Txirrindularitza
Getxoko Sari Nagusia
EITB Media
UAE Emirates taldeko txirrindulariak bereganatu du garaipena Getxoko Sari Nagusian. Lau txirrindularik osatutako taldetxo bat iritsi da ihes eginda, eta espainiarra nagusitu da esprintean.
Albisteak (3)
Juan Ayusok (UAE Emirates) irabazi du Getxoko Sari Nagusiko 77. edizioa, igande honetan egin dena (uztailak 31) Bilbo eta Getxo arteko 196,5 kilometroko ibilbidearekin. Espainiarrak bere ibilbide profesionaleko lehen garaipena lortu du.
Ayuso ihes eginda iritsi da azken kilometroetara Andrea Piccolo (Drone Hopper - Androni Giocattoli), Wilco Kelderman (Bora-hansgrohe) eta Valentin Ferron (TotalEnergies) txirrindulariekin batera. Euren artean erabaki da irabazlea esprint estu batean, eta Ayuso izan da onena. Piccolo izan da bigarren; Kelderman, hirugarren eta Ferron, laugarren. Laukotearen atzetik helmugaratu dira 12 segundora Emanuel Buchmann (Bora-hansgrohe) eta Alex Aranburu (Movistar), bosgarren eta seigarren hurrenez hurren.
Eguneko lehen ihesaldia 10. kilometroan suertatu da, eta bertan izan dira Asier Etxebarria (Euskaltel-Euskadi), Alex Martin (Eolo Kometa), Joseph Rosskopf (Human Powered) eta Etienne van Empel (China Glory). Jarraian gehitu zaizkie Angel Madrazo (Burgos BH), Javier Gil (Bahrain Victorious) eta Edwin Yair Torres (Java Kiwi Atlantico); eta, geroago, Juan Esteban Guerrero (Electro Hiper Europa) eta Juan Diego Alba (Dronne Hopper-Androni Giocateli). Bederatzi gizoneko talde honek 100 kilometro eman ditu ihes eginda, baina tropelak harrapatu ditu helmugarako 57 kilometro falta zirenean. Ondoren, beste hiru txirrindularik egin dute jauzi tropeletik eta lasterketa buruan ibili dira Jose Maria Garcia (Electro), Xabier Isasa (Euskaltel-Euskadi) eta berriz ere Alba. Hirukotearen saiakera bertan behera geratu da helmugara iristeko 38 kilometro falta zirenean, tropelean UAE taldeak jarri duen erritmo biziaren eraginez.
Hirukotea harrapatu ostean Rui Costak jo du erasoa UAE Emirates taldearen erritmo biziari jarraipena emateko asmoz. Haren atzetik atera da Alex Aranburu eta zazpiko talde bat sortu da; orduan, Keldermanek aurrera egin du. Pike Bidea igota, Kelderman eta Piccolo ibili dira lasterketa buruan. Ayuso atzetik abiatu da euren bila, eta kosta egin zaion arren, bat egin du lasterketa buruarekin. Espainiarrarekin batera, Ferron ere iritsi da burura. Laurak ihes eginda heldu dira azken metroetara, Ayuso izan da azkarrena hor, eta garaipena lortu du.
Sailkapena:
1 - AYUSO Juan (UAE Emirates) 4:38:31
2- PICCOLO Andrea (Drone Hopper) d. b.
3 - KELDERMAN Wilco (BORA) d. b.
4 - FERRON Valentin (TotalEnergies) d. b.
5 - BUCHMANN Emanuel (BORA) +0:12
6 - ARANBURU Alex (Movistar) d. b.
7 - HERRADA Jesús (Cofidis) +0:17
8 - BENNETT George (UAE Emirates) d. b.
9 - BARCELÓ Fernando (Caja Rural) d. b.
10 - SIMON Julien (TotalEnergies) d. b.
Hurrengo zuzenekoak
28 | 11:00 - 14:00 | PILOTA | Afizionatuen Diario Vasco Txapelketa |
28 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta |
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa