Txirrindularitza
Donostiako Klasikoa
EITB Media
Suitzarra Julian Alaphilipperekin batera heldu da ihes eginda azken metroetara, eta esprintean frantziarra menderatu du. Van Eetvelt izan da hirugarren.
Marc Hirschi, garaipena ospatzen. Argazkia: EITB Media
Marc Hirschik (UAE Emirates) irabazi du 2024ko Donostiako Klasikoa. Suitzarra ihes eginda heldu da azken metroetara Julian Alaphilippe (Soudal-Quick Step) frantsesarekin batera, eta bien arteko esprintean Hirschi nagusitu da.
Ihesaldi saiakerak ugariak izan dira irteeratik, baina hasieran tropelak ez du ihesaldirik sortzen utzi. Geroago, ordea, hamar ziklistak osatutako taldetxoak lortu du tropeletik ihes egitea. Hauexek osatu dute: Simon Carr (EF Education-EasyPost), Warren Barguil (DSM-Firmenich Post NL), Amanuel Ghebreigzabhier (Lidl-Trek), Sylvain Moniquet (Lotto Dstny), Davide De Pretto (Jayco AlUla), Jesus Herrada (Cofidis), Ben Zwiehoff (Red Bull-BORA-hansgrohe), Thibault Guernalec (Arkea B&B Hotels), Adne Holter (Uno-X Mobility) eta Pierre Latour (TotalEnergies).
Dena den, tropelak ez die abantaila handirik hartzen utzi ihesaldiko kideei, errenta handiena hiru minutu eta erdikoa izan baita. Helmugarako 80 kilometro falta zirenean bizitu du erritmoa tropelak, eta iheslariekiko desabantaila murrizten hasi da. Aurrean, aldiz, atzekoak hurbiltzen hasi direla ikusita, Carrek jo du erasoa Jaizkibelen gora, eta bakarrik geratu da lasterketaren buruan.
Erlaitzeko igoeran amaitu da Simon Carren ihesaldia. Visma taldeak jarri du erritmoa igoeran, eta ihesaldian egon ostean aurretik zihoazen txirrindulariak harrapatuta, Carrenak egin du. Jarraian, Julian Alaphilippek jo du erasoa; Florian Lipowitz (Red Bull-BORA-hangrohe) itsatsi da haren gurpilera, baita Pavel Sivakov (UAE Emirates) ere. Gainera, Sivakovek erritmoa bizitu duenean, atzean utzi du Lipowitz; beraz, Alaphilippe eta Sivakov geratu dira lasterketaren buruan. Gero, frantziarra ere utzi du atzean.
Atzetik, 18 ziklistak osatutako talde bat eratu da. Lotto Dstnyko txirrindularien lanari esker, Sivakovekiko desabantaila murriztu du tropeltxoak. Sivakovek lasterketa buruan ekin dio azken igoerari, Pilotegiko hormari. Malda gogorrena igotzen hasi bezain laster, taldetxoak Sivakov harrapatu du, Alaphilippek jo du erasoa eta Hirschik jarraitu dio. Bikoteari Jonathan Narvaez (INEOS Grenadiers), Brandon McNulty (UAE Emirates) eta Patrick Konrad (Lidl-Trek) batu zaizkio. Geroago, aurrekoekin bat egin dute Michael Woods (Israel-Premier Tech), Lennert Van Eetvelt (Lotto Dstny) eta Kevin Vermaerke (DSM-firmenich POstNL). Mendate amaieran, ordea, Hirschik eta Alaphilippek atzean utzi dituzte aurkari guztiak.
Horrela, lasterketaren buruan zihoazen bi iheslarien artean erabaki da garailea. Hirschi nagusitu da esprintean, eta suitzarrak bereganatu du garaipena. Alaphilippe izan da bigarren eta Van Eetvelt hirugarren, 7 segundora.
Sailkapena:
1 - HIRSCHI Marc (UAE) 5:46:12
2 - ALAPHILIPPE Julian (Soudal) d. b.
3 - VAN EETVELT Lennert (Lotto) +0:07
4 - VERMAERKE Kevin (DSM) +0:17
5 - NARVAEZ Jhonatan (INEOS) +0:25
6 - POWLESS Neilson (EF E) d. b.
7 - KONRAD Patrick (Lidl) d. b.
8 - WOODS Michael (Israel) d. b.
9 - CHRISTEN Jan (UAE) +0:36
10 - MCNULTY Brandon (UAE) +0:37
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa