Txirrindularitza
LAUGARREN ETAPA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Mikel Landa aurreneko multzoan sartu da, eta sailkapen nagusiko bederatzigarren postura igo da, esloveniarrarengandik 58 segundora.
Primoz Roglic eta Lennert van Eetvelten arteko lehia laugarren etapa irabazteko. Argazkia: EFE
Primoz Roglic (Red Bull Bora Hansgrohe) esloveniarrak irabazi du astearte honetan Espainiako Vueltako laugarren etapa, Plasencia eta Pico Villuercas artean korritu dena (170,5 kilometro). Hala, bera da sailkapen nagusiko lider berria; izan ere, aurreko maillot gorria, Wout van Aert belgikarra (Team Visma-Lease a Bike), tropeletik atzean geratu da azken mendateko hasierako aldapetan.
Eguneko ihesaldia bost txirrindularik osatu dute, eta tartean zeuden Mikel Bizkarra bizkaitarra (Euskaltel-Euskadi) eta Pablo Castrillo Kern Pharma taldeko aragoiarra. Haiekin batera ibili dira Sylvain Moniquet belgikarra (Lotto Dstny), Filippo Zana italiarra (Team Jayco AlUla) eta Bruno Armirail frantziarra (Decathlon AG2R La Mondiale).
Azken hori eta Castrillo izan dira ihesaldiko indartsuenak, eta euren ahalegina Pico Villuercaseko igoeraren azken kilometroetara arte luzatzea lortu dute. Igoera oso gogorra izan da, eta zenbait faboritok gorriak ikusi dituzte, hala nola Sepp Kuss iazko irabazleak (Team Visma-Lease a Bike), 28 segundoko galera izan dituenak.
Tropelak amaierarako 15 kilometro baino gehiago falta zirela ekin dio azken igoerari, iheslarienganako 1:30eko atzerapena zuela. Orduan, UAE Team Emirates taldeko txirrindulariak azaldu dira tropelaren buruan, eta, hain zuzen ere, talde horretako kide den Pavel Sivakov frantziarra izan da lehen eraso kolpea eman duena. Horrek faboritoen erantzuna ekarri du, besteak beste, Roglicena. Esloveniarrak sasoiko dagoela erakutsi nahi izan du, erorikoek eta lesioek markatutako denboraldi baten ostean. Berarekin batera, Enric Mas ere fin agertu da, Roglicen gurpilera iltzatuta.
Felix Gall austriarra (Decathlon AG2R La Mondiale), Lennert van Eetvelt belgikarra (Lotto Dstny) eta Matthew Riccitelo estatubatuarra (Israel Premier Pro Tech) ere bertan izan dira.
Joao Almeida portugaldarrak (UAE Team Emirates) osatu du seikotea, eta, atzetik aurrerakoa eginda ohi bezala. Mikel Landa arabarrak ere (T-REX QuickStep) gauza bera egitea lortu du handik gutxira, eta azken kilometroan zazpiak bat eginda sartu dira.
Murgiakoa gainerakoak ezustean harrapatzen saiatu da atzetik eraso eginez, baina amore eman behar izan du Roglicen eta Van Eetvelden abiaduraren aurrean. Azken metroetan, bere hamahirugarren garaipena lortu du Espainiako Vueltan, eta liderraren jertsea jantzi du Almeidari zortzi segundoko tartea aterata. Landa bederatzigarren postuan dago, ia minutu batera (58).
Lasterketak bosgarren jardunaldia jokatuko du asteazken honetan, 177 kilometroko etapa laua, Fuente del Maestre eta Sevilla artean.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa