Txirrindularitza
Munduko Txapelketa
EITB MEDIA
Txirrindulari belgikarra izan da azkarrena Zuricheko (Suitza) esprintean. Chloe Dygert estatubatuarrak eta Elisa Longo Borghini italiarrak osatu dute podiuma.
Lotte Kopecky txirrindularia, gaurko garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Lotte Kopecky txirrindulari belgikarrak errepideko munduko txapeldunaren titulua berretsi du, Zurichen (Suitza) jokatu den Txirrindularitzako Munduko Txapelketako azken esprintean nagusituta. Iaz Glasgown (Eskozia) titulua lortu ondoren, Chloe Dygert estatubatuarraren eta Elisa Longo Borghini italiarraren aurretik sartu da aurten.
Euriak eta atzo zendu zen Muriel Furrer txirrindulariaren omenezko minutu bateko isiluneak markatu dute jardunaldia, eta Sara Martin espainiarra, Caroline Baur suitzarra eta Nina Berton luxenburgotarra izan dira lehen ihesaldiko protagonistak. Hala ere, ihesa neutralizatuta geratu da amaierarako 100 kilometro falta zirenean.
Erasoak etengabeak izan dira, eta Justine Ghekiere belgikarra, Riejanne Markus eta Marianne Vos herbeheretarrak eta Ruby Roseman-Gannon australiarra aurreko taldean kokatu dira, Kopecky bera, Dygert, Longo Borghini eta Demi Vollering atzetik gertu zituztela. Bi taldeek bat egin dute helmugarako 15 kilometro baino gutxiago falta zirenean.
Azken igoeran, hamar kilometroren faltan, Volleringek jo du azken erasora, eta Longo Borghini, Kopecky eta Lippert joan dira haren atzetik. Bi kilometroren faltan, laurek zuten erritmo motelaren ondorioz, Roseman-Gannon eta Dygert batu zaizkie, eta esprintean erabaki behar izan dute zein zen indartsuena. Aurten ere, Kopecky nagusitu da, bigarren urtez jarraian.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa