Txirrindularitza
Kataluniako Volta
EITB Media
Remco Evenepoelek bereganatu du Kalatuniako Voltako hirugarren etapa, azken metroetan Primoz Roglic mendean hartuta. Esloveniarrak lidertzari eutsi dio, baina belgikarrarekiko zuen abantaila galdu du.
Albisteak (3)
Bideoak (1)
Remco Evenepoelek (Soudal Quick-Step) irabazi du Kataluniako Voltako hirugarren etapa, Olosten hasi eta La Molinan amaitu dena (180,6 km), igoerako azken metroetan Primoz Roglic (Jumbo Visma) mendean hartuta.
Evenepoelek bi segundo sartu dizkio Roglici, baina belgikarrak beste lau segundoko gainsaria ere hartu du; hala gauzak, esloveniarrak lidertzari eutsi dio, baina Evenepoelekin berdinduta dago orain. Primoz Roglicek ez du jada errentarik Remco Evenepoelekiko sailkapen nagusian.
Roglicek eta Evenepoelek helmugarako 4,5 kilometro falta zirenean jo dute erasoa eta alde egin dute faboritoen taldetxotik. Bien artean erabaki da etapako irabazlea: azken bihurgunean Evenepoelek atzean utzi du Roglic eta belgikarrak bereganatu du garaipena. Roglic bigarren izan da, bi segundora. Belgikakoak pedalei eragiteari utzi dio helmugarako 30-40 metro falta zirenean, garaipena ospatzeko, eta horrexegatik ez du lortu liderraren elastikoa.
Sailkapen nagusiko hirugarren postuan liderrarekiko 19 segundora dagoen Giulio Ciccone (Trek-Segafredo) izan da hirugarren La Molinan. Italiarrarekin batera, zazpi txirrindulariz osatutako taldean helmugaratu da Mikel Landa (Bahrain Victorious), 6. postuan, irabazlearekiko 13 segundora. Ondorioz, euskal txirrindularia sailkapen nagusiko laugarren postuan mantentzen da Roglicekiko 44 segundora.
Etapako laburpena
Eguneko ihesaldia etapa hasieran egin da. Richard Carapaz (EF Education-Easy Post) eta Guillaume Martin (Cofidis) egon dira lasterketaren buruan, besteak beste, gainerako txirrindulari hauekin batera: Jonathan Cepeda (Caja Rural-Seguros RGA), Maxim van Gils (Lotto-Dstny), Simone Petilli (Intermarché-Circus-Wanty), Filippo Zana (Jayco-AlUla) eta Niklas Eg (Uno-X Pro Cycling).
Hala ere, Evenepoel buru duen taldeak ez die utzi ihesaldikoei errenta handiegia hartzen. Gainera, etapako bigarren mendatean, maila bereziko Creuetan, erritmoa gogortu eta 30era murriztu dute faboritoen tropela. Orduan, atzean geratu dira Geraint Thomas (INEOS Grenadiers) eta Jose Herrada (Cofidis).
Pixkanaka, faboritoen tropelak ihesladiko kideak harrapatu ditu eta azken unean erabaki da dena. Evenepoelek erasoa jo du helmugarako 4,5 kilometro falta zirenean, eta Roglicek soilik eutsi dio. Atzetik, saiatu dira aurreko biak harrapatzen, baina ez dute lortu.
Azken metroetan, Evenepoel Roglic baino hobea izan da, eta garaipenak ez dio ihes egin belgikarrari.
3. ETAPAKO SAILKAPENA:
1 - EVENEPOEL Remco (Soudal) 4:40:43
2 - ROGLIC Primož (Jumbo) +0:02
3 - CICCONE Giulio (Trek) +0:13
4 - HINDLEY Jai (BORA) d. b.
5 - ALMEIDA João (UAE) d. b.
6 - LANDA Mikel (Bahrain) d. b.
7 - WOODS Michael (Israel) d. b.
8 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) d. b.
9 - CHAVES Esteban (EF E) d. b.
10 - BARDET Romain (DSM) d. b.
SAILKAPEN NAGUSIA:
1 - ROGLIC Primoz (Jumbo) 12:42:17
2 - EVENEPOEL Remco (Soudal) d. b.
3 - CICCONE Giulio (Trek) +0:19
4 - LANDA Mikel (Bahrain) +0:44
5 - ALMEIDA Joao (UAE) d. b.
6 - HINDLEY Jai (BORA) +0:48
7 - WOODS Michael (Israel) d. b.
8 - CHAVES Esteban (EF E) d. b.
9 - UIJTDEBROEKS Cian (BORA) +0:58
10 - SOLER Marc (UAE) +1:12
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa