Txirrindularitza
56. EKITALDIA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hasiera batean AG2R taldeko frantziarrak taldekideekin batera garaipena ospatu badu ere, helmugako argazkiak Ineos taldeko poloniarrari aitortu dio loria.
Albisteak (4)
Michal Kwiatkowski poloniarrak (Ineos Grenadiers) bigarrenez irabazi du Amstel Gold Race lasterketa, lehendabizikoa eskuratu eta 7 urtera. Oraingoan, gainera, zalantza ugarirekin, Benoit Cosnefroy (AG2R) frantziarrarekin lehia ezin estuagoa izan ostean, helmugako argazkiak argitu behar izan duena.
Apenas egon da milimetro gutxi batzuetako aldea bien artean, eta hori doitasunezko makina batek bakarrik antzeman dezake, baina nahikoa garaipena Kwiatkowskiren alde jartzeko, Maastricht eta Valkenburg artean (254 kilometro) jokatu den Amstel Gold Race lasterketaren 56. edizioan.
Oraingoan ihesaldi erabakigarriko bi indartsuenen arteko esprintean erabaki da klasikoa. "Kwiatok" helmugatik 21 kilometrora jo du aurrera. Bakarrik alde egin du, baina gerora Cosnefroy batu zaio, eta elkar hartuta iritsi dira helmugara, atzekoen jazarpen lana ezerezean utzita.
Hala, bi iheslarien arteko azken esprintean, frantziarra izan da erasoa jotzen lehena. Aitzitik, poloniarra erantzuteko gai izan da eta bata besteari itsatsita igaro dute helmugako marra. Cosnefroyri garaipena berea zela jakinarazi diote, baina berehala ezabatu zaio irribarrea aurpegitik.
Kwiatkowskik (Chelmza, 31 urte) ez zituen besoak altxatzen 2020ko Frantziako Tourretik.
Cosnefroyren eta Kwiatkowskiren arteko esprinta.
Segundo gutxira, Tesj Benoot belgikarra heldu da hirugarren tokian, eta faborito nagusia zena, Mathieu Van der Poel herbeheretarra, laugarren izan da. Alpacinekoa atzetik zihoan taldetik alde egiten saiatu da birritan (1.500 metrora eta helmugara begi bistan zutela), baina ez diote baimenik eman, eta oraingoan ez du bere indar fisikoa inposatzeko ahalmenik izan.
Bere aldetik, Alex Aranburuk (Movistar) 19. postuan bukatu du 1:50era, eta Iñigo Elosegik (Movistar) 61.ean, irabazlearengandik 7:25era.
LASTERKETAKO SAILKAPENA:
1 - KWIATKOWSKI Michal (INEOS Grenadiers) 6:01:19
2 - COSNEFROY Benoît (AG2R) d.b.
3 - BENOOT Tiesj (Jumbo) +0:10
4 - VAN DER POEL Mathieu (Alpecin-Fenix) 0:20
5 - KAMP Alexander (Trek) d.b.
6 - ASGREEN Kasper (Quick-Step) d.b.
7 - MATTHEWS Michael (BikeExchange) d.b.
8 - KÜNG Stefan (Groupama) d.b.
9 - HIRSCHI Marc (UAE) d.b.
10 - TEUNS Dylan (Bahrain) d.b.
--------------
19 - ARANBURU Alex (Movistar) +1:50
61 - ELOSEGI Iñigo (Movistar) +7:25
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa