Txirrindularitza
Munduko Txapelketa
EITB MEDIA
O'Connorrek zilarra eskuratu du, eta Van der Poelek brontzea. Mikel Landa, Pello Bilbao eta Alex Aranburu euskal txirrindulariek parte hartu dute elite mailako errepideko proban, baina lehen biek lasterketa utzi behar izan dute, erorikoek eraginda.
Tadej Pogacar bakarka helmugaratu den unea. Argazkia: EFE
Munduko txirrindularitzak errege berria du: Tadej Pogacar esloveniarra. Bere lehen munduko titulua lortu du, Zuricheko Munduko Txirrindularitza Txapelketan maila bikaina emanda. 26 urteko gaztea geldiezina izan da denboraldi honetan. Esloveniakoak erasora jo du helmugarako 100 kilometroren faltan, aurkariak erantzunik gabe utzita, eta garaipena eskuratu du bigarren sailkatuari 34 segundoko aldea atarata; azken 51 kilometroak bakar-bakarrik egin ditu.
Pogacarrek potentzia- eta estrategia-erakustaldi batekin burutu ditu 273,9 kilometroak, eta azken 500 metroak besoak goian zituela egin ditu. Garaipen honekin, errepideko munduko titulua irabazi duen lehen esloveniarra da, eta bere ibilbidean balentria bat gaineratu du, ostadar maillotari Italiako Giroko eta Frantziako Tourreko tituluak gehitu baitizkio aurten.
Podiumean sartzeko borroka bizia izan da, eta Ben O'Connor australiarrak eskuratu du zilarra. Mathieu van der Poel nederlandarrak, 2023an munduko txapeldun izandakoak, brontzezko domina eskuratuta osatu du podiuma.
Landak eta Bilbok lasterketa utzi dute
Hiru izan dira igande honetan ostadar maillota lortzen saiatu diren euskal txirrindulariak, baina horietako bik ez dute proba amaitzea lortu. Erori ondoren, Mikel Landa izan da lehena alde egiten, helmugatik 180 kilometrora, eta Pello Bilbaok 52 kilometro falta zirenean horixe bera egin du. Azken hori 57 kilometro eginda zeramatzala erori da, eta lasterketan jarraitu du, baina, azkenean, proba uztea erabaki du, minak eraginda.
Ondorioz, Alex Aranburu izan da lasterketa amaitu duen euskal ordezkari bakarra. 58. postuan bukatu du, 12:09ra.
Tadej Pogacar, Ben O'Connor eta Mathieu van der, Poel podiumean. EFE
SAILKAPENA
1 - POGACAR Tadej (Eslovenia) 6:27:30
2 - O'CONNOR Ben (Australia) + 0:34
3 - VAN DER POEL Mathieu (Herbehereak) + 0:58
4 - SKUJINŠ Toms (Letonia) d. b.
5 - EVENEPOEL Remco (Belgika) d. b.
6 - HIRSCHI Marc (Suitza) d. b.
7 - HEALY Ben (Irlanda) + 1:00
8 - MAS Enric (Espainia) + 1:01
9 - SIMMONS Quinn (AEB) + 2:18
10 - BARDET Romain (Frantzia) d. b.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa