Txirrindularitza
Almeriako Klasikoa
EITB MEDIA
Larunbatean, hilaren 11n, emakumezkoen lasterketa jokatuko dute; Lourdes Oyarbide, besteak beste, tartean dela. Gizonezkoen lasterketa, berriz, igandean egingo dute, eta, besteak beste, Ion Izagirre eta Jonathan Lastra arituko dira bertan.
Lourdes Oyarbide Almerian izango da. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Bizkaia-Durango eta Laboral Kutxa taldeak, emakumezkoen lasterketan, larunbatean, eta Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharma, gizonezkoen lasterketan, igandean, Almeriako Klasikoan izango dira asteburuan. Besteak beste, Movistar taldeko Lourdes Oyarbide asparrendarra eta Cofidiseko Ion Izagirre eta Jonathan Lastra ere egongo dira parte-hartzaileen zerrendan, eta, beraz, Puebla de Vicarreko irteeran egongo dira.
Testuinguru horretan, larunbatean, emakumezkoen lasterketak 137 kilometroko ibilbidea izango du, eta Veran kokatuko dute helmuga. Txirrindulariek bi mendate igo beharko dituzte: Cuesta Blanca, hirugarren mailakoa, 65. kilometroan, eta laugarren mailako bat, Sorbasetik igarota, 99. kilometroan.
18 talde izango dira irteeran, UCI WorldTeam mailako hiru tartean; maila gorenekoak, alegia.
2023ko Almeriako Klasikoaren profila, emakumezkoen lasterketarako (lehen aldiz jokatuko dute), hau izango da:
Gizonezkoen lasterketak, berriz, 190,3 kilometroko ibilbidea izango du, eta igandean jokatuko da. Guztira, 21 talde izango dira irteeran, UCI WorldTeam mailako zortzi tartean, eta hainbat txirrindulari daude garaipena eskuratzeko faborito nagusien artean: arestian aipatutako euskal txirrindulariez gain, Biniam Girmay Intermache taldeko eritrearra eta 2022ko irabazlea, Alexander Kristoff norvegiarra (Uno-X Pro Cycling Team taldekoa), ere egongo dira bertan. Israel-Premier Tech taldeko Giacomo Nizzolo italiarra (2021ean irabazi egin zuen, eta hirugarren postua lortu zuen iaz) ere izango da aurten Klasikoan, Fernando Gaviria Movistarreko kolonbiarrarekin batera.
Horiek guztiek, eta tropela osatuko duten gainerakoek, lau mendate gainditu beharko dituzte: Celin (2. mailakoa), 47. kilometroan, Alqueria (3. mailakoa), 83. kilometroan, Fuente Marbella (3. mailakoa), zortzi kilometro aurrerago, eta, azkenik, Cuesta de Almerimar, 138. kilometroan, helmugara iristeko 50 kilometro baino apur bat gehiago falta direnean gainditu beharrekoa. Lasterketa Roquetas de Mar herrian amaituko da.
2023ko Almeriako Klasikoaren profila, gizonezkoen lasterketarako (36. edizio izango du):
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa