11:36

Txirrindularitza

Itzulera

Ruben Perez eta Pablo Urtasun, Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendari berriak

EITB MEDIA

Euskaltel-Euskadik bere talde teknikoa sendotu du "eskarmentu handiko bi zuzendarirekin", datorren denboraldiko erronkei aurre egiteko. Biak Euskadi Fundaziora itzuliko dira horrela, aurretik txirrindulari profesionalak izan baitziren talde laranjan.

  • Ruben Perez eta Pablo Urtasun

    Ruben Perez eta Pablo Urtasun

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak arlo teknikoa handitu du, Ruben Perez eta Pablo Urtasun kirol zuzendari izendatu baititu hurrengo denboraldirako.

Fundazioaren arabera, Perezek eta Urtasunek beraien esperientzia zabala eskainiko dute Jorge Azanzaren gidaritzapean. Halaber, Santi Barrancok osatuko du kirol zuzendarien multzoa 2025. urteko denboraldiari begira. Pello Olaberriak, aldiz, ez du jarraituko kirol zuzendari bezala, eta Euskadi Fundazioak eskertu egin dio erakutsitako konpromisoa.

Jorge Azanza, Ruben Perez eta Pablo Urtasun bost denboraldiz aritu ziren Euskaltel-Euskadiren maillotarekin, 2009 eta 2013 artean. Iñaki Isasi Euskadi Fundazioko presidentea ere izan zen haiekin, lehenik txirrindulari gisa, 2009 eta 2011 artean, eta ondoren zuzendari bezala.

Horrela, Euskaltel-Euskadik bere talde teknikoa sendotu du "eskarmentu handiko bi zuzendarirekin", datorren denboraldiko erronkei aurre egiteko. 21 txirrindulariko taldea indartu egin da, proba eta eremu guztietan protagonista izateko, eta egutegiko lehiaketa egunak gehituko ditu, 2026an Espainiako Vueltaren gonbidapenak jasotzeko aukera ematen duen UCI World Tourreko sailkapeneko lehen 30 taldeen artean sailkatzeko asmoz.

Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunak adierazi duenez, "laranjaz jantzitako bi taldekide ohi dira, lagunak arlo pertsonalean eta, aldi berean, inguruko kirol zuzendari onenetako bi. Taldeari sendotasun handia emango diotela uste dut, eta ekarpen handia egingo dutela. Bi zuzendari prestatuak dira, eta taldea, doan lekura doala, oso ondo zuzenduta egongo da".

Hain zuzen ere, Ruben Perezek (1981, Zaldibar) Euskadi Fundazioan egin zuen txirrindularitza munduan bere ibilbide osoa, lehenik Orbea taldean (2005) eta 2006tik 2013ra Euskaltel-Euskadin. Kirol zuzendari gisa, Burgos-BH eta Euskadi Murias taldeetan eta Cafe Baque amateurrean egin du lan. Txirrindulari profesional gisa, Frantziako Tourreko zazpi edizio eta Espainiako Vueltako lau jokatu zituen, eta Espainiako Vuelta, Suitzako Tourra eta Eneco Tour lasterketetan garaipena eskuratzeko gertu izan zen.

Bestalde, Urtasun (1980, Urdiain) Euskaltel-Euskadiko txirrindularia izan zen 2009 eta 2013 artean, eta bere ibilbidean Frantziako Tourreko eta Vueltako bi edizio eta Giroko edizio bat jokatu, eta sei garaipen eskuratu zituen. Zuzendari bezala, Kern Pharma taldetik dator, eta Team Ukyo zuzendu zuen aurretik.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena