Txirrindularitza
Lieja-Bastogne-Lieja
Agentziak | EITB Media
Mathieu van der Poel eta Tadej Pogacar dira Lieja-Bastogne-Lieja klasikoa irabazteko faborito nagusiak. Lasterketa zuzenean ikusi ahal izango da, 15:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus atarian.
Mathieu van der Poel, Amstel Gold Race lasterketan. Artxiboko argazkia: EFE
Mathieu van der Poel herbeheretarraren eta Tadej Pogacar esloveniarraren arteko lehiaz gozatzeko aukera izango dugu igande honetan, Lieja-Bastogne-Lieja lasterketaren 100. edizioan. Klasikoa zuzenean jarraitu ahal izango da, 15:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus atarian.
Ardenetako hirukoa duelu ikusgarri horrekin amaituko da. Tamalez, Remco Evenepoel belgikarra, azken bi urteetako garailea, ez da bertan izango, Euskal Herriko Itzulian erori baitzen, eta min hartuta baitago oraindik.
Pogacarrentzat azken entsegua izango da, Girora joan aurretik. Kataluniako Voltan ikusi genuen lehiatzen azkenekoz, eta nabarmen gailendu zen lasterketa hartan.
Van der Poelek Flandriako Tourra eta Paris-Roubaix irabazi ditu denboraldi honetan, baina Amstel Gold Race lasterketan ez zen onenen artean iritsi helmugara.
Van der Poelez eta Pogacarrez gain, badaude podiumerako beste hainbat hautagai, besteak beste, Cosnefroy (Decathlon), Mohoric eta Wout Poels (Bahrain), Stephen Williams (Fleche-Wallonne klasikoaren irabazlea), Dylan Teuns (Israel), Richard Carapaz (EF Education) eta Ineos taldeko Tom Pidcock eta Michal Kwiatkowski.
Txirrindulariek 254,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Oro har, ohiko ibilbidea da, baina bada aldaketa bat: Mont-le-Soie igo beharko dute, helmugarako 95 kilometroren faltan.
Bestalde, emakumeen Lieja-Bastogne-Lieja klasikoa ere igande honetan jokatuko da. Zortzigarren edizioa izango du, eta 153 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Faborito nagusiak Lotte Kopecky (SD Worx) munduko txapelduna eta Demi Vollering (SD Worx) iazko garailea izango dira.
Edonola ere, beste hainbat txirrindulari ere kontuan hartu beharko dira, hala nola Elisa Longo Borghini (Lidl) Italiako txapelduna eta Flandriako Tourreko irabazlea, Katerzyma Niewiadoma (Canyon) Fleche-Wallonneko irabazlea, Silvia Persico (UAE) italiarra eta Marianne Vos (Visma) herbeheretarra.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa