Txirrindularitza
13ra arte
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Tirreno-Adriatikoko 53. ekitaldiak Michele Scarponi zena omenduko; izan ere, etapetako bat bere jaioterrian (Filottrano) amaituko da, martxoaren 11n, igandean.
Mikel Landa (ezkerrean) Chris Froomekin batera Andaluziako Itzulian Argazkia: EFE
Mikel Landa arabarra izango da Movistar txirrindulari taldeko taldeburua gaur hasiko den Tirreno-Adriatiko lasterketan. Zazpi etaparen ostean hilaren 13an amaituko den itzuliak bi erlojupeko ditu, horien artean dago 21,5 kilometro dituen hasierako etapa.
"Bi itsasoen lasterketa" esaten dioten World Tour barruan dagoen lehiaketa horretan tropeleko txirrindulari nagusienetakoek hartuko dute parte. Hala, bertan izango da, besteak beste, Chris Froome, zeinarekin Landa dagoeneko lehiatu den aurtengo denboraldian. Andaluziako Itzulian izan zen hori, eta Landak bigarren amaitu zuen bertan.
Movistarrek talde indartsua aurkeztuko du, Landa buru duela, 20 kilometro baino gehiagoko taldekako erlojupekoari aurre egin ahal izateko.
Aipatu etapan Landak zeregin horretan adituak diren txirrindulariak izango ditu bidelagun: Nelson Oliveira portugaldarra (2017ko Erlojupeko Mundu Txapelketan laugarren izandakoa) da horien artean nabarmenena. Harekin batera jardungo dute Andrey Amador, Daniele Bennati eta Jassa Sutterlinek ere. Jaime Roson eta Jorge Arcas, berriz, mendirako lanetan ibiliko dira.
Tirreno-Adriatikoko 53. ekitaldiak Michele Scarponi zena omenduko; izan ere, etapetako bat bere jaioterrian (Filottrano) amaituko da, martxoaren 11n, igandean.
Lasterketak ohikoa duen ibilbidea izango du: bi erlojupeko, esprinterrentzako amaierak, iraupen luzeko etapak eta igotzaile eta klasikoak lehiatzen dituztenentzako amaiera zailak.
Erlojupeko biak 2017ko berak dira: hasierako taldekakoa Lido di Camaiore herrian (21,5 kilometro erabat lau) eta azken etapakoa San Benedetto del Tronton (10 kilometrokoa eta laua hura ere).
Esprinterrentzako aukerak ostegunean (Follonica) eta astelehenean (Fano) iritsiko dira, 167 eta 153 kilometro igaro ostean, hurrenez hurren.
Jardunaldi erabakigarrien arteko lehena hilaren 9an (ostirala) helduko da. 239 kilometro igaro ostean, Santo Tommasoko horma igo beharko dute (% 20ko maldak ditu eta azken kilometroak %11,5ekoa). Bigarrena, bosgarren etapan iritsiko da, Filottranon: hiru aldiz igaroko dira bertatik (% 11,8ko malda duen 800 metroko aldapa). Etapa erregina, berriz, larunbatekoa izango da (hilaren 10ean), % 7 baino gehiagoko 11 kilometroko aldaparekin.
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa