19:42

Txirrindularitza

Donostiako Klasikoa

2024ko Donostiako Klasikoa: ibilbidea, profila eta ordutegia

EITB MEDIA

Lasterketaren 43. ekitaldia larunbatean izango da jokoan, eta EITBk zuzenean emango du, 14:30etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en bidez. 2024ko Donostiako Klasikoaren berritasun nagusia izango da Pilotegirako igoera; azken kilometroetan egingo dute, eta % 27rainoko maldak ditu mendate horrek.

  • 2024ko Donostiako Klasikoaren profila. Irudia: klasikoa.eus.

    2024ko Donostiako Klasikoaren profila. Irudia: klasikoa.eus.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

2024ko Donostiako Klasikoa larunbatean jokatuko dute, hilaren 10ean, 236 kilometroko ibilbidea izango du, 10:46an hasiko da, Donostian, Tolosa Etorbidean, eta antolatzaileen aurreikuspena da irabazleak 16:33etik 17:08ra bitartean zeharkatzea Kursaal Jauregiaren aurrean izango den helmuga. EITBk zuzenean emango du lasterketaren 43. ekitaldia, 14:30etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en bidez; aurtengo berritasun nagusia Pilotegirako igoera izango da; azken kilometroetan egingo dute hori, eta % 27rainoko maldak ditu mendate gogor horrek.

Urtero bezala, Euskal Herrian jokatzen duten WorldTour mailako egun bateko lasterketa bakarrak (goreneko maila hori Euskal Herriko Itzuliak ere badu) parte-hartze bikaina izango du. Iragarrita dago proban izango direla Jonas Vingegaard eta Sepp Kuss (Visma-Lease a Bike), Marc Hirschi (UAE), Maxim Van Gils (Lotto Dstny), Neilson Powless (EF Education), Romain Bardet (DSM), Simon Yates (Jayco), Daniel Felipe Martinez (Red Bull) eta Julian Alaphilippe (Soudal Quick-Step), besteak beste. Euskal Herriko txirrindularitzari dagokienez, Mikel Landa (Soudal), Alex Aranburu (Movistar), eta Jon Izagirre (Cofidis) arituko dira, bai eta Jonathan Castroviejo eta Omar Fraile (INEOS Grenadiers), Jonathan Lastra eta Gorka Izagirre (Cofidis), Igor Arrieta (UAE) eta Markel Beloki (EF Education) ere, eta Euskaltel-Euskadi, Kern Pharma eta Caja Rural-Seguros RGA taldeak ere bai.

Remco Evenepoel olinpiar txapeldunaren lekukoa hartuko du irabazleak; belgikarrak 2019an, 2022an eta 2023an eskuratu zuen garaipena Klasikoan. Txirrindulari guztiak Gipuzkoako hiriburuan hasiko dira lanean, eta, jarraian, Hernanin, Andoainen eta Villabonan izango dira, puntuagarriak diren probako mendateetako aurrenekoa igo aurretik; 3. mailako Andatzarrate izango da hori, 27,7. kilometroan. Lasterketa, gerora, Zarautzen, Zumaian, Itziarren eta Deban izango da, eta ondoren Azkarate igoko dute; 2. mendatea da hori, 7,9 kilometrokoa, eta, batez beste, % 5,6ko malda du. 86,9. kilometroan utziko dute atzean.

Azpeitira abiatuko dira gero, eta Urraki igoko dute; 2. mailako mendatea da, 107,7. kilometroan dago, eta, batez beste, % 6,9ko malda du. Ziklistak Tolosa joango dira jarraian, eta 3. mailako Alkiza mendatea iritsiko da. 158,9. kilometroan, Donostian, Klasikoaren lehenengo esprint berezia jokatuko dute, 2. mailako Jaizkibel mendateari aurre egin baino lehen. Jaizkibelek 7,9 kilometro ditu, eta % 5,6ko malda.

Irunen izango da proba, lasterketa zatiko erabakigarria hasteko. 1. mailako Erlaitz 195,2. kilometroan izango da, eta % 10,6ko malda du. Donostian, bigarren esprint berezia jokatuko dute, eta orduan helduko da Pilotegi. Bi kilometroko mendatea da, laburra, baina biziki gogorra: batez beste, % 11,7ko malda, eta % 27rainoko aldapak ere baditu.

Mendatetik jaitsita, txirrindulariak helmugan izango dira, Donostian. Bertan jakingo dugu nork irabazi behar duen aurtengo Donostiako Klasikoa.

Jarraitu 2024ko Donostiako Klasikoa EITBn, zuzenean, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, 14:30etik aurrera.

Lasterketako profila

2024ko Donostiako Klasikoaren profila. Irudia: klasikoa.eus.

2024ko Donostiako Klasikoaren profila. Irudia: klasikoa.eus.

Fitxa teknikoa

Data: abuztuak 10

Ibilbidea: Donostia-Donostia

Distantzia: 236 kilometro

Irteera ordua: 10:46

Iritsiera ordua: 16:33 (42 km/h) | 16:50 (40 km/h) | 17:08 (38 km/h)

Mendiko Saria: Andatzarrate (3. maila), 27,7. kilometroan; Azkarate (3. maila), 86,9. kilometroan; Urraki (2. maila), 107,7. kilometroan; Alkiza (3. maila), 128,2. kilometroan; Jaizkibel (2. maila), 175,5. kilometroan; Erlaitz (1. maila), 195,2. kilometroan; Pilotegi (2. maila), 228,4. kilometroan.

Lasterketako mapa

2024ko Donostiako Klasikoaren mapa. Irudia: klasikoa.eus.

2024ko Donostiako Klasikoaren mapa. Irudia: klasikoa.eus.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 12:00 - 14:00 HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa
    25 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena