20:14

Txirrindularitza

World Tourra

Eroriko larria gertatu da Poloniako Tourreko lehen etapan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Fabio Jakobsenek hesien aurka jo du Dylan Groenewegen herrikidearekin garaipenaren lehian zebilela. Groenewegenek gurutzatu du helmuga lehen postuan, baina deskalifikatu egin dute gerora.

  • Erorketa larria 2020ko Poloniako Tourreko lehen etapako azken esprintean

    Erorketa larria 2020ko Poloniako Tourreko lehen etapako azken esprintean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Chorzów eta Katowice artean (195 kilometro) lehiatu den Poloniako Itzuliko lehen etapa eroriko larri batekin amaitu da asteazken honetan, txirrindulariak azken esprintean bete-betean murgilduta zeudela.

Dylan Groenewegen (Jumbo-Visma) eta Fabio Jakobsen (Deceuninck-Quick-Step) garaipenaren bila zebiltzan nor baino nor gehiago esprintaren eskuin aldetik. Alabaina, une batean, lehenengoak eskuinerantz egin du eta Jakobseni bidea oztopatu dio. Deceuninceko txirrindulariak hesien aurka egin du talka, eta aurretik eraman du helmugan kokatuta zegoen argazkilari bat ere.

Groenewegenek ere erorikoa jasan du jarraian, baina bera sartu da helmugan lehendabiziko tokian izan da. Hala ere, geroago, epaileek lasterketatik bota dute, istripua hark eragin duela iritzita. Hartara, Jakobsen izan da etaparen garailea.

Jakobsen, koma induzituan

TVP Sport Poloniako telebista kate publikoak jakitera eman duenez, "hainbat medikuk" larrialdiko arreta eman behar izan diote Jakobseni helmugan bertan, eta "intubatuta eta koma induzituan" eraman dute ospitalera.

Gertatutakoaren aurrean, UCIk (Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna) oharra argitaratu eta "gogor gaitzetsi" du Groenewegen portaera, "onartezina" izan dela iritzi baitio. Horrez gain, Jakobsen eta gainerako zaurituei babesa eskaini die.

Jumbo-Vismak ere beste ohar bat plazaratu du barkamena eskatuz: "Gure pentsamenduak Fabio Jakobsenekin eta Poloniako Itzulian izandako istripu izugarrian nahasita dauden gainerako beste pertsonekin daude. Hauek bezalako istripuak ez lirateke gertatu behar. Barkamena eskatzen dugu eta gertatu dena eztabaidatuko dugu beste edozein adierazpen egin baino lehen".

Bost etapa dituen World Tourreko lasterketak izen handiak ditu parte-hartzaileen artean: Remco Evenepoel (Deceuninck-QuickStep), Burgosko Itzulian erakustaldia eman duena; Wout Poels (Bahrain McLaren), Simon Yates (Mitchelton-Scott), Jakob Fuglsang (Astana) eta Richard Carapaz (Team Ineos), Giroko egungo txapelduna.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena