidek iragarri dutenez, Evenepoel Bruselako hego-mendebaldeko udalerri batean ari zen entrenatzen, istripua jazo denean; Bpost zerbitzuko postari batek furgonetako atzeko atea ireki du, txirrindularia bertatik igarotzen ari zela, eta kolpea hartu du.
Arratsaldeko azken orduan, Soudal Quick-Step taldeak adierazi du Evenepoeli egindako azterketek ondorioztatu dutela ziklistak makadurak dituela bi biriketan, bai eta luxazioa lepauztaian ere; azken hori sendatzeko, asteartean bertan egin diote ebakuntza: "Ebakuntzak emaitza ona izatekotan, baliteke Remcok asteazkenean uztea ospitalea; gerora, bi astez izango da immobilizatuta, eta horren ostean aztertuko da nola bueltatuko den entrenamenduetara", nabarmendu du Belgikako taldeak zabaldutako oharra.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa