Itzuli Women 2022 zuzen-zuzenean, maiatzaren 13tik 15era bitartean jokatuko diren 3 etapen ibilbidea
#-itzulia_women-#
3. ekitaldia
EITB MEDIA
Lasterketako hirugarren ekitaldia maiatzaren 10etik 12ra bitartean jokatuko dute. Hiru egun horietan, bederatzi mendate puntuagarri igoko dituzte, tartean, azken etapan, 1. mailako Jaizkibel. 2024ko Itzulia Women asteartean aurkeztu dute.
Gasteiz-Elgoibar, Basauri-Basauri eta Donostia-Donostia izango dira asteartean aurkeztu duten 2024ko Itzulia Womeneko hiru etapak. Lasterketako hirugarren ekitaldia maiatzaren 10etik 12ra bitartean jokatuko dute, eta, hiru egun horietan, bederatzi mendate puntuagarri igoko dituzte, tartean, azken etapan, 1. mailako Jaizkibel.
Demi Vollering herbeheretarrak irabazi zuen Itzulia 2022an, eta Marlen Reusser suitzarrak 2023an; biak ala biak SD Worx taldean dabiltza. Hala, Euskal Herri lasterketa prest da zehazteko ea beste txirrindulari batek gehitzen duen bere burua irabazleen palmaresera, ala, ordea, ea Volleringek edo Reusserrek bigarren garaipena eskuratzen duten.
1. etapa: Gasteiz-Elgoibar (140 kilometro)
Itzulia Womeneko antolatzaileek goizean zehaztu dutenez, Gasteiz izango da abiapuntua probarako, maiatzaren 10ean, ostiralez. Arabako hiriburutik irtengo da lehenengo etapa, 9:48an; ordu horretan benetako irteera izango da, eta 9:31n, hamazazpi minutu lehenago, Mendizabalan, irteera neutralizatua (5,9 kilometro egingo dituzte txirrindulariek neutralizatutako zati horretan). Itzuliaren aurreneko jardunaldiak 140 kilometro izango ditu, eta Elgoibarren amaituko da, 13:18tik 13:42ra bitartean.
Legution barrena 25,7. kilometroan izanda, lasterketa Olaetara iritsiko da. 3. mailakoa da mendate hori, aurtengo Itzuliaren lehena, eta pankarta 37,7. kilometroan du. Itzuliaren lehenengo igoera puntuagarriren ostean, parte-hartzaileak Gipuzkoan sartuko dira, eta Bergaran, Soraluzen eta Elgoibarren izango da Itzulia jarraian; Elgoibarren bertan jokatuko dute, 81,8. kilometroan, ekitaldi honetako lehenengo esprint berezia.
Handik oso gutxira, 2. mailako Azkarate mendatea igoko dute. 88,5. kilometroan harrapatuko dute gaina, eta, gerora, proba Azpeitira helduko da. 120,8. kilometroan da Itziar; 3. mailako mendate hori Itzuliaren lehenengo etapako azkena izango da, eta hura gaindituta hogei kilometro izango dira helmugarako. Hori bai, etapa bukatu baino lehen, eguneko bigarren esprint berezia jokatuko dute, Deban. Hori eginda, hamalau kilometroren buruan, jakingo dugu, Elgoibarren, nor den aurtengo ekitaldiko lehenengo garailea; horrek, gainera, maillot horia jantziko du.
1. etapako profila: Gasteiz-Elgoibar (140 kilometro)
2. etapa: Basauri-Basauri (104 kilometro)
Maiatzaren 11n, larunbatez, Basaurin hasiko da bigarren etapa, bai eta amaitu ere; Itzuliak Bizkaian emango du egun osoa. Irteera 10:45ean egingo dute, eta jardunaldiak 104 kilometroko ibilbidea izango du; irabazleak 13:21etik 13:39ra bitartean altxatuko ditu besoak, helmugako pankartapean.
Segituan, etapako 17,4. kilometroan, 3. mailako Sarasola Gaina izango da; handik hamabi kilometrora, lasterketa Lemoan izango da. Aretxabalgane Gaina ere bada 3. mailakoa, eta hori 44,8. kilometroan dago. Bigarren etapa honetan, ziklistek hiru mendate puntuagarri igo beharko dituzte, eta hori bigarrena da.
Gamiz-Fikako zaleek izango dute aukera, jarraian, Itzuliaz gozatzeko, eta gerora Urruztigaina dator. 2. mailako mendatea da, eta 64,5. kilometroan dago, helmugarako 40ra. Azken zatian, eguneko bi esprint bereziak daude: Galdakaokoa, 81,7. kilometroan, eta Basaurikoa, 90,5.ean. Basaurin bertan amaituko da 2024ko Itzulia Womeneko bigarren etapa.
2. etapako profila: Basauri-Basauri (104 kilometro)
3. etapa: Donostia-Donostia (114,9 kilometro)
Maiatzaren 12an amaituko da itzulia, igandez, eta hirugarren eta azken etapa Donostian hasiko eta amaituko da. Jardunaldiak 114,9 kilometroko ibilbidea izango du, eta une oro Gipuzkoan ibiliko da. Aurreikuspena da egun gogorra izatea, ikusgarria. 10:07an hasiko da, Alderdi Ederren, neutralizatutako irteeran; 10:18an egingo dute benetako irteera. Etapako eta 2024ko Itzulia Womeneko amaiera 13:20tik 13:40ra bitartean izango da.
Hernani, Oiartzun eta Errenteria atzean utzita, txirrindulariek 1. mailako aurtengo mendate bakarra igotzeari ekingo diote: Jaizkibel da hori, eta 42,6. kilometroan du gaina. Jarraian, Irunen izango da proba, eta 3. mailako Gurutze igo beharko dute, 61,1. kilometroan.
Etapako lehenengo esprint berezia Donostian egingo dute, 75,5. kilometroan; Mendizorrotz dator gero, 86,4.ean. Azken hori aurtengo azken mendatea da, Mendiko sailkapenari dagokionez; 2. mailakoa da.
103. kilometroan, Usurbilen, eguneko eta lasterketako azken esprint berezia jokatuko dute. Itzulia 11 kilometroren buruan amaituko da, eta orduan jakingo dugu zein txirrindularik jantziko duen aurtengo probako azken maillot horia.
3. etapako profila: Donostia-Donostia (114,9 kilometro)
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa