Euskal Herriko Itzulia 2022: ibilbidea, etapak eta taldeak, zuzenean - EITB Euskal Herriko Itzulia
Euskal Herriko Itzulia
Txirrindularitza
EITB Media
Hondarribian hasi eta Arraten amaituko den lasterketa zuzenean izango da ikusgai, arratsaldero, 15:00etan ETB1en eta eitb.eus-en. Radio Euskadin eta Euskadi Irratian ere jarraitu ahal izango dira etapa guztiak zuzenean.
Unai Osa, Fermin Aramendi, Alfontso Arroio eta Haimar Zubeldia.
Informazio gehiago (1)
Astelehenan, apirilaren 4an, hasi eta hilaren 9an bukatuko da Itzulia Basque Country 2022 txirrindularitza lasterketa, eta etapa guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira ETB1en, eitb.eus-en, Radio Euskadin eta Euskadi Irratian.
Arratsaldero, lasterketaren kontakizuna egingo dute, 15:00etan hasita, Fermin Aramendik, Haimar Zubeldiak eta Unai Osak, eta errepidean gertatzen denaren berri emango du Alfontso Arroiok mototik. ETB1en eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango da emanaldia eta ondoren, helmugako set berezian aztertuko dituzte eguneko lasterketaren nondik norakoak.
Radio Euskadin eta Euskadi Irratian ere emango dute lasterketaren berri. Hala, Euskadi Irratian, Joxe Mari Apaolaza, Mikel Astarloza eta Eugenio Goikoetxeak Miramongo estudiotik egingo dute kontakizuna eta Arritxu Iribarrek errepidean gertatzen dena azalduko du mototik, Edu Arana gidari duela. Radio Euskadin, berriz, Alberto Negro, Agurtzane Elorriaga eta Abraham Olano arituko dira hizlari lanetan estudioko mikrofonoen aurrean eta Jagoba Arostegik motorrean. Diego Arambalzak eta Dani Egañak osatuko dute lantaldea.
eitb.eus-ek, streaming bidezko emankizuna eskaintzeaz gain, Itzuliaren inguruko atari berezia izango du, lasterketaren inguruko informazio zabalarekin. Gainera, telebistako eta irratiko eduki guztiak erabiltzailearen eskura jarriko dira. Bestalde, eitb.eus-eko erabiltzaileek Itzuliaren eguneroko lehiaketan parte hartu dezakete galdera bati erantzunez. Egunero, maillot eta culotte bat zozketatuko dira eta irabazleen izenak hurrengo eguneko telebista saioan iragarriko dira.
Itzulia Basque Country 2022
Astelehenean, Hondarribian abiatu da Itzulia, eta hilaren 9an, berriz, Arraten bukatu, 882,2 kilometroko ibilbidea bete ostean. Hasteko, 7,5 kilometroko erlojupekoa izango dute Hondarribiko lehen etapan. Nafarroako lurretan zehar jokatuko den bigarren etapa, ordea, luzeena izango da, Leitza eta Viana arteko 207,9 kilometroko ibilbidearekin.
Hirugarren jardunaldian, Laudio eta Amurrio arteko 181,7 kilometroko zirkuitu gorabeheratsuari aurre egin beharko diote txirrindulariek eta laugarren etapa Gasteiz eta Zamudio lotuko ditu (185 km). Ibilbide "oso desatsegina" izango du, eta azken igoera gogor bat, faboritoek aldeak egiteko balia dezaketena.
Bosgarren jardunaldia Zamudiotik abiatuko da eta Mallabian izango du helmuga (163,8 km), azken kilometroan % 16ko arrapala izango duen amaiera ikusgarriarekin. Eibarren jokatuko den azken etapa nagusian, Usartza mendateko igoera gogoangarriarekin amaituko da, 135,7 kilometroko ibilbidearen ondoren.
Halaber, luxuzko partaidetza izango du aurten lasterketak, tartean, Primoz Roglic iazko edizioko irabazlea. Esloveniarrak hirugarrenez irabazi nahi du Itzulia.
UCI WorldTour mailako 18 taldeez gain, Kontinental mailako Euskaltel-Euskadi, Caja Rural-Seguros RGA eta Kern Pharma etxeko taldeak arituko dira lehian, eta Burgos-BH eta TotalEnergies gonbidatu dituzte.
Emakumeen Itzulia ere zuzenean
Emakumezkoen mailako Itzuliaren lehen edizioa egingo da maiatzaren 13tik 15era. Lasterketa zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek. Txirrindularitza munduko proba garrantzitsuenak ate-joka daudenean, EITB Mediak indartsu emango ditu denboraldi honetako lehen pedal kolpeak bere hedabideen bidez.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa