Italiako Giroa 2022 zuzenean: Giroko etapak eta ibilbidea - EITB Italiako Giroa
Italiako Giroa
16. etapa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mikel Landa, bere aldetik, faboritoen taldetxoan heldu da Roglici denbora sartuta, eta laugarren postura igo da.
Giulio Ciccone italiarra (Trek - Segafredo) nagusitu da Italiako Giroko hamaseigarren etapan, Jan Hirt (Astana) iheskidea azken esprintean mendean hartu eta gero.
Txirrindulariek Lovere eta Ponte di Legno arteko ibilbide menditsuari egin behar izan diote aurre (196 kilometro) astearte honetan, eta bertan Richard Carapaz (Movistar) ekuadortarra indartsu agertu da lidertza sendotzeko zereginean, 1:23ko aldea atera baitio helmugan Mortirolon ahulezia erakutsi duen Primoz Roglic (Jumbo - Visma) esloveniarrari.
Bere aldetik, Mikel Landa (Movistar) arabarrak ere etekin handia lortu du etapatik. Izan ere, Murgiako txirrindularia Carapaz taldekidearekin eta Nibalirekin batera helmugaratu da, irabazlearengandik 1:41era, eta sailkapeneko laugarren postura egin du salto Rafal Majkaren (Bora) lekua hartuta.
Oraindik ere Giroa dagoen arren, sailkapen nagusia argitzen ari da. Carapazek irmo darraio, Nibali bigarren dago (1:47ra) eta Roglic hirugarren tokira jaitsi da (2:09ra). Landak gora egiten segitzen du, Mortiroloko igoeran morrontza- eta kontrol-lanak primeran egin ostean. Arabarra laugarren tokian dago une honetan, liderrarengandik 3:15era.
Giroko etapa nagusian, parte-hartzaileek ez dute Gavia igotzerik izan, bertan zegoen elur kopuruaren ondorioz elur-jausiak izateko arriskua baitzegoen. Alabaina, Mortiroloko igoera ibilbidean egonda, ikuskizuna bermatuta zegoen.
Taldeek oso goiz ekin diote estrategien jokoari 21 txirrindulariz osatutako ihesaldiarekin, faborito guztiek baitzuten ordezkariren bat sartuta bertan: besteak beste, Pello Bilbao (Astana), Mikel Nieve (Mitchelton-Scott) eta Andrey Amador (Movistar) costarricarra hantxe zeuden.
Ihesaldiaren barruan zeuden ere azkenean helmugara ihes eginda iristeko gai izan diren Ciccone mendiko liderra eta Hirt eslovakiarra. Atzean, Movistar aritu da tropeletik tiraka, ihesaldia urrutiegi joan ez zedin.
Behin Mortiroloko maldetan, Nibali izan da erasokor azaldu den lehena. Hasiera batean, siziliarraren saiakerak aurkari guztiak utzi ditu atzean, baina pazientziarekin eta urduri jarri gabe Movistarreko Antonio Pedrero, Landa eta Carapazek zuloa ixtea lortu dute, "Superman" Lopezekin batera. Haatik, Roglic eta Yates ez dira hain ahaltsu ibili, eta denbora galtzen hasi dira.
Etaparen lehian zebiltzanak, aldiz, Ciccone buru zutela igaro dira Mortirolo gainetik, faboritoei 3:49ko aldea aterata. Haien ostean pasatu dira Roglic eta Yates 1:30era.
Zorua bustita egotearen poderioz oso arriskutsua izan den jaitsieraren ostean, Nibalik eta Carusok (Barhain) Carapaz eta Landarekin batera jardun dute elkarlanean, Jumboko esloveniarra sailkapen nagusian ahalik eta gehien aldentzeko xedearekin.
Bitartean, Ponte di Legnoko helmugan Cicconek aise azpiratu du Hirt. Haien atzetik taldetxo bat sartu da, 1:41era, Carapaz, Landa eta Nibalirekin. Roglic eta Yates irabazlearengandik 3:03ra heldu dira, eta, ondorioz, 1:23 galdu dute faboritoekiko.
Asteazken honetan mendi gehiago izango dituzte zain txirrindulariek. Commezadura eta Anterselva batuko dituen etapak 181 kilometro izango ditu, eta hirugarren mailako mendate batean amaituko da (4,5 kilometro eta % 8,5eko batez besteko pendiza).
Hurrengo zuzenekoak
28 | 11:00 - 14:00 | PILOTA | Afizionatuen Diario Vasco Txapelketa |
28 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta |
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa