Txirrindularitza
Strade Bianche 2023
EITB Media
Thomas Pidcock da 2023ko Strade Biancheko irabazlea. Erakustaldia eman du 23 urteko txirrindulariak. Britainiarrak 20 segundo atera dizkio Madouasi eta 22 Benooti. Pello Bilbao euskalduna zazpigarren izan da, irabazlearekiko 1'04"ra.
Thomas Pidcock, helmuga gurutzatu ostean. Argazkia: @StradeBianche
Thomas Pidckokek (Ineos Grenadiers) irabazi du gizonezkoen mailako Strade Bianche klasikoa larunbat honetan, martxoaren 4an, Sienan (Italia). Britainia Handiko txirrindulari gazteak erasoa jo du helmugarako 40 kilometro falta zirenean, eta inor ez da gai izan haren erritmoari eusteko.
Abantailarekin iritsi da Pidcock azken kilometrora, eta lasai ospatu ahal izan du garaipena. Valentin Madouas (Groupama-FDJ) izan da bigarren 20 segundora, eta Tiesj Benoot (Jumbo-Visma) hirugarren 22ra. Bestalde, Pello Bilbao (Bahrain Victorious) euskal txirrindulariak zazpigarren amaitu du, irabazlearekiko 1'04"ra.
Txirrindulariek 184 kilometroko ibilde gogorrari egin diote aurre. Ivan Romerok (Movistar) bizitu du erritmoa helmugarako 91 kilometro falta zirenean. Romerorekin batera ihes egin dute tropeletik De Marchi (Jayco AlUla) eta Bystromek (Intermarche-Circus-Wanty). Hirukoteak tropelarekiko izan duen alde handiena bost minutukoa izan da.
Pixkanaka, tropela iheslarien abantaila murrizten hasi da, baina Ivan Romerok ez du etsi nahi izan, eta erritmoa are gehiago bizitu du lasterketa buruan; hala ere, bete egin da, eta atzean geratu da. Amaierara iristeko 63 kilometro falta zirenean Carlos Rodriguezek (Ineos Grenadiers) erorikoa izan du; azkar igo da bizikletara, baina indarrik gabe heldu da azken txanpara.
Behin Romero atzean geratu ostean, De Marchik eta Bystromek aurrera jarraitu dute. Orduan jo du erasoa Thomas Pidcockek. Britainiarraren erasoak Van der Poel (Alpecin-Deceuninck) berotu du. Belgikarra saiatu da tropela atzean uzten, eta helburua lortu du. Van der Poelen atzetik atera da Pello Bilbao eta taldetxo bat sortu da. Lasterketa burutik 20 segundora jarri da taldetxo hura, baina jada berandu zen, Pidcockek garaipena oso gertu baitzuen.
Azken kilometroan tropel nagusiak Van der Poelen eta Pello Bilbaoren taldea harrapatu du. Thomas Pidcockek bikain kudeatu du Colle Pinzutoko igoera eta garaipena ospatzeko denbora nahikoa izan du, eta ospakizunak aurretik eginda gurutzatu du helmuga.
Pidcockek, 23 urterekin, garaipen garrantzitsu hauek lortu ditu jada: etapa bat Frantziako Tourrean, Strade Bianche klasikoa, ziklo-kroseko munduko txapelketa bat eta urrezko domina bat 2021eko Tokioko Olinpiar Jokoetan cross country modalitatean.
Sailkapena:
1 - PIDCOCK Thomas (Ineos) 4:31:41
2 - MADOUAS Valentin (Groupama) + 0:20
3 - BENOOT Tiesj (Jumbo) + 0:22
4 - COSTA Rui (Intermarché) + 0:23
5 - VALTER Attila (Jumbo) d. b.
6 - MOHORIC Matej (Bahrain) + 0:34
7 - BILBAO Pello (Bahrain) + 1:04
8 - GRÉGOIRE Romain (Groupama) + 1:18
9 - FORMOLO Davide (UAE) + 1:23
10 - KRON Andreas (Lotto) + 1:35
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa