Txirrindularitza
Dauphine Kriteriuma
EITB MEDIA
Jonas Vingegaard da hautagai nagusia sailkapen nagusian garaipena eskuratzeko. Proba 75. aldiz egingo dute aurten, uztailaren 4tik 11ra bitartean; Mikel Landa ere badago Dauphine Kriteriuma irabazteko hautagaien zerrendan. EITBk zuzenean emango du lasterketa, eitb.eus-en eta ETB1en.
Irudia: criterium-du-dauphine.fr.
2023ko Dauphine Kriteriuma ekainaren 4an hasiko da, igandean, eta astebete igarota amaitu, hilaren 11n, zortzi etapa jokatuta. Hiru lasterketa handiak kenduta (hau da, Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta), Dauphine Kriteriuma urteko nazioarteko egutegiko garrantzitsuenetakoa da, eta, jakina, UCI WorldTour maila du. Proba 75. aldiz egingo dute aurten, eta Jonas Vingegaard da hautagai nagusia sailkapen nagusian garaipena eskuratzeko, baina Mikel Landa (Bahrain-Victorius), Richard Carapaz (EF Education), David Gaudu (Groupama-FDJ), Jay Hindley (Bora-Hansgrohe), Adam Yates (UAE) eta Enric Mas (Movistar) ere badaude irabazteko hautagaien zerrendan. EITBk zuzenean emango du 2023ko Dauphine Kriteriuma, eitb.eus-en eta ETB1en.
Vingegaard ia ezin hobeto dabil 2023ko denboraldian. Euskal Herriko Itzulia eta O Gran Camiño irabazi ditu, eta Paris-Nizan hirugarren egin zuen (UAEko Tadej Pogacar gailendu zen). Lasterketako antolatzaileek ere nabarmendu dute gainerako parte-hartzaileek baino aukera handiagoa duela garaipena lortzeko; Jumbok, gainera, talde sendoa eramango du, eta, besteak beste, Vingegaardek Christophe Laporte eta Dylan van Baarle izango ditu aldamenean. Hilabete baino gutxiago geratzen da Frantziako Tourra hasteko, han Vingegaardek 2022an erdietsitako garaipena berretsi nahi du, eta, bide horretan, Dauphine Kriteriumean ere nagusitu nahi du.
Bahrain taldean, Mikel Landaren erronka izango da Itzulian lortutakoari jarraipena ematea; alegia, Vingegaarden ia parean izatea. Murgiarra Lieja-Bastogne-Liejan lehiatu zen, eta ordutik ez du lasterketa batean ere parte hartu, baina emaitza oso onak ari da erdiesten denboraldi honetan: bigarren egin zuen Andaluziako Itzulian, hirugarren Fleche Wallonnen, bosgarren Kataluniako Itzulian, eta zazpigarren Tirreno-Adriatikoan eta Valentziako Itzulian. Horrez gain, noski, nabarmendu behar da Euskal Herriko Itzulian izandako bigarren postu bikaina; Jonas Vingegaardek izan zuen aurkari nagusia izan zen arabarra.
Daniel Felipe Martínez eta Egan Bernal (Ineos), Julian Alaphilippe (Soudal Quick-Step), Esteban Chaves (EF Education-EasyPost) eta Giulio Ciccone (Trek-Segafredo) ere jarri ahal ditugu lasterketa ona egin eta sailkapen nagusian sorpresa emateko aukera dutenen artean. Ineosen, gainera, Omar Fraile eta Jonathan Castroviejo ere izango dira; Trek-Segafredok Jon Aberasturi du.
2023KO DAUPHINE KRITERIUMA: ETAPAK
1. etapa: Chambon-sur-Lac-Chambon-sur-Lac (157 kilometro), ekainak 4, igandea
2. etapa: Brassac-les-Mines-La Chaise-Dieu (167 kilometro), ekainak 5, astelehena
3. etapa: Monistrol-sur-Loire-Le Coteau (191 kilometro), ekainak 6, asteartea
4. etapa: Cours-Belmont-de-la-Loire (31,1 kilometro, banakako erlojupekoa), ekainak 7, asteazkena
5. etapa: Cormoranche-sur-Saone-Salins-les-Bains (191 kilometro), ekainak 8, osteguna
6. etapa: Nantua-Crest-Voland (168 kilometro), ekainak 9, ostirala
7. etapa: Porte-de-Savoie-Col de la Croix De Fer-Saint Sorlin (147 kilometro), ekainak 10, larunbata
8. etapa: Le Pont-de-Claix-La Bastille (152 kilometro), ekainak 11, igandea
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa