Italiako Giroa 2022 zuzenean: Giroko etapak eta ibilbidea - EITB Italiako Giroa

Italiako Giroa

17:37

Italiako Giroa

10. etapa

Magnus Cort Nielsen gailendu da Viareggion, eta hiru handietan etaparen bat irabazi dutenen klubean sartu da

EITB MEDIA

EF Education-EasyPost taldeko txirrindulari danimarkarrak Derek Gee eta Alessandro De Marchi menderatu ditu esprintean; kilometro asko eman dituzte ihes eginda hirurek. Geraint Thomasek sailkapen nagusiko lider jarraitzen du, eta Aleksandr Vlasovek lasterketa utzi behar izan du.

  • Magnus Cort Nielsen, pozarren etapa irabazita. Argazkia: EITB Media.

    Magnus Cort Nielsen, pozarren etapa irabazita. Argazkia: EITB Media.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EF Education-EasyPost taldeko Magnus Cort Nielsen txirrindulari danimarkarrak 2023ko Italiako Giroaren hamargarren etapa irabazi du asteartean, Viareggion, eta, horrenbestez, nazioarteko egutegiko hiru lasterketa handietan gutxienez etapa bat irabazi duten ziklisten taldetxoan sartzea lortu du; izan ere, Frantziako Tourrean bi garaipen ditu, Espainiako Vueltan sei, eta Giroan, orain, bat. Cort Nielsenek Derek Gee Israel taldeko kanadiarrarekin eta Alessandro De Marchi Jaycoko italiarrarekin egin du esprinta, helmugan; izan ere, hiru txirrindulari horiek kilometro asko eman dituzte ihes eginda. Ineos taldeko Geraint Thomas galestarrak sailkapen nagusiko lider jarraitzen du; etapan, besteak beste, Aleksandr Vlasov Bora taldeko errusiarrak utzi du Giroa. Vlasov zazpigarren zegoen, sailkapen nagusian.

Igande gauean, Remco Evenepoelek, bederatzigarren etapako erlojupekoa irabazita eta maglia arrosa soinean zuela, adierazi zuen positibo emana zuela covid-19an eta Italiako Giroa utzi behar zuela; astelehenean, nola gainera atseden eguna izan zen, zer esan handia eman zuen belgikarraren erabakiak. Lurrikara horren osteko etapa, asteartekoa, meteorologia baldintza oso kaskarretan jokatu dute; izan ere, hotza eta euria izan dituzte lagun txirrindulariek ia egun osoan, eta zenbait eroriko izan dira. Hamar bat parte-hartzailek utzi behar izan dute lasterketa, hainbat arrazoi tarteko; Jay Vine UAEko australiarra helmugaratu egin da, baina, eroriko bat izanda, atzean geratu da, eta hamar minutu baino gehiago galdu ditu, azkenean, Giroaren gizon indartsuenekiko. Vinek sailkapen nagusirako aukerarik ez du, beraz. 

Gogortasun handiko eguna izan bada ere, zenbait txirrindularik, ahalegin bikaina eginez, ia hasieratik lortu dute tropela atzean uztea. Gee eta De Marchi, hurrenez hurren etapako sailkapenean bigarrena eta hirugarrena, lehen kilometroetatik ibili dira ihesaldian, beste ziklista batzuekin; Cort Nielsen pixka bat aurrerago jarri da haien parean, eta, aurretik oraindik 130 kilometro geratzen zirela, etapako hiru protagonista nagusiak lasterketa buruan zeuden. Davide Bais, Gran Sassoko etaparen garailea bera, haiekin zegoen, baina italiarra berehala geratu da atzean.

Bahrain taldearen trebetasuna baliatuta, Damiano Caruso italiarra bigarren talde batean sartu da, eta horrek alarma piztu du tropelean; izan ere, Caruso sailkapen nagusiko seigarren postuan dabil une honetan. Handik gutxira harrapatu dute Caruso, eta, hala, etaparen emozioa izan da ea iheslariek lortuko zuten esprinterren taldea baino lehenago helmugaratzea.

Cort Nielsenek, Geek eta De Marchik gaitasuna izan dute aldeari eusteko, eta haien artean lehiatu dira garaipena eskuratzeko. Danimarkarra nagusitu da, Italiako Giroan lehen aldiz; palmares handia du EF Education taldeko ziklistak, hainbat garaipen nabarmen dituela.

Asteazkenean, Giroaren 11. etapa jokatuko dute. Camaioren hasiko da, eta Tortonan bukatu, eta aurtengo luzeena da, 219 kilometro dituela. Ikusi beharko da zer eguraldi duten txirrindulariek, eta ziurtzat jo dezakegu egun gogorra izango dela, kontuan izanik ibilbideak nolako luzera duen.

10. ETAPA

Etapako sailkapena

1 - CORT Magnus (EF) 4:51:15

2 - GEE Derek (Israel) d. b.

3 - DE MARCHI Alessandro (Jayco) + 0:02

4 - PEDERSEN Mads (Trek) + 0:51

5 - ACKERMANN Pascal (UAE) d. b.

6 - OLDANI Stefano (Alpecin) d. b.

7 - MILAN Jonathan (Bahrain) d. b.

8 - CAVENDISH Mark (Astana) d. b.

9 - MAESTRI Mirco (EOLO) d. b.

10 - FIORELLI Filippo (Green Project) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - THOMAS Geraint (INEOS) 39:26:33

2 - ROGLIC Primož (Jumbo) + 0:02

3 - GEOGHEGAN HART Tao (INEOS) + 0:05

4 - ALMEIDA João (UAE) + 0:22

5 - LEKNESSUND Andreas (DSM) + 0:35

6 - CARUSO Damiano (Bahrain) + 1:28

7 - KÄMNA Lennard (BORA) + 1:52

8 - SIVAKOV Pavel (INEOS) + 2:15

9 - DUNBAR Eddie (Jayco) + 2:32

10 - ARENSMAN Thymen (INEOS) d. b.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena