Txirrindularitza
Romandiako Tourra
EITB MEDIA
Decathlon AG2R taldeko txirrindulari frantziarra izan da azkarrena lasterketako lehen etapako esprint nagusian, Andrea Vendrame taldekidearen aurretik. Alex Aranburu zazpigarren helmugaratu da, eta bosgarren dabil sailkapen nagusian, Godonekiko hamaika segundora.
Albisteak (2)
Decathlon AG2R taldeko Dorian Godon txirrindulari frantziarrak irabazi du 2024ko Romandiako Tourreko lehenengo etapa, esprintean, Friburgon (Suitza), eta lasterketako lider berria da; izan ere, Tudorreko Maikel Zijlaard herbeheretarrari kendu dio maillot horia, azken horrek astelehenean sarrerako etapan nagusitu ostean. Godon izan da azkarrena jardunaldiko irabazlea erabaki duen esprint nagusian; Alex Aranburu (Movistar) zazpigarren helmugaratu da, eta bosgarren dabil sailkapen nagusian, aurreneko postua hamaika segundora duela.
Sei ziklista izan dira eguneko ihesaldian: Juri Hollmann (Alpecin-Deceuninck), Raul Garcia Pierna (Arkea), Fausto Masnada (Soudal Quick-Step), Patrick Gamper (BORA-hansgrohe), Rune Herregodts (Intermarche-Wanty) eta Joey Rosskopf (Q36.5). Kilometro askotan ibili dira lasterketa buruan, eta jardunaldiko azken hamar kilometroetan harrapatu dituzte azkenean, ez aurretik.
Esprintean, etapa garaipena ez ezik, maillot horia ere zegoen jokoan, kontuan izanik Zijlaard liderra atzean gelditua zela. Alex Aranburu zen faboritoetako bat, baina Decathlon taldea izan da nagusi; izan ere, Godonek irabazi du etapa, eta, hori gutxi balitz bezala, Andrea Vendrame taldekidea bigarren sailkatu da.
Ostegunean, etapa menditsua izango da Romandiako Tourrean. Friburgon hasi eta Salvan/Les Marecottesen amaituko den jardunaldiak 171 kilometroko ibilbidea izango du; azken 70 kilometroetan, eguna markatuko duten bi igoerak izango dira: 2. mailako Col de Les Mosses mendatea, eta helmugara daraman aldapa. Azken horrek 7,6 kilometroko luzera du, eta % 7,5eko malda. Aurreikuspena da, hortaz, eskalatzaileentzako eguna izatea.
1. etapako sailkapena
1 - GODON Dorian (Decathlon) 3:49:58
2 - VENDRAME Andrea (Decathlon) d. b.
3 - VERMEERSCH Gianni (Alpecin) d. b.
4 - MENTEN Milan (Lotto) d. b.
5 - ASGREEN Kasper (Soudal) d. b.
6 - GOVEKAR Matevz (Bahrain) d. b.
7 - ARANBURU Alex (Movistar) d. b.
8 - VENTURINI Clément (Arkea) d. b.
9 - GRUEL Thibaud (Groupama) d. b.
10 - GOOSSENS Kobe (Intermarche) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - GODON Dorian (Decathlon) 3:52:46
2 - VERMEERSCH Gianni (Alpecin) + 0:06
3 - ALAPHILIPPE Julian (Soudal) + 0:09
4 - VAN DIJKE Tim (Visma) + 0:10
5 - ARANBURU Alex (Movistar) + 0:11
6 - AEBI Antoine (Swiss) d. b.
7 - CHRISTEN Jan (UAE) d. b.
8 - VAN WILDER Ilan (Soudal) d. b.
9 - VENDRAME Andrea (Decathlon) + 0:12
10 - GOVEKAR Matevz (Bahrain) d. b.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa