Txirrindularitza
245 kilometro
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nibali izan da bigarrena helmugaratzen, eta Dylan Teunsek osatu du podiuma. Ion Izagirre seigarren iritsi da, eta Mikel Nieve, berriz, 15. postuan geratu da.
Bideoak (1)
Thibaut Pinot frantsesa (Groupama) estreinakoz gailendu da Lombardiako Giroan, Bergamo eta Como arteko 245 kilometroko ibilbidean. Horrela, Pinotek jarraipena eman dio garaipenez betetako bolada bati, asteazkenean Milan-Turin bereganatu ostean.
Pinot bigarren izan zen Tre Valli Varesine (Hiru Haran Varesear) lasterketan, eta larunbat honetan, Lombardian, 32 segundoko abantailarekin iritsi da Bahrain taldeko Vicenzo Nibali italiarraren aurretik, eta 43 segundora helmugaratu da Dylan Teuns (BMC) belgikarra, hirugarren.
Meliseyko txirrindularia hirugarren izan zen 2015ean Lombardiako Giroan, Civiglioko igoeran eraso erabakigarria eginez eta Nibaliren aukerak ezerezean utziz.
Alejandro Valverdek (Movistar) munduko txapelduna (hirugarren geratu zen Milan-Turin lasterketan) ez da protagonista izan larunbat honetako lasterketan, helmugatik 15 kilometrora taldeak ihes egin baitio.
Civiglio muinean, Valverdek taldearen atzetik geratu da eta erritmoa jaitsi du, gailentzeko aukerarik ez zuela ikusita. 2013an eta 2014an bigarren helmugaratu zen bertan.
Azken txanpan, txirrindulari frantsesak alde zuen dena Lombardiako Giroa irabazteko. Bezperan, "klasikorik politena" dela adierazi zuen, eta hortaz, garaipena oso pozik ospatu du, besoak altxatuz. 5 ordu, 53 minutu eta 22 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko.
Horren atzetik, Nibali iritsi da. Azken hiru kilometroetan, estu eta larri ibili da, baina, azkenik, Teunsen aurretik sartzea lortu du.
Ion Izagirre, bestalde, seigarren iritsi da, eta Mikel Nieve, aldiz, 15. postuan helmugaratu da.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa