Txirrindularitza
Espainiako Vuelta (9. etapa)
Espainiako Vueltako 9. etapan nagusitu da Adam Yates, eguneko ihesaldian ibili eta ibilbideko azken 57 kilometroak lasterketa buruan eginda. Richard Carapaz izan da bigarren. Ben O'Connorrek lidertza sendotu du, etapa hirugarren amaituta.
Adam Yates, 9. etapan bereganatutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Adam Yatesek (UAE Emirates) irabazi du Espainiako Vueltako bederatzigarren etapa, eguneko ihesaldian ibili eta etapako azken 57 kilometroak lasterketa buruan bakarka eginda. Bestalde, Ben O'Connorrek (Decathlon-AG2R-La Mondiale) lidertza sendotu du, etapa hirugarren amaitu eta lau segundoko gainsaria jasota.
Liderrak 3 minutu eta 53 segundora du orain Primoz Roglic (Red Bull-BORA hansgrohe), bigarrena, eta 4 minutu eta 32 segundora Richard Carapaz (EF Education-Easy Pot), hirugarrena. Enric Mas (Movistar) laugarren dago, 4 minutu eta 35 segundora, eta Mikel Landa (Soudal Quick Step) bosgarren, 5 minutu eta 17 segundora.
Etapa hasieratik egon dira ihesaldi saiakerak. Tropelak ez du baimenik eman lehen kilometroetan, baina 24 txirrindularik osatutako talde batek aurrera egin du; Jonathan Lastra (Cofidis), Wout van Aert (Visma Lease a Bike), Stefan Kung (Groupama-FDJ), Nelson Oliveira (Movistar), David Gaudu (Groupama-FDJ), Adam Yates (UAE Emirates), Marc Soler (UAE Emirates) eta Jay Vine (UAE Emirates) ziren horien artean.
Ihesaldiko taldeak bost minututik gorako tartea atera dio tropelari. Hazallanasko lehen igoeran, Adam Yatesek jo du erasoa ihesaldiko tropeltxoan, eta bakarrik geratu da lasterketa buruan. Taldetxo hori erabat zatitu du Yatesen erasoak. Atzetik, Richard Carapazek egin du jauzi tropeletik. Carapazek ihesaldian ibili diren eta Yatesek hurbilen zituen txirrindulariak harrapatu ditu, eta Adam Yatesen bila jo du, Vine, Gaudu eta Pablo Castrillorekin (Kern Pharma) batera.
Yatesek atzetik zuen laukotea 2 minutu eta 45 segundora zuela ekin dio Hazallanasko bigarren igoerari. Gainera, laukotea bikote bihurtu da igoeraren hasieran, Gauduk eta Carapazek atzean utzi baituzte Castrillo eta Vine. Maldan gora metro batzuk egin ostean, Vinek ezin izan dio Carapazen erritmoari jarraitu.
Bestalde, tropelean Enric Masek (Movistar) jo du erasoa, eta Mallorcakoak aurrera egin du Pavel Sivakovekin (UAE Emirates) batera, baina Mas bakarrik geratu da. Atzean, taldetxoa osatu dute Ben O'Connor liderrak, Primoz Roglicek, Mikel Landak, Carlos Rodriguezek, Felix Gallek (Decathlon-AG2R-La Mondiale), Pavel Sivakovek eta Florian Lipowitzek (Red Bull-BORA hansgrohe).
Yates izan da lehena Hazallanasko gainean, Carapaz minutu eta erdi pasatxora zuela. Atzerago, Masek minutu eta bost segundora zuen bere aurkari zuzenen tropeltxoa mendate horretan.
Hazallanas bigarrenez gainditu ostean, txirrindulariek 18 kilometro egin behar izan dituzte helmugaraino, goitik behera. Jaitsieran, Enric Masek sustoa izan du, erortzeko zorian egon baita, eta atzekoek zertxobait murriztu dute Mallorcakoarekiko desabantaila.
Etapa garaipenerako lehian, Richard Carapazek ezin izan du Adam Yates harrapatu, eta britainiarrak bereganatu du garaipena. Carapaz izan da bigarren, minutu eta 38 segundora.
Atzetik, liderraren eta faboritoen tropeltxoak Enric Mas harrapatu du helmugarako bi kilometro eta erdi falta zirenean; beraz, Vuelta irabazteko hautagai nagusiak elkarrekin helmugaratu dira, etapako irabazleak baino 3 minutu eta 52 segundo gehiago eginda. Helmugan, O'Conorrek lau segundoko gainsaria jaso du, gainera, etapan hirugarren izan baita. Mikel Landak laugarren postuan gurutzatu du helmugako marra.
Etapako sailkapena
1 - YATES Adam (UAE) 4:42:28
2 - CARAPAZ Richard (EF) + 1:39
3 - O'CONNOR Ben (Decathlon) + 3:45
4 - LANDA Mikel (Soudal) d. b.
5 - LIPOWITZ Florian (BORA) d. b.
6 - SIVAKOV Pavel (UAE) d. b.
7 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) d. b.
8 - ROGLIC Primoz (Red Bull) d. b.
9 - GAUDU David (Groupama) d. b.
10 - MAS Enric (Movistar) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - O'CONNOR Ben (Decathlon) 36:09:36
2 - ROGLIC Primoz (Red Bull) + 3:53
3 - CARAPAZ Richard (EF) + 4:32
4 - MAS Enric (Movistar) + 4:35
5 - LANDA Mikel (Soudal) + 5:17
6 - LIPOWITZ Florian (Red Bull) + 5:29
7 - YATES Adam (UAE) + 5:30
8 - GALL Felix (Decathlon) d. b.
9 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) + 6:00
10 - GAUDU David (Groupama) + 6:32
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa