Txirrindularitza
Espainiako Vuelta (8. etapa)
EITB Media
Primoz Roglicek irabazi du Espainiako Vueltako zortzigarren etapa, Enric Mas bigarren izan da eta Mikel Landa hirugarren. Etapa garaileak 39 segundo atera dizkio Ben O'Connor liderrari. Ion Izagirre eta Oier Lazkano eguneko ihesaldian egon dira.
Primoz Roglic, Vueltako 8. etapako irabazlea. Argazkia: EFE
Primoz Roglicek (Red Bull-BORA-hansgrohe) bereganatu du garaipena Espaniako Vueltako zortzigarren etapan. Ben O'Connorrek (Decathlon-AG2R-La Mondiale) lider jarraitzen du, baina 39 segundo jan dizkio Roglicek.
Hasieran 40 txirrindularik osatutako talde batek ihes egin du tropeletik, baina ez du arrakastarik izan. Ondoren, bost txirrindularik bakarrik egin dute aurrera: Xandro Meurisse (Intermarche-Wanty), Sven Erik Bystrom (Groupama-FDJ), Simon Guglielmi (Arkéa-B & B Hotels), Ion Izagirre (Cofidis) eta Ibon Ruiz (Kern Pharma). Hala ere, tropelak erritmo bizia jarri du, eta iheslariak harrapatu ditu.
Tropel nagusia ihesaldiak izateko erraztasunak emateko prest ez zegoen arren, txirrindulari batzuek tematuta jarraitu dute, eta, azkenean, eguneko ihesaldia osatu dute honako protagonista hauek: Oier Lazkano (Movistar), Ion Izagirre, Harold Tejada (Astana-Kazakhstan), Mauro Schmid (Jayco-AlUla), Gijs Leemreize (DSM-firmenich-PostNL), Luca Vergallito (Alpecin-Deceuninck), Sam Oomen (Lidl-Trek) eta Mathis Le Berre (Arkea-B & B Hotels).
Lasterketa buruan ibili diren zortzi ziklistako taldeak lau minututik gorako abantaila atera dio tropelari. Mirador de Las Palomas mendatean Leemreize atzean geratu da. Gero, helmugarako 14 kilometro falta zirenean, Lazkanok jo du erasoa, eta euskaldunarekin batera aurrera egin dute Vergallitok eta Tejadak. Hortaz, zazpikotea hirukote bihurtu da. Lasterketaren burua tropelarekiko minutu eta 12 segundora heldu da Carzolako igoeraren hasierara.
Azken mendatea igotzen hasi bezain laster, erasoa jo du Tejadak, eta Lazkanok eutsi egin dio. Vergallito atzean geratu da, baina bi iheskideekin bat egitea lortu du.
Tropelean, Vuelta irabazteko faboritoen artean sua piztu du Primoz Roglicek. Lehenago, Joao Almeida (UAE Emirates) moztuta geratu da. Geroago, Roglicek beste erritmo aldaketa bat egin du. Esloveniarraren erasoaldien eraginez, ihesaldiko hirukotearen abentura amaitu egin da.
Enric Masek (Movistar) eutsi egin dio Roglici, eta bien artean erabaki da etapa garaipena. Esloveniarraren eta espainiarraren arteko lehian, Roglic gailendu da, Mas izan da bigarren eta Mikel Landa (Soudal Quick Step) hirugarren, irabazlearekiko 14 segundora helmugaratuta. O'Connor liderra etapa irabazlearekiko 39 segundora helmugaratu da.
Hortaz, Ben O'Connor dago sailkapen nagusiko lehen postuan, Primoz Roglic bigarren liderrarekiko 3 minutu eta 49 segundora eta Enric Mas hirugarren 4 minutu eta 31 segundora. Mikel Landa bosgarren postuan dago, Roglicekiko 5 minutu eta 13 segundora.
8. etapako sailkapena:
1 - ROGLIC Primož (Red Bull) 3:38:34
2 - MAS Enric (Movistar) d. b.
3 - LANDA Mikel (Soudal) +0:14
4 - TIBERI Antonio (Bahrain) +0:17
5 - SKJELMOSE Mattias (Lidl) +0:21
6 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) d. b.
7 - TEJADA Harold (Astana) +0:24
8 - DUNBAR Eddie (Jayco) +0:26
9 - VAN EETVELT Lennert (Lotto) +0:29
10 - HAIG Jack (Bahrain) d. b.
Sailkapen nagusia:
1 - O'CONNOR Ben (Decathlon) 31:23:27
2 - ROGLIC Primož (Red Bull) +3:49
3 - MAS Enric (Movistar) +4:31
4 - TIBERI Antonio (Bahrain) +5:00
5 - LANDA Mikel (Soudal) +5:13
6 - VAN EETVELT Lennert (Lotto) +5:15
7 - RODRIGUEZ Cristián (Arkea) +5:19
8 - SKJELMOSE Mattias (Lidl) +5:24
9 - LIPOWITZ Florian (Red Bull) +5:25
10 - GALL Felix (Decathlon) +5:26
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa